Antolatzaileek armagintzan diharduten Euskal Autonomia Erkidegoko lantegiak industria sozialeko enpresa bihurtzeko eskatuko dute bihar, apirilak 6, bizikleta martxan. Bilbon hasi eta Barakaldo eta Getxotik igaroko da bizikleta martxa. Bi herri horiek aukeratu dituzte, izan ere bietan daude arma industrian aritzen diren enpresak.
Askapena, Eguzki, Ekologistak Martxan, Kakitzat, KEM-MOC eta Komite Internazionalistak egin dute deialdia eta Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat enpresak eta erakunde publikok Israelgo Armadarekin duten harremana salatu nahi dute. Sener enpresak Israelgo Rafael lantegiarekin harremanak dituela diote, eta hegazkin militar israeldarretako sentsoreak diseinatzen dituzte. Duela urtebete, Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariek bidaia egin zuten Israelera goi mailako teknologia enpresak bisitatzeko.
Sei talde antolatzaileek Barakaldon dagoen Precisat enpresa salatu nahi dute, Airbus A400M Garraio Militarrerako Hegazkinarentzat eta Borrokarako Hegazkin Europarrarentzat osagaiak egiten dituztelako.
Euskal Autonomia Erkidegoko arma industrian 3.000 langile ari dira beharrean eta 600 milioi euroko balioko arma ekoizpena du urtero. Azken bi urteotan, 12 milioi euro jaso dituzte erakunde publikoetatik.