Arratoiak eta gezurrak

Behe Banda

2026ko urriaren 12a - 10:22
Azken eguneraketa: 12:45
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Umeak gineneko garaiaz hizketan aritu gara, arratsaldean, kuadrillako lagunak. Telebistan ikusten genituen programekin hasi da elkarrizketa, eta hortik aurrera etorri dira geuk asmatutako jolasak, kantuak, anekdotak… Grazia egin digu noizbait izan ginen gu alai eta inozente hura gogoratzeak. Hori diot, grazia egin digulako imajinatzeak gutako bakoitza hortz erori berria burko azpian jarrita eta begiak erdi-irekita, Perez izena –omen– zuen sagutxoa noiz helduko zain, edo imajinatzeak gutako bakoitza abenduaren 25eko goizeko zazpietan arbola ondoan, eta ardoa harraskan.

Umeak ginen, eta listo. Ez genuen jendearen hitzik zalantzan jartzen; ez zigun beldurrik ematen jendearengan sinesteak. Gezurrik ezin zela esan irakatsi ziguten, eta halaxe ikasi genuen guk; helduek ere halaxe ikasi eta egiten zutela sinetsi genuen guk. 

Gero, pasatu ziren urteak, eta hasi ginen arreta jartzen afaritako gurasoen elkarrizketetan. Hankak ez zitzaizkigun oraindik lurrera heltzen, baina belarriak bai hitz-atzeetara. Horietako batean entzun genuen lehen aldiz krisi hitza, adibidez, eta ez genekien zer esan nahi ote zuen, baina, amak bekainak okertzen zituen moduagatik, usain zezaketen geure belarri luzeek ezer onik ez zela hitz horren atzean. Gehienetan, nahiago izaten genuen, gauzen esanahia galdetu baino, geure hanken dantza zintzilikariari begira geratu; ez zitzaigun gehiegi inporta pretaritate edo mapilunaziok zer esan nahi ote zuten; bagenekien ez zela ezer ona, eta listo, ez genuen helduen begitarte atsekabeturik nahi.

Bere horretantxe utzi nahi nuke testua, baina karaktereak karaktere dira, eta egiak egia. Handitu egin ginen gu ere, eta hankak lurreratzearekin batera atsekabetu zitzaizkigun begitarteak.

Instagramen sartzen gara eta etxegabetzeak eta Poliziaren jipoiak dira jaiki orduko ikusten ditugun lehen irudiak. EtxegabetzeaK eta jipoiaK, bai, pluralean eta bata bestearen atzetik, behin eta berriz, behin eta berriz

Orain, Instagramen sartzen gara eta etxegabetzeak eta Poliziaren jipoiak dira jaiki orduko ikusten ditugun lehen irudiak. EtxegabetzeaK eta jipoiaK, bai, pluralean eta bata bestearen atzetik, behin eta berriz, behin eta berriz. Gizartearen ongizate eta bizikidetzaren onerako ari direla sinesteko eskatzen digute, baina umetako –eta ez hain umetako– dezepzioak dezepzio, “errebeldia” deitzen dioten defentsa mekanismo bat garatzen ikasi dugu, eta ez dugu saldu nahi diguten gezurrik erosten honezkero.

Umoretsu esnatuko nintzen-edo, baina grazia handia egiten dit Instagrameko irudien atzean ezkutatzen diren munstroei “gezurti” deitzeak ere. Hala deitzen genien, umetan, hamaiketakorik ez zutela esan, eta ezkutuan jaten zuten lagunei, Olentzero existitzen ez zela lehen aldiz esan zigutenei, edo Kakusairi, telebistaren aurrean jarrita. Ez dakit, behin hitzen bila hasita, adjektibo egokiagoren bat egongo dela iruditzen zait kale-ertzetan jendea jipoitzen, hiltzen duen poliziarentzat, ezta? Edo egunez egun, han eta hemen, ateei kolpeka, jendea beren etxeetatik botatzen duen poliziarentzat. Bihozgabe-tik hasi eta aurrerantzeko guztiak okurritzen zaizkit.
Agian, berriz ere gure hortzik zorrotzenak burko azpian gordetzen hasi behar genuke, arratoiak belarri ondora etortzen zaizkigunerako.

Urriak 12. Gezurtien eguna. Izango dira Poliziaren bideoak bihar goizean ere.


Polizia kanalean gehiago
2026ko urriaren 28
Ekarpena

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.