ARGIAk 100.000 argazki jarri ditu publiko lizentzia librean

  • ARGIAren Fototekan 1960ko hamardakatik gaur egunera arteko milaka argazki daude erabilgarri gaurtik aurrera. Euskal Herriaren historia hurbilari buruzko bere ondare grafikoa herritarrekin partekatzeko helburuz sortu du ARGIAk Fototeka.argia.eus webgunea, eta horretarako bere komunitatearen babesa ezinbestekoa izan da. Proiektu irekia da eta etengabe elikatuko da.


2026ko otsailaren 26an - 09:24
Azken eguneraketa: 10:34
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

ARGIA Fototeka martxan da, Fototeka.argia.eus helbidean. 100.000 argazkitik gora biltzen ditu, denak lizentzia librean eta kalitate handian deskargatu ahal izateko moduan. Tamaina eta izaera horretako eduki libreko Euskal Herriko irudi-banku handiena da, eta munduko handienetako bat.

Ehun urteko historian hamaika gertakari historikoren lekuko izan da ARGIA eta 1960ko hamarkadatik aurrera horietako asko irudiz jaso ditu, batez ere 1976an magazin formatua hartu eta argazkiei toki gehiago egiten hasi zenetik. Artxibo hori handitzen joan da hamarkadaz hamarkada, 700 argazki egilek baino gehiagok egindako ekarpenari esker. Bere ondarea herritarrekin partekatu nahi du orain ARGIAk.

Nabarmentzekoak dira 1970eko eta 1980ko hamarkadako argazkiak: manifestazioak, atentatuak, protesta ekosozialak, euskalgintzako mugimenduaren ekimenak, bertso jaialdiak... Milaka argazki dira, asko sinadurarik gabeak, erredakzioko garai hartako kazetariek edo kolaboratzaileek eginak.

Azken hamarkadetako argazkiak ere badaude, M8ko manifestazioak, herri harresiak, edo greba orokorrak, batzuk aipatzearren. Eta horrez gain, ARGIAn urteotan guztiotan elkarrizketaturiko politika eta kultura munduko ehunka pertsonaia ezagunen erretratuak aurkitu daitezke.

Martxoak 8ko manifestazioa. Dani Blanco / ARGIA Fototeka

Urte askotako lanaren emaitza

Duela hainbat urte hasitako lanaren emaitza da Fototeka. ARGIAren argazki artxibo zaharra galtzeko zorian zela ikusita, berreskuratu eta digitalizatzeari ekin genion, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz eta, batez ere, ARGIA diruz babesten duten milaka harpideei esker. Bide horretan, webgunea antolatu eta argazkilariekin harremanetan izan da ARGIA, proiektua azaldu eta ekarpenak jasotzeko.

Argazkiak Creative Commons lizentzia libreetan daude eta erabiltzaileek lizentzia horien baldintzak errespetatu beharko dituzte ezinbestean, esaterako egilea eta iturria behar bezala aitortzea. Fototekaren helburuetako bat argazkien atzean dagoen lana modurik onenean ikusarazi eta aitortzea da. Horretarako, webguneak argazkien inguruko informazio zehatza eskaintzen du, gaia, egilea, protagonista eta urtea barne.

ARGIAk edukiak libre eskaintzeko egindako hautuan urrats bat gehiago da honakoa, komunikazio proiektu honek kultura librean sinesten duelako. Zentzu horretan, Fototeka proiektu irekia da, etengabe elikatzeko bokazioz jaioa, eta herritarrek etxean dituzten argazki historiko eta esanguratsuak ere igo ahal izango dituzte bertara, baldintza eta berme guztiekin.


Komunikazioa kanalean gehiago
2026ko abuztuaren 14
Izarrak ikusteko begiratokiak
Lau puntu kardinal, mila dir-dir zeruan

2026ko abuztuaren 13
Hiriko basabizitza
Urubien atzetik

2026ko abuztuaren 12
IRITZIA
Eklipsearen eklipsea

2026ko abuztuaren 11
IRITZIA
Udako malenkonia

2026ko abuztuaren 5
Editoriala
Orok egur

2026ko abuztuaren 4
Basauriko Hamaikak
Abortuaren jazarpena, epaitua

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...