ARGIAko kideen sarrera-hitzaldia


2018ko urtarrilaren 26an - 18:37
Estitxu Eizagirre, Urko Apaolaza eta Bego Zuza Argiako kideak (Arg: Dani Blanco)

Estitxu Eizagirre

Ez da berdin jakitea edo ez jakitea. Jakiteak beregan dauka aldaketarako aukera, gauzak beste era batera izan daitezen mugitzeko zirrikitua, edo alderantziz, gauzak bere horretan segi dezaten konplize bihurtzen gaitu. Baina jakitea edo ez jakitea ez da berdin. Informazioa da askatasunen oinarria.

Usurbilgo poeta hark esaten zigun bezala, guk ere txoria, askatasuna dugu maite, baina ai, zenbat jende gabiltzan hegoak ebakita! Generoa dela, jatorria, gorputzari zerbait falta omen zaiola, hipoteka, sexu joera, diglosia, adina, errepresio politikoa, hilabete bukaerara iritsi ezina... Batek esango du hainbeste multzo gaudela, ba, gure gaurko gizarte kapitalistak "bakoitza ezberdin, bakan, berezi" egiten duelako. Eta beste batek erantzun diezaioke, gaurko gizarteak diferentziak sortuz zatitu egiten gaituela, elkarren aurka jarri eta batak bestea zapaltzea justifikatzen duela. Ekonomia kapitalistaren gasolina, zapalkuntza dela.

ARGIAn, bereziki, gure gaurko munduko zapalkuntzak kontatzen saiatzen gara, zapalduen ondoan kokatuta. Zapaldu kontzienteei ematen diegu hitza. Eta hitz horiek irakurtzerakoan, sentitzen dugu norberaz ere mintzo direla: bat egiten dugulako zapalduen sentipen eta bizipenekin, edo gu ere zapalkuntza horretan parte garelako, gure jarrera aldatzea eskatzen duelako injustizia hori gainditzeak.

Batek, triste xamar dabilenean, pentsatu dezake ARGIAn lan egitea txantxa makala dela, ia beti zapalduen bizitzak kontatuz, bizi-minetan arakatuz...!

Baina beste era batera begiratzen badugu, juxtu zapaldu kontzienteengan dago askatasunaren hazia. Eta zapalduenen artean ere, beti bada kontatzeko garaipen txiki-handirik. Eta beste era batera begiratuta, gaurko zapalkuntzak seinale handi batzuk ere badira, kapitalismoaren gakoak ari zaizkigulako seinalatzen; eta gaurko zapalkuntzak izan daitezke ere etorkizunaren ateak, zapalkuntza horietan ikusi dezakegulako zer oinarriren gainean eraiki dezakegun biharko herria, biharko gizarte eta ekonomia hori izan dadin guztiontzat askeagoa eta justuagoa.

Urko Apaolaza

Bai ESTITXU, batzuen zapalkuntzaz ari garenean, denon zapalkuntzaz ari gara, eta denon eskubideez hitz egin nahi badugu… ba komeni zaigu ikusezinak diren horien eskubideen zapalkuntzan ere jartzea fokua.

Horretan saiatu gara Zuloan liburuarekin. Abiadura Handiko Trena egiten dabiltzan beharginen ondoan jarri eta haien egoeraz informatzen.

Ez da samurra zuloan aurkitu dugun panorama. Langileen etxolan sartzen bagara, koka-kola latak aurkituko ditugu edonon… gau eta egun luzetan esna mantentzeko kafeina dosiak dira. Ehunka ordu-estra dituzte pilatuta eta ordua 6 edo 7 euro ordaintzen diete. Bai, ondo entzun duzue, 6 edo 7 euro, dietak eta oporrak barne. Oporrak? AHTn oporrak hartzeak esan nahi du indemnizazio gabe kalera joatea.

Abusu horiek jasaten dituztenak, atzerritik ekarritako koadrilak dira: Manuel, Ioan, Nicolai, Joszef, Antonio, Mihai, Mohamed… Furgonetan uzten dituzte toki ezezagun batean, azpikontrataren azpikontratak kontrataturik. Eta babesgabetasun eta beldur horrekin jokatzen dute lan esku merkea eta otzana lortzeko. Estitxuk esan duen moduan, gaurko gizarte kapitalistak bakan eta ezberdin nahi gaitu, guk eta gure erakundeek ikusezinari ezikusia egiteko.

Baina guk zapalkuntza horiek ikusgarri egin nahi ditugu. Manu Robles-Arangiz fundazioak elkarlana proposatu zigunean ez genuen zalantzarik izan. ARGIAn bidelagun ditugu egunero zapaltzen dutenak kaleetako espaloia, baratzeetako lokatza edo obretako porlana; haien bidez soilik jakin dezakegu egiazko errealitate prekarioa zein den, hedabide handietan saltzen diguten hobekuntza ekonomikoarekin zerikusi gutxi duena.

Sindikatu eta hedabide independente baten arteko elkarlan horri esker garaipen txiki-handi bat ere izan dugu ikerketa honetan: zapalduei kontzientzia ernarazi eta azkenean azpikontratak onartu du lan-baldintzak duintzea. 

Botere ekonomikotik ez daude ohituta euskarazko komunikabide xume bat izatea haien trapu-zikinak ateratzen dituena. Ikasi dugu txikiak izanik ere eragin dezakegula; badago bai, zirrikiturik itxaropenerako.

Bego Zuza

Urkok aipatutako garaipen txiki-handiak kolektiboan lortzen dira, eta gaur hemen elkarrekin ospatu nahi ditugu 2017ak ekarri dizkigun beste garaipen txiki-handiak. Lorpen hauek hemen gauden eragile guztien eta hemen ez dauden beste hainbesteren lanaren emaitza baitira.

Abenduan atera genuen Euskaraz Bizi Nahi Dugunon Mapak erakusten du euskara ulertzen dutenen kopurua, herriz herri, guk uste duguna baino dezente handiagoa dela. Zorionak denoi, eta baliatu dezagun bakoitzak bere esparruan euskararen aldeko neurri ausartagoak hartzeko.

Beste garaipen txiki-handi bat da, zapalduei ahotsa ematen dien ARGIA, urtez urte indartsuagoa dela. Hedapenean, ARGIAk jauzi handi bat egin du 2017an, Kataluniako independentziaren jarraipen informatiboarekin. Jende asko eta asko izan da Kataluniako albisteak jarraituz, lehen aldiz ARGIAra sartu dena eta erreferendum egunean jasotako audientzia historikoa izan zen. Eta geroztik, gure eguneroko audientziak koska bat gora egin du. Eta ARGIA gero eta indartsuagoa da, baita ere, gero eta jende gehiago garelako, kazetaritza proiektu hau ekonomikoki babesten dugunak. 2017an ARGIAkoa egin den jende kopuru berria azken hamarkadetako handiena izan da. Eta horietako asko gazteak dira.

Beste lorpen kolektibo bat da, erakunde publikoen eta hedabideen sektorearen arteko harremanak hobetu egin direla 2017an. Urte asko pasatu ditugu ARGIA Sari hauetan ere, instituzioei eskatuz euskarazko medioen aldeko apustua egiteko, hori dela herri hau euskalduntzeko bide eraginkorrenetakoa, diru-laguntzen formula agortuta zegoela eta beste bide batzuk esploratu behar zirela esanaz… eta pozik adierazten dugu, euskarazko hedabideen sektorea batzen duen Hekimenek, Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, martxan jarri dutela 2018rako lanketa serioa, konfiantzazkoa, eta itxaropentsua.

Bai, badirudi finantziazio bideak aldatuko ditugula. Erakundeen eta hedabideen arteko harreman berri bat sortuko dela dirudi, eta konfiantza dugu harreman hori izango dela euskarazko komunikazioaren sektoreari dagokion duintasuna ekarriko diona. ARGIA, gainerako euskarazko hedabideak bezala, ekonomikoki hauskorra da, baina ongi dakigu zein den ARGIAren balio nagusia: kazetaritza independentea. Altxor horri eutsiz ARGIA indartzen duten harreman berri guztiak ongi-etorriak izango dira, eta baditugu hamaika proiektu eta amets finantziazio faltan, beraz, erakundeekiko tratua duintzen bada, pozik jarriko ditugu martxan.   

Estitxu Eizagirre

Bukatzeko, 2017an beste garaipen txiki-handi bat izan dugu, informatzeko askatasunean. Gogoratzen, Espainiako Gobernuak Mozal Legea aplikatuta, ARGIAko Axier Lopezi jarri zion isuna, atxiloketa baten argazkia zabaltzeagatik? Mozal Legea lehen aldiz kazetari bati aplikatzen zion zigor horren aurrean, #KazetaritzaEzDaDelitua ekimenak elkartu gintuen herritarrak, gizarte elkarteak, eta baita EAEko eta Nafarroako Legebiltzarrak ere. Erantzun bateratu horren lorpena izan zen, kazetaritzarekin lotutako lehen auzi honetan Mozal Legeak atzera egin zuela. Izan ere, epaiketaren bezperetan, isuna indargabetu zuen Javier de Andres, EAEko Espainiako Gobernuaren Ordezkariak.  Denon arteko garaipen hau ospatu dezagun denon artean, eta egunero borrokatu dezagula euskal erakunde nagusiek orduan hartu zuten konpromisoa betetzen dutela, alegia, Mozal Legea ez aplikatzea, tamalez, geroztik oso maiz urratu baitute orduan eman zuten hitza. Adibidez, Ertzaintzak Hala Bediko Mikel Saenz de Buruagari isuna jarri zionean, Errekaleorreko argi mozketaz informatzeagatik.

Eta informatzeko askatasunaren alde, azken hitz hauekin ARGIAko lan taldeak bere babes eta elkartasun osoa adierazi nahi dizkie Gara egunkariko kideei. Justiziaren alde oso gutxi esaten du, Iñigo Cabacas herritarra ertzainen pilotakada batek hil ostean, epaituak izango diren lehenak, biktimaren abokatua eta kazetariak izateak, eta ez heriotza haren arduradunak. Zergatik eta, besteak beste, operazio polizial hari buruzko grabazio oso esanguratsu bat zabaldu izanagatik, alegia, kazetaritza lana egiteagatik. Jakin edo ez jakin, ez delako berdin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude