argia.eus
INPRIMATU
Artur Mas deklaratzera deitu dute azaroaren 9ko erreferenduma dela eta
  • Artur Mas Kataluniako Gobernuko lehendakaria, Joana Ortega lehendakari ordea eta Irene Rigau sailburua deklaratzera deitu ditu Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenak, iragan azaroaren 9ko erreferenduma dela eta.

ARGIA @argia 2015eko irailaren 29a
Artur Mas bozkatzen joan den azaroko erreferendumean. (Arg.: Vilaweb)

Lau delitu leporatzen zaizkie: desobedientzia larria, prebarikazioa, diru publikoak xahutzea eta ez dagozkien funtzio publikoak beren gain hartzea. Katalan independentistek legebiltzarrean gehiengo osoa lortu ondoren dator agindua. Katalunian eskandalua sortu du Masen deklaratzeko egunak, urriaren 15ean joan beharko du auzitegira, Companys lehendakaria fusilatu zutela 75 urte betetzen diren egunean.

Elkartasun dei ugari ari zaizkio heltzen hamaika bazterretik Masi eta horien artean da David Fernandez CUPeko parlamentari ohiarena. Jordi Sánchez eta Quim Torra hurrenez hurren ANC eta Omniun-eko lehendakariek jakinarazi dutenez, deklaratze hauek ez dira erantzunik gabe geratuko eta datozen egunetan zehaztuko dituzte hartuko dituzten neurriak.

Une korapilatsuan iritsi zaio Masi deklaratzeko deia, igandeko hauteskundeen ondoren Kataluniako Gobernu berriko lehendakari izateko oztopo handiak ditu eta. JxSík bera nahi du lehendakari izatea, baina ez ditu horretarako behar diren 63 botoak eta, beraz, CUPen esku dago eta honek iragarri du jada ez duela Masen hautaketa babestuko.