Aroztegiko proiektuko enpresek helegitea aurkeztu zuten iraileko epaiaren kontra, auzipetuei “talde kriminalaren” akusazioa baztertu eta zigor neurrigabeak murriztu zizkietelako. Nafarroako Justizia Auzitegiak iraileko epaia berretsi du asteazkenean.
Nafarroako Justizia Auzitegiak joan den irailean errudun jo zituen Aroztegiko auziko ekintzaileak. “Obrak geldiarazteagatik eta indarkeria delituagatik” zigortu zituen zazpi auzipetuak, baina alde batera utzi zuen “talde kriminalaren” akusazioa. Epaiarekin pozik ez, eta helegitea aurkeztu zuten proiektuko enpresek (Hotel Palacio de Arozteguíak, Palacio de Arozteguíak eta UGEPeko Konpentsatzio Batzordeak).
Asteazkenean, Erran.eus-ek jakitera eman duenez, enpresen helegitea baztertu, eta epaitegiak irailean hartutako erabakia berretsi du: 5.850 eta 9.900 euro arteko isun ekonomikoak, baina kartzela zigorrik ez, zazpi auzipetuentzat. Epaileak adierazi du bideraezina dela enpresen errekurtsoa onartzea “akusatuek beren burua defendatu eta entzunaldi publikorik egin gabe”.
Gaiari buruz informazio gehiago aurkituko duzu kasu honi buruz argitaratutako Larrun monografikoan, Estitxu Eizagirreren eskutik.