Argiñaoko ikastetxe ultrakatolikoak homologatu gabe eta haurrak segregatzen jarraitzen du

  • Nafarroako Administrazioak hamar urtez baino gehiagoz egin ditu ikuskaritzak Maestro Ávila sekta sedebakantistaren ikastetxean. Txostenek diote ikastetxearen eskola-curriculuma ezin dela homologatu. Neska-mutilek bereizita ikasten dute, ikasketak II. Kontzilioaren aurreko katolizismoan daude oinarrituta eta derrigorrezko hainbat ikasgai ez dituzte ematen.

Herri Antifaxistak Iruñean egindako protesta, Maestro Ávila Fundazioa kanporatzeko eskatzen. Iñigo Uriz / Foku

2026ko maiatzaren 15ean - 11:36
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Naiz hedabideak ikuskatzaileek egindako txostenen mamia landu du artikulu batean eta Nafarroako Administrazioak eskola horretan esku hartu ez izana salatu du. Santa María de los Milagros ikastetxea Gesalatz bailarako Argiñao kontzejuan dago. Maestro Ávila Fundazioak Fuerza Nueva eta Voxekin loturak ditu, Gedar hedabidearen arabera. Fundazioa sekta sedebakanistakoa da. Katolizismo tradizionalistan kokatzen dira. 55 haur daude ikastetxean. Umeak Osasunbidean izena emanda daude eta Nafarroan erroldatuta.

Sei aldiz eskatu dute ikastetxea homologatzea, baina ez dute lortu. Bi eskariri ezezkoa eman dio Administrazioak eta beste lau baliogabetzeko bidean dira. Ikuskatzaileen txostenaren arabera, ezinezkoa da curriculuma ontzat ematea. Ikasketen ardatza erlijio katolikoa da, II. Kontzilioaren aurreko katolizismoan oinarrituta. Naiz hedabideak jarritako adibidearen arabera, Lehen Hezkuntzan Historia Sakratua sakon ikasten dute, eta aldiz, Gaztelaniaren ikasketan ez dira iristen curriculumak eskatzen dituen osagaiak lantzera. Derrigorrezko ikasgai batzuk ez dituzte eman ere egiten, adibidez, Musika eta Heziketa Fisikoa. Ikastetxe homologatuen ordutegitik urrun, egunean lau eskola-ordu dituzte. Haurrek elkarrekin ikasten dute 6 urtera arte, eta adin horretatik aurrera neska eta mutilak bananduta aritzen dira. 6 urtetik gorako umeen ikasgelak “iluntzat” jo dituzte ikuskatzaileek, eta txostenetan jaso dute berogailurik ez daukatela.

Estelerriko bizilagunak kezkatuta

2025eko azaroaren 22an manifestazioa egin zuten Estellerrian, “sekta ultrakatoliko eta faxista” haien herrietan ez zutela nahi erakusteko. Gedar hedabideak jaso zuenez, manifestaziorako deia egin zutenean honela adierazi zuten: "Ez dugu gure seme-alabek ideia faxistak sustatzen dituen sekta batekin elkarbizitzerik nahi; emakumea gizonaren menpe jartzen duena, arrazakeria, espainolismoa, euskararekiko arbuioa, klasismoa edo sexu-aniztasunaren jazarpena sustatzen dituena". Estellerrian ongi etorriak ez zirela eta alde egiteko eskatu zieten, eta adierazi zuten presioa egiten jarraituko zutela “faxistak eroso ez sentitzeko”. Fundazioak Abartzuzako Anderatz eraikin publikoa erosia du, barnetegi zahar bat, inguruko lur eta guzti. Manifestaziora deitu zuten bizilagunek salatu zuten udalak eraikina erosteko baimena eman izana eta tokiko erakundearekin gaiaz hitz egiteko harremanetan jartzeko oztopoak jarri izana.


Eskuin muturra kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.