Urtea hasi denetik, jada 1.816 lagun hil dira tiroz AEBetan; egunero, batez beste, 40 lagun hiltzen dituzte. Sei astetan 30 tiroketa erregistratu dituzte herrialde osoan eta 6.570 gertakari armekin lotutakoak izan dira. Gun Violence Archive gobernuz kanpoko erakundeak emandako datuak dira eta atzera begiratuz gero, datuak are esanguratsuagoak dira: 2014tik gutxienez 12.000 lagun hil dira arma tiroz.
Erasotzaileen foku nagusia ikastetxeak izan direla ondorioztatu daiteke. 2013tik 290 eraso izan dira hezkuntza zentroetan. Aurten, jada hemeretzi tiroketa izan dira; hamar kasutan sarraskia hainbat hildako eta zauriturekin amaitu da.
Aipatutako datuok kasualitatetik ezer ez dutela berretsi du Crish Murphi senetari demokratak eta argi esan du “herritar guztiak” gertakari hauen erantzule direla. “Hemeretzigarren tiroketa da 2018an eta oraindik ez gara martxora iritsi. Sarraskiok ez dira beste inon gertatzen, AEBetan soilik. Gure jarrera geldoaren ondorio dira eta herritar gisa erantzule zuzenak gara”.
Florida begiz jota
Azken erasoa ostegun arratsaldean jaso da: ikasle ohi batek hamazazpi pertsona hil ditu Floridako Parklandeko institutu batean, AEBetan. Ikasleak zentrotik irteten ari zirela hasi da tiroka erasotzailea. Abisua jaso ahala, Poliziak ikastetxea itxi du eta 3.000 ikasle baino gehiago irtenarazi ditu zentrotik. Erasotzailea atxilotu egin dute; ikastetxera sartzeko debekua zuen 19 urteko ikasle ohia dela baieztatu du Poliziak.
“Katastrofe bat izan da, ez dago hitzik”, esan du Scott Israel polizien buruak. Hamazazpi hildakoez gain, gutxienez 30 lagun zaurituta daude. Erasotzaileak inongo laguntzarik gabe egin duela erasoa adierazi du Poliziak. Errifle erdi-automatiko bat eta hainbat munizio kargadore zeramatzan soinean erasoaren unean.
Jim Gard irakaslea da eta hedabideei adierazi dienez, erasotzaileak debekatuta zuen ikastetxera sartzea, hainbat ikasle mehatxatu zituelako. The Guardianen arabera, erasotzailea Nikolas Cruz izeneko gaztea da. Bere ezagunek esan dute armak eduki ohi zituela eta maiz erakusten zituela jendaurrean.