Duela hilabete pare bat gauza bitxi bat gertatu zitzaidan. Eta lehen aldia zen gertatzen zitzaidana. Euskaldunberriok ez gara elkarren bila ibiltzen. Izan ere, nik uste dut batzuetan saihestu egiten garela. Akaso garai nekagarri hartatik traumatizatuta jarraitzen dugu, boxeoko eskularruak jantzita zigarro bat elkarri pizten saiatzen ari ginen garaia. “Kutxidazu bidea, Ixabel”.
Duela hilabete batzuk kultur ekitaldi batean izan nintzen Usurbil den kuxkurtxu euskaldunaren liburutegi zoragarrian. Beste une baterako geratzen da eztabaida: ea jendea ez den joaten kultur ekitaldietara hainbeste gauza daudelako ezertaz ez garela enteratzen, jada ez dugulako ondo pasatzen kulturarekin, edo euria ari zuelako edo euririk egin ez zuelako.
Segur aski inpresio handiena egin zidana izan zen norbaitek aurkeztu ninduela euskaldun berri gisa eta beste pertsona hura ere euskaldun berria zela. “Euskaldunberri zaharrak” biak. Nire lehen euskara irakaslea izan zen aurkeztu gintuena, berak orduan aipatu ez zuena. Agian, oso euskalduna ere baden umiltasun mota bat dagoelako. Auskalo.
Bada entzun ez nuen galdera bat: “Eta zuk zergatik ikasi zenuen euskara?”. Gu existitzen gara eta kitto. Gu gara
Eta arrotz euskaldun bat ezagutu nuen bertan. Eta gero beste arrotz euskaldun bat ezagutu nuen, eta nik beste arrotz euskaldun bat ezagutzeari egin nion ilusio berbera egin zion. Ekitaldi horretan zegoen jende asko euskaldun berriak ginen, eta niretzat gauza harrigarria zen euskaldun berri haietako asko, gainera, arrotz euskaldunak ginela. Bai, badakit, ez dago arrotz euskaldun asko sartu beharrik pila bat izateko. Baina istorio bat kontatzen saiatzen ari naiz. Aski poliedrikoa ez ote zen euskalki ezberdinak agertzea eta desagertzea, une bakoitzean elkartuko zen kuadrillaren arabera.
Badago jendea aurpegian idatzita daramalako mundu guztiak euskaraz hitz egiten diona. Badago jendea egunero defendatu behar duena euskaldunak direla, aurpegian (beste batzuen aurreiritzietan) idatzita daramatelako ez direla euskaldunak. Eta badira hizkuntza autonomia estatutua ikasten den bezala ikasten dutenak, maitasun berdinarekin eta etorkizunean erabiltzeko perspektiba berdinekin. Pasa beharreko gaixotasuna balitz bezala. Baina bada jendea gogoratzen duguna norbaitek “radarrarekin” detektatu gintuen lehen aldia eta zerbait galdetu ziguna, eta ez dakigu zergatik, baina euskaraz moldatzeko kapazak izateko itxura ikusi zigun. Eta erantzun beharrekoa erantzun genuen eta bizitzak aurrera jarraitu zuen. Eta etxera itzuli eta mamut bat harrapatu izan bagenu bezala kontatu genuen. Gure lehen mamuta.
Arrotz euskaldunok ez dugu arazorik izate hutsagatik (nahiz eta denok izan horri buruzko anekdotaren bat), pribilegiorik ez dugun modu berean (nahiz eta denok izan horri buruzko anekdotaren bat). Ez dugu gure burua defendatuko duen elkarte bat osatzeko beharrik. Inork ez du eraiki behar podium bat gu igotzeko, edo gabarra bat gu paseatzeko. Eskerrak. Esaten ez denak esaten denak baino gehiago pisatzen du batzuetan. Bada entzun ez nuen galdera bat: “Eta zuk zergatik ikasi zenuen euskara?”. Gu existitzen gara eta kitto. Gu gara.
Vicente "Bixen" Carrasco
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.