Joan den larunbatean udal zinegotzi bati herriko lokal batean eraso transfobo bat egin ziotela salatu dute. Erasotzaileak "etengabe" eraso egin zion hitzez eta zinegotzia kalera irten behar izan zen; erasotzailea lokaletik kaleratu zuten. Arrigorriagako Udalak babes osoa erakutsi dio zinegotziari eta salatu du "dimentsio instituzionala" duela erasoak.
Arrigorriagako Udalak (Bizkaia) zinegotzi batek jasandako eraso transfoboa gaitzetsi du. Udalak azaldu duenez, joan den larunbatean Xabier Cabrera Ingurumen zinegotziari "etengabeko irain transfoboak" egin zizkioten, herriko lokal batean. Erasoaren aurrean udalak elkartasuna eta babesa erakutsi dizkio zinegotziari eta salatu du LGBTIfobia ez direla soilik eraso fisikoak: "Irainak, mespretxuak, zalantzan jartzeak edo gutxiespenak ere sexu-orientazioan, genero identitatean edo genero-adierazpenean oinarritutako diskriminazioaren adierazpenak dira, eta ez dute lekurik gure herrian".
Pasa den larunbatean gertatu zen erasoa. Zinegotziak Berria egunkariari azaldu dionaren arabera, Cabrera, lagun batzuekin batera, lokal batera joan zen, tabernak itxi zituztenean. Bertan, "betidanik" ezagutzen zuela esan zion pertsona batekin egin zuen topo zinegotziak. Pertsona hark "behin eta berriz" errepikatu zion "neska zenetik" ezagutzen zuela, eta zinegotziari bere aurreko izenarekin zuzendu zitzaion.
Zinegotziak erantzun zion orain Xabi deitzen dela eta mutila dela, hala jartzen duela bere nortasun agirian. Erasotzaileak, ordea, jaramonik egin ez eta bere horretan jarraitu zuen, "biologikoki emakumea" zela aurpegiratzen. Horren aurrean, Cabrerak zera erantzun zion: "Ni gizon trans bat izateak ez dizu zuri inolako kalterik egiten". Erasotzaileak "ez zuela ulertu nahi" erantzun zion.
Cabrerak lokaletik irten behar izan zuen, "nazkatuta" eta antsietate krisi bat izan zuen. Ingurukoek gertatutakoa jakitean, erasotzailea lokaletik kaleratu zuten.
Erasoaren dimentsio instituzionala
Ekaina da jada. "LGBTI harrotasuna aldarrikatzeko eta ospatzeko hilabetea da", esan du udalak. Horregatik, maiatzaren 28an, udalak adierazpen instituzional bat onartu zuen LGBTIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunarengatik. Egun batzuk geroago, baina, eraso transfobo bat gertatu da.
Cabrerak esan du ez duela erasotzailearen aurkako salaketarik jarriko, baina udalak adierazpen publiko bat egitea erabaki duela, azpimarratzeko erasoa herriko ordezkari baten aurkakoa izan dela; alegia, erasoak ez diola "pertsona bakar bati" eragiten, baizik eta "dimentsio instituzionala" duela. "Agerian uzten ditu emakume, genero eta sexu disidenteek espazio publikoan, politikoan eta sozialean parte hartzean dituzten oztopoak eta indarkeria-adierazpenak", salatu du udalak.
Halaber, uste du gizarte osoaren ardura dela LGBTIfobiaren aurkako borroka. Horregatik, udalak bere konpromisoa berretsi du, "aniztasuna bermatzeko, diskriminazioari aurre egiteko eta ingurune seguruak eratzeko". Lanean jarraituko dutela gehitu dute, "herri aske eta seguru" bat izateko. Udal bozeramaileen batzordeak bilkura egingo du, gaia aztertzeko.
Cabrerak eskerrak eman dizkie lokaleko kideei erasotzailea kaleratzeagatik eta publikoki salatzearen beharra azpimarratu du, "hurrengoek jasan ez dezaten". Udalak ere eskerrak eman dizkie esku hartu eta "modu aktiboan" erantzun zutenei. "Horrelako jarrerek erakusten dute elkartasuna eta erantzukizun kolektiboa ezinbestekoak direla gorrotoaren eta diskriminazioaren aurrean".