Herritarrak, eragileak eta instituzioak mobilizatu dira, Arguedasen (Nafarroa) gizonezko batek bere emaztea hil zuela arbuiatu eta neurriak eskatzeko.
Arguedasko Udalak deituta, udaletxe aurrean egin dute, astearte arratsaldean, herritarrak, udal ordezkariak eta Nafarroako erakunde publikoetakoak bildu dituen ekitaldia. Udalbatzaren adierazpenak azpimarratu du halako gertaerek argi uzten dutela gizartean oraindik “nabarmena den desberdinkeria” dagoela eta heriotza dela horren “adierazlerik krudelena eta muturrekoena”.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak Iruñean egin du elkarretaratzea. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa eta Astelehen Lilak elkartea ere bertan izan dira. Gertaera isolatu bat izatetik urrun, “sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonial” batek eragindako hilketa izan dela salatu dute, eta sistema horrek, gainera, egoera zaurgarriagoan jartzen dituela emakumeak eta gorputz disidenteak, “prekarizazio material eta sozialaren bidez”. Berehalako neurriak exijitu dituzte, baliabide ekonomiko, politiko eta sozialak, bai prebentzioan, bai babestean eta bai hezkuntzan.
Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin ditu mobilizazioak. “Matxismoa ukatzen duen diskurtso erreakzionarioei aurre egiteko beharra” azpimarratu dute eta “kontzientziazio lana eta borroka” aldarrikatu. Emakumeen aurkako indarkeria larriagotu dela nabarmendu dute, datuetan oinarrituta: aurtengo lehen seihilekoa amaitu ez den honetan, Euskal Herrian eraildako emakume kopurua iazkoa baino halako bi da ia-ia.
Sutan mugimendu transfeministak Baionako herriko etxe aurrean deitua du mobilizazioa, ostegunean, 18:00etan. Beste hainbat eragilek ere irmo gaitzetsi dute hilketa matxista.
ARGIAn kontatu dugunez, 43 urteko gizonezko batek 44 urteko Saida al-Yusif bikotekidea hil du, Arguedasko Postigo kalean elkarrekin bizi ziren etxebizitzan, eta ondoren bere burua Guardia Zibilaren esku utzi zuen Valtierrako (Nafarroa) kuartelean.
Aurten, Euskal Herrian dagoeneko bost emakume hil dituzte indarkeria matxistaren ondorioz.