argia.eus
INPRIMATU
Aske izan nahi duten gorputzak
  • Gure gorputza, gure erabakia egin dute oihu milaka lagunek Golem Zinemetatik abiatutako manifestazioan. Eta ez, ez da frankismo garaiko protesta baten kronika, gaur arratsaldean Iruñean egindako mobilizazio masiboarena baizik.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2014ko apirilaren 05a
Abortatzeko eskubidearen aldeko performancea egin dute erizainek jantzita. (Arg: Dani Blanco)

Adin guztietako pertsonak batu dira Donibane eta hiriko zentroa elkartzen dituzten kaleetan. Amalgama feminista polikromatikoak hartu du Baiona etorbidea. Izan ere, deialdian feminismoak batu dira horrela, pluralean, nor bere ertzetik abiatu eta bateragune den gorputzaren askatasunaren aldeko borroka zaharra berriz azalerazteko.

Ordua heldu da: 17:30ean. Eta gain egin dute norbanakoek. Gain egin du kolektibotasunak. Libre eta desiratutako amatasuna eta Ospitale publikoan abortatu nahi dugu aldarriak bota dituzte koloretako peluken jabeek.

Bollerak edo ama solterak

Abortatzeko eskubidearen aldeko protesta izanen zela irakurri ahal izan dugu hedabideetan. Eta hori ere izan da, baina ez hori bakarrik. Gallardonen lege egitasmo atzerakoia haserre kolektiboaren jo puntuan egon arren, gorputzak territorio libreak direla aldarrikatzeko gunea izan da.

Lesbianak ama izateko eskubidea dutela aldarrikatzeko tokia, amatasuna bera jendartearen ongizaterako derrigorrezko zerbitzu bezala ezbaian jartzeko unea… Finean, erabakitzeko eskubidearen aldeko zita.

Sarasate Pasealekura19:00ak aldera iritsi da jendetza. Batzuek Opus Deiren hiri nahi duten honetan, sexu eta ugalketa autonomiaren aldeko garrasiek hartu dute kalea. Oholtzatik abortua kode penaletik kentzeko exijitzeko oharra irakurri dute antolatzaileek, 100 eragile sozial eta sindikal baino gehiagok babestutako manifestazioa izan dela gogorarazi ostean.

Irakurketa eta gero, hasi da egun da santi mamiña eta musika txunteroa batzen dituen abestia bozgorailuetatik ingurua hartzen. Flash mob-a egin dute bertaratutakoek. Pauso arritmikoz edo erritmikoz gorputz ez-normatiboek alai eman diote amaiera protestari.

Pertsona askeez osatutako herri librea eraikitzeko beste pauso bat izan da, askoren aburuz.

Orain, herririk herriko dinamiketan dirau borrokak, antolatzaileek iragarri dutenez. Ekinaldi txikien bidez. Hurrengo deialdia Gasteizko campuseko feministek jakinarazi dute: asteartean hasita, abortatzeko eskubidearen aldeko itxialdiari ekinen diote, ostegunera arte.