Artxibatu egin dute Azpeitiko gaztetxearen urteurrenean izandako liskarren harira irekitako auzia

  • Desordena publikoak eta autoritatearen kontrako atentatua egozten zizkieten 23 gazteri. Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak eman du erabakiaren berri, ostegun iluntzean eginiko elkarretaratze jendetsu batean.

Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak ostegunean eginiko elkarretaratzea. Azpeitia Errepresioaren Aurka

2026ko irailaren 18an - 12:54
Azken eguneraketa: 14:40
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

"Berri pozgarria da kasua artxibatu izana, baina auzia ez da hor amaitzen", adierazi dute agerraldian Azpeitia Errepresioan Aurka plataformako kideek. Izan ere, haien iritziz kasuak Poliziaren eta Eusko Jaurlaritzaren "helburua bete" zuen: "Momentuan behar zuen kontakizuna sortu zuen, eta horretarako ez zien axola izan 23 pertsona auzipetu eta urtebeteko prozesu batera bidaltzeak".

Hortaz, plataformako kideek salatu dute "azpijokoa" nahiz "muntaia polizial eta mediatikoa" izan dela guztia, "Euskal Herrian Poliziak eragindako beste hainbat istilurekin batera" gertatutakoa. Gogoratu dute Azpeitian gertatutakoa ErNE, ESAN eta Euspel Poliziaren sindikatuek kasua baliatu zutela Polizia "babesgabe" dagoela salatzeko eta baliabidez hornitu dezatela eskatzeko: "Poliziaren eta Eusko Jaurlaritzaren partetik sinetsarazi nahi digute Poliziaren kontrako kanpaina irrazionala dagoela martxan, eta kanpaina horren barruko kriminalizazio gisa ulertzen dugu gertakaria". 

Bestalde, agerraldian azpimarratu dute halako gertakariek "faxismoari bidea" irekitzen diela, "segurtasun faltaz" hitz egitean segurtasun falta hori "elikatzen dutenen eskutik" baitator: "Atzerritar bati tiro egiten dion arrazista da arriskua, Donostian gertatu den bezala; Gasteizen, Bilbon eta hamaika txokotan eraso homofoboak egiten dituztenak dira gure segurtasuna ezbaian jartzen dutenak; etxebizitzekin espekulatu eta kaleratzearen mehatxua izatea da segurtasun falta". 

Liskarrak

Iazko uztailaren 20tik 21erako gauean, goizaldeko 04:00ak aldera, Azpeitiko Gaztetxearen ondoan jazo ziren gertakariak, haren urteurrenaren ospakizunen bueltan. Gazte batek pilen edukiontzi batean ACAB leloa [All Cops Are Bastards edo "Polizia guztiak sasikumeak dira"] idatzi zuen errotulatzaile batekin, eta, gaztetxeak zabaldutako informazioaren arabera, identifikatzeko eskatu eta isuna jarri zioten ertzainek. Orduan, hainbat gazte "euren desadostasuna adieraztera" gerturatu ziren agenteengana, eta ertzainek, berriz, kalea itxi eta patruila gehiago bidali zituzten.

Gazte talde bat, geroago, Udaltzaingoaren egoitzara gerturatu zen. Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren esanetan, jarrera bortitzarekin bertaratu ziren, "agenteei eraso egin zieten", eta horregatik, errefortzuak bidali zituen Ertzaintzak. Gaztetxeak, dena dela, esan zuen gazteek ez zutela jarrera oldarkorrik izan, eta ez zutela komisaldegiko atea "indarrez bota" ere, zenbait hedabidek zabaldu zuten gisan. Istiluak izan ziren, eta pertsona bat atxilo hartu zuten, gaztetxearen arabera, "indarkeria handiz".

Voxen auzia

Gaztetxearen urteurreneko liskarren harira zabaldutako auzia artxibatu badute ere, plataformak adierazi du haien lana oraindik ez dela amaitu. Izan ere, herriko gazteen aurka irekitako bi auziren harira sortu zuten plataforma: urteurreneko liskarrena, batetik; eta 2024an Vox alderdiaren agerraldiak sortutako protestekin loturiko kasua, bestetik. Azken horren harira hogei gaztek epailearen aurrean deklaratu behar izan dute, eta irekita jarraitzen du oraindik.

Amaitzeko, antolakuntzaren balioa nabarmendu dute agerraldian, "eragin erreal" bat izan duelako kasuaren artxiboan: "Herritar orori deia egiten diogu klase elkartasuna antolatzen jarraitzera eta eskubide zibil eta politikoen alde tinko borrokatzera".


Azpeitia kanalean gehiago
2026ko irailaren 18
Bertso bazkari berezia irailaren 26an Azpeitian
Sasoiko menu goxoa eta bertsoz eta ilustrazioz osatutako liburuxka opari

2026ko ekainaren 10
UEUren jardunaldia ekainaren 19an
Politika publikoekin nola bultza elikadura burujabetza?

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.