Artisten konstelazio bat


2026ko abuztuaren 24an - 15:06
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

The Constellation Choir & Orchestra
Zuzendaria: Sir John Eliot Gardiner. 
Bakarlariak: Hilary Cronin, Sam Cobb (sopranoak), eta Jonatahn Hanley (tenorea). 
Non: Kursaal Auditorioan, Donostian. 
Noiz: abuztuaren 22an.

--------------------------------

Sir John Eliot Gardiner bizirik dagoen orkestra-zuzendari handienetako bat da. 83 urterekin, errepertorio barroko eta klasikoan aditu onenetakotzat jotzen da. Baina, gainera, oso artista aktiboa da, eta musikarekin esperimentatzen jarraitzeko beharra du. Horren erakusgarri da bere azken proiektua, Kursaalen gozatu ahal izan genuena: The Constellation Choir & Orchestra.

2024ko abuztuan Sir John Eliot Gardiner zuzendariak sortua, the Constellation Orchestra & Choir musika-bikaintasunari eta berrikuntzari eskainitako bizitza oso baten gailurra da. Proiektu honen helburu bezala, Gardinerrek the Constellation Orchestra & Choir ezarri du esplorazio artistikorako eta diziplina arteko sormenerako itsasargi gisa. Eta horretarako musikari eta kantari bikainez inguratu da. Egia esan, hori bertatik bertara egiaztatu ahal izan genuen eskaini zuten kontzertu handian.

Esan behar dut, baita ere, eskainitako kontzertuak, errepertorio erromantiko alemaniarreko bi obra izugarri klasikorekin, ez zuela esplorazio artistiko askorik adierazten. Baina kalitatea eskaini zuten, eta asko gainera.

Brahmsen Schicksalslied –Patuaren abestia–, op. 54 konpositorearen bizitzaren erdiko etapakoa da (38 urterekin konposatu zuen). Bere lau sinfonien aurrekoa da, eta bere orkestrazio paregabea nabaritzen da bertan, karga emozional handi baten bidez eta elkarrizketaz eta sotiltasunez betetako instrumentu-konbinazio baten bidez. Melodiek, giroek, koloreek, harmoniek osatzen dute espiritu hori, eta, azter dezakegun arren, inor ez da berriro erreproduzitzeko gai izan, ezta izango ere. Brahms da.

Musikaren araztasun horrek akatsgabeko interpretazioa eskatzen du. Eta hor The Constellation-eko kideekin egin genuen topo, obraren nota bakoitza mimatzeko prest. Bai orkestra historizistak, bai bakarlari bikainez betetako koru ederrak, obra honek eskatzen dituen esaldien bira eta fintasun guztiak azpimarratzen jakin zuten.

Ondoren, Mendelssohnen 2. sinfonia si bemol maiorrean Lobgesang –laudoriozko kantua–, op. 52 interpretatu zuten. Nahiz eta lehenago esan dudan programa errepertorio erromantikoko bi obra klasikoz osatuta zegoela, agian nire burua zuzendu egin behar dut. Izan ere, lan hau Erromantizismo goiztiarraren esperimentu formal ausartenetako bat izan zen. 1840an konposatu zen, inprentaren laugarren mendeurrena ospatzeko. Lan hibridoa da, mugimendu sinfonikoak ahots-numeroekin fusionatzen ditu, genero berri bat sortuta: sinfonia-kantata. Itzal Beethoveniarraren testuinguruan, Mendelssohnek tradizio bachiarraren eta modernitate erromantikoaren arteko elkarrizketa berritzailea proposatzen du lan honetan.

The Constellation-ek freskotasun handia eman zion Gardinerren bertsioari. Hilary Cronin soprano bakarlariaren parte-hartze zoragarria nabarmendu behar dut, zalantzarik gabe; izan ere, agudo bikain eta belusezkoak oparitu zituen. Bestalde, Cronin eta Sam Crobb koruko beste soprano baten arteko duoa, Ich harrete des Hernn (Jaunaren zain egon nintzen) interpretatuta, gaueko unerik onenetako bat izan zen. Jonathan Hanley tenorearen kantua ere aipagarria izan zen, oso dotorea eta adierazkorra.

Edertasun hori guztia gutxi balitz, Gardinerrek, bis gisa, Brahmsen Geistliches Lied –kantu espirituala–, op. 30 obra oparitu zigun. Emozio hutsa.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...