Olatz Kortak egin du hitzaldia ARGIAko lantaldearen izenean:
"Reporterre hedabidea, ekologiaz ari den komunikabide frantziarra, urtarril honetan hasi da L’Étincell izeneko buletina (euskaraz txinparta esan nahi du) bidaltzen harpidedunei. Agerkari digital berria iragartzeko, editorialean adierazi dute buletina osatuko dutela borrokak elikatzen dituzten alternatibez, alaitasunaz eta haserreaz. Albiste guztiak onak izango dira.
Badakite, alternatibez eta alaitasunez arituko direla esanda, jende batek pentsa dezakeela jarrera inozentea dela, baita kaltegarria ere. “Kontua ez da hori, ordea, -diote-, alegia, borrokari uko egitea edo salatzeari ezetz esatea. Alderantziz, baizik”. Txinparta buletinaren helburua, milaka utopia zehatz landuta, hain zuzen, iraultza prestatzea da.
Iraultza gehitxo esatea izango da, baina ARGIAn 2026an amets egiteko asmotan gabiltza, jauzi bat egitekotan. Dagoeneko txanpa hartuta daukagu. 2025a, bete-betea izan dugu.
Joan den martxoan Bizi Baratzea proiektuaren hamargarren urteurrena ospatu genuen eta Bizi Baratzea Orria, urtaro bakoitzean naturara eta lurrera begira jartzeko parada emango digun paperezko aldizkaria, aurkeztu genuen. Batzuek diote papera desagertzeko bidean dagoela, guk argi dugu haren funtzioa oraindik ere garrantzitsua dela. Azaroan, berriz, bi berri on iritsi zitzaizkigun Andoaindik, Rikardo Arregi Kazetaritza sarietatik: Jenofa Berhokoirigoin lankideak jaso zuen Kazetaritza Saria artzaintzaz gurean idatzitako erreportaje mardulagatik eta Jakoba Errekondok jaso zuen Ohorezko Mugarria saria, Euskadi Irratian eta ARGIAn baratzeari buruz egindako dibulgazio lanagatik. Laborantzari egin zitzaion aitortza. Onintza Enbeitak lurrari emanda bizi izan den Feli Madariaga baserritar muxikarraren bizitza kontatu digu. Azaroan, Lurramaren 20. edizioa egin da Miarritzen, eta Euskal Herriko Laborantza Ganbararekin batera iraunkorra izan nahi duen elkarlana abiatu dugu.
"Iraultza gehitxo esatea izango da, baina ARGIAn 2026an amets egiteko asmotan gabiltza, jauzi bat egitekotan"
Aldizkarian ere ospatu ditugu hamargarren urteurrenak. Komunitatea atalak, adibidez, hamar urte egin ditu ARGIA lagunei etxe barruko kontuak kontatzen Itsaso Zubiriaren eskutik. Aldizkaria ireki bezain pronto ageri zaigun asteko argazkiak ere hamar urteak bete ditu, Axier Lopezen gidaritzapean.
Podcasten boladari ere eutsi diogu: Haurtzaroa eta filosofia uztartu dituen ‘Galdera basatiak’-en zortzi emanaldi eskaini ditugu udaberrian. Beranduegi, Menda bikoitza, Oroimen histerikoa eta Egonarria podcastek 2026an ere jarraituko dute lanean.
Esan dugu txanpa hartuta jauzi bat egiteko gogoz gaudela 2026 honetan.
Dagoeneko hasi gara proiektu berriei heltzen. Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egin du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalaren eskutik. Hil honen hasieran, bi sail berri estreinatu ditu kanalak: ikastetxeetako esperientzia onen bideo-erreportajeak eta Mikel Garciaren ‘Etxerako lanak’ asteroko podcasta.
Sare sozial komertzialen kontraesanak eta lotsak inoiz baino ageriago geratu dira 2025ean, eta gero eta nabarmenagoa da independentzia zaindu nahi dugun hedabideok ezinbesteko ditugula gure tresna propioak garatzea, egilea eta hartzailea zuzeneko harremanetan jartzeko, bitartekaririk gabe. Horregatik, Goizean argi izeneko buletina edo newsletterra abiatu dugu aste honetan Gorka Peñagarikanoren eskutik. Baliabide propioekin egina da, eta teknologia burujabetzan oinarrituta, goizero helbide elektronikoan jasotzen ditu irakurleak egunari aurre egiteko gako informatiboak.
Informazioak librea izan behar duela argi dugu ARGIAn, euskarazko edukiak ahalik eta gehien zabaldu daitezen. Bide horretan aparteko pausoa emango dugu otsailean: ARGIAren fototeka aurkeztuko dugu. ARGIAren 100 urteko ondare grafikoa jarriko dugu denon eskura. 100.000 argazki baino gehiago lizentzia librean, eta astero-astero handitzen eta eguneratzen joango da.
Eta bide beretik, laster ARGIAren hemeroteka goitik behera berrituko dugu. 1919tik hona argitaratu ditugun ARGIA eta Larrun aldizkari guztiak digitalean denon eskura jarriko ditugu.
"Erakunde publikoen babesaz gain, eutsiko gaituen jendea behar dugu, eta harro esan dezakegu gero eta gehiago direla ARGIAko komunitateko kideak"
Zerrenda luzea da: Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketari jarraipena egiteko podcasta abiatuko dugu, Euskal Herriko zuhaitzei buruzko lan mardula argitaratuko dugu, baita turismo ereduaz gogoeta egingo duen liburua ere. Aldizkariko ‘Denboraren makina’ atalean oinarritutako liburua izango da beste bat. Eta azkenik, Donostiako Ategorrieta auzoan gertatutako sarraskia jasotzen duen komikia.
Ametsak gauzatzeko bidean gara, eta bide horretan ezinbestean hitz egin behar da erakunde publikoen laguntzaz. Hekimenen eskutik, euskarazko hedabideon eta Eusko Jaurlaritzaren eta hiru aldundien arteko elkarlanari esker, hedabideon lana diruz laguntzeko oinarri berriak adostu genituen iaz. Nafarroako Gobernuak ere, joan den urteko ildo beretik jarraitu du. Lan baldintza duinei esker ARGIA proiektua indartu ahal izango dugu: orain arte egiten duguna hobetu eta gauza berriak sortu. Zoritxarrez, bi gobernuen dirulaguntzek ez dute lortu sektoreko hedabide guztiak ezegonkortasunetik eta prekaritatetik ateratzea. Aurki hutsuneok bideratzea espero dugu.
Erakunde publikoen babesaz gain, eutsiko gaituen jendea behar dugu, eta harro esan dezakegu gero eta gehiago direla ARGIAko komunitateko kideak: hamaika urtez jarraian harpidetzek gora egin dute. Berriak datoz, eta aspaldikoek hemen jarraitzen dute. 400 familia baino gehiago dira 50 urtetik gora daramatzatenak ARGIAko harpidedun izaten. Ohorea da guretzat. Mende erdiz ondoan izan ditugun lagunen ordezkaritza daukagu hemen. Mila esker Luis Mari Ralla Arruti, Beñat Ralla Yusta, Higinio Oiartzabal Idiakez, Begoña Lejarreta Unzueta, Koldo Txokarro Fernandez eta Camino Asiain Yarnoz.
Amets egin nahi dugu, baina laino beltzak ere badarabiltzagu inguruan. Etxetik hasita, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak larrialdi linguistikoa deitua dute. 2024an ohartarazi zuten atzeraldia datorrela, baldin eta indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak itzulikatzeko neurri egokiak epe laburrean hartzen ez badira. Etxeko atarira ateratzeak, berriz, azala lazten du. AEBak inoiz desagertu ez den inperialismoa bere gordinean erakusten ari dira (Venezuela, Groenlandia, Kolonbia, Iran...), Gazako genozidioa bukatzetik urrun dago, Europa barnean gerrak jarraitzen du Ukrainan, eskuin muturraren olatu erreakzionarioa bizi-bizi dabil...
Duela pare bat urte hementxe bertan esan genuen garai interesgarriak zirela kazetaritza egiteko, garai ilunak, ziurgabetasun eta polarizazio handikoak. Egoerak ez du hobera egin, alajaina.
Reporterre-ko lagunek diote, utopia zehatzak zorroztasun periodistikoz eta begi kritikoz jorratuko dituztela. Gu ere horretan ahaleginduko gara, eta horrez gain, saiatuko gara kazetaritza alaitasunez elikatzen, alaitasun militantez".