17:30ean abiatuko da manifestazioa, Bilboko udaletxe paretik; horrekin batera, eta hiru asteren ostean, Arriaga pareko kanpaldia bukatutzat emango dute.
Irailaren 28tik hona Bilboko Areatzatik pasatu denak ikusi ditu, gau eta egun, etxebizitza eskubidea aldarrikatzen duten kanpalekuko kideak. Madrilgo Sol plazan hasitakoak Bilbon ere izan du egoitza, hiru astez, asteburu honetan kenduko baitituzte kanpin dendak. Isusko Blanco kanpaldiko ordezkariak azaldu dio ARGIAri, euren helburu nagusia zen greba orokorra aurrera ateratzea lortu ostean erabaki dute. Ostiral arratsaldean hasiko dira kanpalekua jasotzen, etxebizitza duinaren aldeko manifestazioaren ondoren. Arratsaldeko 17:30erako egin dute deialdia, udaletxe parean.
Isusko Blancok azaldu du kanpaldiaren atzean antolakuntzarik ez dela egon, “espontaneoki” batu direla antzoki parean hamarnaka pertsona. Alegia, era “autonomo eta asanblearioan” antolatu dutela kanpaldia azken bi asteetan. Eta horrek nekea sortu diela, batez ere bertan parte hartu dutenetako asko militantzian esperientziarik gabekoak izan direlako. Hori horrela, talde eragilea izan bada ere, horien erabakiei muzin egin diete zenbait parte hartzailek, eta horrek neke orokorra areagotu du. Edozelan ere, borroka kolektiboaren txinparta handiagoa izan dela azpimarratu du Blancok.
Borroka hori izan da, hain zuzen ere, greba deialdia ezartzea lortu duena. "Ez dugu galoirik nahi", azaldu du Blancok, ez dute nahi greba deialdiaren garaipena eurena dela aldarrikatzerik, baina bai borroka kolektiboarena. Espainiako Estatu osoan deitutako grebak Hego Euskal Herrian ere indarra izan behar zuela sinetsita zeuden kideak, eta horregatik Euskal Herriko sindikatu batzuekin batu direla azaldu du, eta azaroaren 11ko grebaren garrantziaz ohartarazi.
Orain, kanpaldiaren bidea amaituta, burua azaroaren 11n duela dio, greba orokorrerako zelan antolatu pentsatzen ari direla kanpaldiko zenbait kidek osatzen duten taldean. Espainiako Estatuko gainontzeko taldeekin harremanetan daudela dio, eta ideiak partekatzen dituztela, baina Hego Euskal Herrikoak bere bidea egin behar duela azpimarratu du. "Dena gelditu behar da", dio. Hortik aurrera kanpaldiarekin edo bertan izandako antolakuntzarekin zer gertatuko den ez dakite oraindik, baina dena dago eztabaidagai.
Etxebizitzaren gaia Espainiako politikaren gai bero bihurtu da azken hilabetean, horren adierazle nagusienetakoa izanda Sol plazako kanpaldia. Haren erreplika gisa ulertu daiteke Arriagakoa bera ere, markoa partekatzen baitute. Euskal Herri mailan izan da, ordea, euskal markotik antolatu denik. Etxebizitza sindikatu ugari ari dira, tokian toki, antolatzen eta mobilizazioetara deitzen. Mugimendurik indartsuenetako da, ziurrenik, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea, duela zenbait urtetatik lanean badabil ere, azken olatu honetan indarra hartu duena. Urriaren 2an mobilizazio bateratuak antolatu zituzten sindikatuek Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta azaroaren 11ko greba orokorraren deialdiarekin bat egin dute.