Urriaren 24an jokatu da lehen finalaurrekoa Larraun-Lekunberrin (Nafarroa), zazpi saioetako lehena. Amets Arzallusek 746,5 puntu eskuratu ditu, atzetik gelditu da Beñat Gaztelumendi, 733 puntu bilduta, eta hirugarren egin du Saioa Alkaizak: 689,5 puntu. Ondorengo hurrenkera hauxe izan da: Xabat Illarregik (674,5 puntu), Xabat Galletebeitia (664 puntu) eta Gorka Pagonabarraga (624 puntu). Gaiak ematen Aizpea Garmendia aritu da. Astelehenean, ARGIAn, BTLN Betelana bideopodcastean aztertuko dute Larraun-Lekunberriko saioa. 20:00etan eskegiko da.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Nabarmen koska bat gorago eta puntu sorta esanguratsua bilduta, Amets Arzallusek eta Beñat Gaztelumendik saio benetan ederra osatu dute finalaurrekoen lehen faseko aurreneko hitzorduan. Larraun-Lekunberrin (Nafarroa) jokatu da, Plazaola kiroldegian, kurioski EHBT Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren irudiaren kolore paleta bertsua duen rokodromoa aldamenean zutela. Arzallus gailendu da 746,5 puntu bilduta, eta 733 puntu eskuratu ditu Gaztelumendik. Bientzat lehen plaza izan da txapelketan, aurreko edizioko finalistak finalaurrekoetan batzen baitzaizkie gainontzeko bertsolariei. Bada, biek ere doinu berri bana ekarri dute gaia emanda kantaturiko bakarkakoan. Gaztelumendirena esan daiteke berri-berria ere ez zela, aurreko asteburuan erabili baitzuen Donostiako Bilintx sarian.
Denda bateko langilearen paperean jartzeko eskatu diote Arzallusi. Bularreko minbiziaren aurkako eguna heltzear zenean, erakusleihoa kolore arrosez ipintzeko agindu zion denda jabeak, eta eguna iragatean atzera ere kentzeko. Gaurkoa da horretan ari den eguna. Hauxe izan da ariketa biribiltzeko bertsoa, hirugarrena: “Dena biltzen ari naiz / ni haren peskizan / oihalak armairuan / betiko gerizan / ta kontzientziak dio / Amets zer zabiltzan / menpeko izateak / nola zarabiltzan / bitrina jantziko dut / hark nahi duen gisan / baina errukia utzi / dezala elizan / bitrina jantziko dut / hark nahi duen gisan (bis) / baina amu komertzial bat / ez dadila izan”.
Gaztelumendiri, berriz, egokitu zaio guraso izan berri den musikariaren rolean ipintzea. Proposatzen dizkioten kontzertu askori ezezkoa ematen ari zaio, zaintzagatik, eta Gaztelumendik, airoso, honela planteatu du gaia: “Mikro aurrean askatu / ohi dut amorrazioa / ta jateko behar dugu / gure diru razioa / birak asko maite ditut / ta maite dut akzioa / baina uztartzen zail dira / bizitza ta pasioa / haur bat izan da guztia / aldatu didan zioa / bera zaintzera zuzendu / dut nire edukazioa / nahiz guraso izateak / daukan bedeinkazioa / gezur handi bat besterik / ez da kontziliazioa”.
Bertigoari, aurre
Benetan ere entzuteko saio ederra izan da lehen finalaurrekoa. Ausardiaz aurkeztu dira bertsolariak hasierako agurretan. Fasez goratzearen bertigoari beldurrez batzuk, “hauxe da nire garaia” aldarrikatuta ekin dio saioari Xabat Galletebetiak adibidez, eta erantzunak emateko eta galderak egiteko grinez dela esan du Saioa Alkaizak, esaterako. Denak ere txapelketaren erronkari eusteko pronto agertu dira, indarrez, mezu politiko ugari emanda: etxegabetzeak aipatu dira gehienbat, azaroaren 11rako Hego Euskal Herrian deitutako grebari kasu egin diete baita ere, eta transfobia, faxismoa, suprefetaren neurri euskarafoboak eta beste aipatu dituzte. Izan dute loturarik bertsotarako jarritako gaiek.
Zortziko handian adibidez, Alkaizari eta Galletebeitiari jarritako gaia migrazioari eta xenofobiari loturikoa izan da. Ceutan (Espainia) kokatu dituzte, gobernuz kanpoko erakunde batean beharrean, boluntario moduan. Laguntza humanitarioa ematen diete berriki muga gurutzatu eta pobrezian kalean bizi direnei. Baina ez dute lan erraza, mehatxuak, sabotajeak eta jipoiak jaso baitituzte. Honela abiatu du Galletebeitiak: “Argi geneuzkan gure helburuak / desioak eta nahiak / konpromisoa eskatzen baitu / gaur bizi dugun garaiak / jarri ditugu gure gorputzak / ohatilak eta mahaiak / guretzat eta hemengoentzat / berdinak dira etsaiak”. Eta Alkaizak erantzun, indarrez eta adorez: “Etsai berberak kaputxa pean / gogoz eskuak igurtzi / magrebtarra da hemen mirabe / ta faxista nagusi / beitu berriro datoz korrika / Xabat etzaiezu utzi / haginak hautsi nahi dizkigute / bada hortzak erakutsi”.
Halaxe, hortzak erakutsita aritu da Alkaiza saio osoan. Bakarkako gairako egokitu zaio kirol klubeko zuzendaritza posturako hautagai den baten larruan ipintzea, urte asko borondatezko lanean aritu ondoren, egungo zuzendariak ardurak utziko dituelako. Txalotua izan da oso Alkaizaren bertso hau: “Don Joxe oraingo lehendakaria / omen da horren gizon ilustre / 'benga Saioa, anima zaitez' / zenbat koipe, zenbat lustre / eta nik 'ez, ez' erantzun diot / ez naiz zu bezala, hantuste / eta karguan baietz egarri / gero mila buru hauste / beti aldarrian naiz ni / horren tinko urtez urte / eta kolpeak bizkar ertzean / dena irri, dena azukre / zinez hartuko nuke kargua / ez zalantza, ez itute / oinarritikan nesken kirola / bultzatu izan balute”.
Ez da egunik onena izan Xabat Illarregirentzat, Nafarroako egungo txapeldunarentzat, poto egin baitu zortziko txikiko lehen bertsoan, Xabat Galletebeitiarekin kantuan. Urduritasunari eutsita, ordea, bakarkako ariketan eroso sumatu zaio etxejabearen paperean; etxejabea, urte mordoren ostean mailegua pagatzea lortu berri duenaren gorputzean jartzeko eskatu baitiote Illarregiri. Honela bota du bigarren bertsoan: “Nahiz eta saldu ohi dizkiguten / bai telebistak, bai prentsak / bete ezin diren ametsak / gaur arte nigan sentitu ditut / hilabeteroko fetxak / angularik ta kabiarrik ez dut / gure armairuko despentsak / horiek gure defentsak / azkenerako teilatupe hau / hartu ahalko dut etxetzat / baina aukera hau izango al da / nere seme-alabentzat?”.
Hamarreko txikia ere ariketa ederra izan da puntuen bilketa biribiltzeko. Unibertsitateko psikologia graduan hasi berri diren bi ikasle izan dira Xabat Galletebeitia eta Gorka Pagonabarraga. Adin tarte aski diferentekoak: Galletebeitiak batxilergoa amaitu berri du, eta beraz, ikasketei segida egitea da berarentzat; eta Pagonabarragak, berriz, soldatapeko lana utzi eta psikologia ikasi nahi duela erabaki du. Galletebeitiak lehenbizi honela bota dio: “Psikologiarako / ateak zabaldu / zu bigarren aukeran / ta ni bala galdu / bionak esanahia / berez izan badu / gazteok osasuna / geuretzat daukagu / ta aldi berean inoiz / ez dela berandu”. Pagonabarragak honelaxe dotore aurkeztu du bere pertsona: “Zu antza bala galdu / ta ni bala galkor / edadetua baina / etorri naiz jator / utzi gura nituzke / konpleju denak hor / psikologiaz dena / dakit jada baikor / dakidanari hitzak / ipintzera nator”.
Hurrengo saioa, datorren larunbatean, Eibarren izango da, urriaren 31n. Hauek dira kantuan ariko diren bertsolariak: Alaia Martin, Asier Azpiroz, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran.