argia.eus
INPRIMATU
Arraizen ‘xake-mate’ auzia artxibatu du EAEko Auzitegi Gorenak
  • Guardia Zibilari xake-mate eman behar zitzaiola esateagatik Hasier Arraiz Sortuko lehendakari ohiaren aurka irekitako auzia artxibatu du EAEko Auzitegi Gorenak.

ARGIA @argia 2016ko ekainaren 23a
Hasier Arraiz. (Arg.: EITB)

Arraizek 2015ean egin zituen adierazpenok, Guardia Zibilak 16 euskal herritar atxilotu ondoren, gehienak presoen abokatuak. Operazio hura “Mate” deitu zuen Guardia Zibilak –aurretik “Xake” egina zuen– eta Arraizen berba jokoa agerikoa zen. Hala ere, EAEko Espainiako Gobernu ordezkari Carlos Urquijok salaketa jarri zuen bere aurka, Guardia Zibilari irain egin ziola iritziz.

Iragan otsailean joan zen Arraiz auzi honengatik deklaratzera epaitegietara eta apirilaren 28an Roberto Saiz epaileak auzia zabalik mantentzea erabaki zuen, Arraizen berbetan “Guardia Zibilaren aurkako irain larria” egon zitekeelako. Hamar eguneko tartea utzi zien aldeei haien ekarpenak egiteko. Arraizen defentsak helegitea jarri zuen EAEko Auzitegi Gorenaren aurrean eta honek aintzat hartu du eta auzia artxibatu.

Francisco de Borja Iriarte magistratua izan da epaiaren ponentea. Gorenaren ustez, Arraizen hitzak adierazpen askatasunaren eremukoak dira eta bere testuinguruan ulertu behar dira. Adierazpen askatasunari buruz egondako beste hainbat auzi aipatzen ditu epaiak, besteak beste, Miguel Castells abokatuaren 1992ko iritzi artikulu bat eta Arnaldo Otegik Espainiako erregeari “torturatzaileen burua” deitu zionekoa. 2005ean Espainiako Auzitegi Gorenak urtebeteko zigorra ezarri zion horretatik Otegiri, eta 2011n Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuen Otegiri 20.000 euroko isuna ordaintzera kalte ordain gisa.