17 eta 45 urte bitarteko gizonezkoei eragiten die neurriak, soldadutza lege berriak jasotzen duenez. Armadarako boluntario nahikoak ez egotekotan derrigorrezko soldadutza ezartzea baimentzen du lege berak. Europako hainbat herrialde hartu dituzte soldadutzaren aldeko neurriak 2025ean.
Legea urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean, baina orain gutxi ezagutu du Alemaniako gizarteak neurri esanguratsuenetakoa: 17 eta 45 urte arteko gizonezkoek baimena eskatu beharko dute herrialdetik kanpo hiru hilabete baino gehiago emateko. Orain.eus atariak jaso duenez, Alemaniako Defentsa Ministerioak ziurtatu du baimenak “emantzat” joko direla “zerbitzu militarra borondatezkoa den bitartean”.
Izan ere, 2025eko azaroan jakin zenez, soldadutzaren lege berriak derrigorrezko soldadutza ezartzeko aukera ematen dio gobernuari, beharrezko jotzen duen boluntario kopurua egon ezean. Gobernuaren helburua da soldadu aktiboen kopurua egungo 184.000tik 260.000 igotzea 2035erako.
2026tik aurrera, 18 urteko alemaniar gazteek galdetegi bat jasoko dute, beren gaitasunen eta soldadutzaren aurreko jarreraren ingurukoa. Galdetegiari erantzutea derrigorrezkoa da gizonentzat, eta boluntarioa emakumeentzat. Abenduan, Alemaniako ikasleek greba deitu zuten lege berriaren aurka, “hiltzen ikasarazi” nahi zituztela salatzeko.
Derrigorrezko soldadutza, Europan hedatzen
Alemaniakoa ez da kasu isolatua, 2025ean soldadutzaren inguruko neurriak iragarri dituzte Europako hainbat gobernuk. Hona zenbait adibide:
Frantziak soldadutza boluntarioa ezarriko du 2026ko udatik aurrera, 2025eko azaroan Emmanuel Macron presidenteak iragarri zuenez. Zerbitzuak hamar hilabete iraungo du eta, ondoren, herritarrak erreserbara pasatuko dira.
2025eko urrian Kroaziak ezarri zuen derrigorrezko soldadutza, bi hilabetekoa.
2025eko azaroan jakin zen Belgikako Gobernuak 17 urteko 149.000 gazteri, mutil zein neska, gutuna bidali ziela urtebeteko soldadutzaren truke 2.000 euroko soldata garbia eskainiz.
2025eko uztailean iragarri zuen Danimarkako Gobernuak derrigorrezko soldadutza emakumeei ere inposatuko ziela, eta soldadutza lau hilabetetik 11ra luzatuko zuela.