Sarrigurengo Joakin Lizarraga, Tafallako Marqués de la Real Defensa, Erriberriko Principe de Viana eta Iruñeko Buztintxuri ikastetxeei PAI Ingelesa Ikasteko Programatik ateratzea onartu die Nafarroako Hezkuntza Departamentuak; Sarrigureneko ikastetxea D eredukoa da osorik, eta beste hiruretan erabakiak D ereduko alorrei eragiten die.
Lau zentro horiekin zortzi dira guztira PAI programa utzi dutenak Nafarroan. 2021ean Castejon hasi zen, ez arazo gutxirekin, eta ondoren Cascante, Elizondo eta Gareseko ikastetxeak etorri ziren. Guztira, beraz, zortzi dira oraingoz ingelesezko programa utzi dutenak. Edozein kasutan, horrek esan nahi du aipatutako zentroetan datorren urtean ez dutela eskainiko PAI programarik, baina dagoeneko programa horretan bukatu beharko dituzte Haur eta Lehen Hezkuntza lehendik ingelesezko programan aritzea hautatu zuten haurrek.
Hezkuntza Departamentuak jakinarazi duenez, 2025-2026 ikasturtean 3.057 haurrek eskatu zuten programa horretan hastea –%1,8 hazi da–. Nafarroan, guztira, 36.131 ikasle ari dira programan, 34.295 A eta G eredukoak, eta 1.836 B eta D eredukoak. Datuok argi erakusten dute programa, gaur gaurkoz, ondo sustraituta dagoela foru erkidegoan, eta bereziki erdal ereduetan. Asteazkenean zabaldu zuen oharra Carlos Gimenok zuzentzen duen departamentuak eta bistan da datuokin argi utzi nahi izan duela programaren indarra.
PAIk penetrazio handia du batez ere erdal ereduetan. Hezkuntza Departamentuaren arabera, 2025-26 ikasturtean 88.677 ikasle ari dira A (euskara ikasgai gisa) eta G (euskararik ez) ereduetan eta horietatik 34.295 (%38,6) ari dira PAI programan. D ereduan, aldiz, 27.334 ari dira eta horietatik 1.836 PAIn.
Ingelesezko programan, teorian, ikastetxe bakoitzak erabakitzen du zenbat ingeles ordu emango diren, beti ere 8 eta 14 orduko tartean. Dena den, zentroek arazoak dituzte ingeles ordu kopuruekin. Batetik, D eredukoek uztartu behar dituzte hiru hizkuntza ikasketetan, eta horrek eragiten dio euskarazko eta ingelesezko edukiez ongi jabetzeari. Hori ikusita, zentroek sarri ingelesezko gutxieneko orduak eskaintzera jotzen dute, eta horri erantzunez, Hezkuntza Departamenduak ingelesezko gutxieneko ordu batzuk finkatzera jo zuen iaz; horrek zentroen protestak ekarri ditu.
PAIk sendo jarraitzen du Nafarroako hezkuntzan, eta iaz irakasleria egonkortzeko Espainiako justiziak emandako urratsek lagundu dute horretan, baina ez da dudarik zortzi zentro hauekin arrakala esanguratsua ireki dela programan; eta epe ertainera ez da baztertzen zentro gehiagoren ihesa.
D ereduan bildu dira PAIren aurkako ahotsik esanguratsuenak Nafarroan, baina ez dira bakarrak eta Castejongo Dos de Mayo ikastetxea –ikasleen gehiengo handia erdal eredukoa– izan zen programatik ateratzen lehena. Argudiatu zutenez, besteak beste, ikasle zaurgarrienek –asko atzerriko jatorria duten familietakoak– zailtasun handiak zituzten gaztelania eta ingelesa uztartzeko, eta bereziki ingelesezko ikasgaietako edukietan behar bezala gaitzeko. Fenomeno hori ez da gertatzen Nafarroan bakarrik eta Espainiako Estatuko gisa bereko programetan ere antzeko egoera ugari daude.