Kronika: lau orduko burbuila

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

2026ko urtarrilaren 30ean - 16:00
Azken eguneraketa: 20:39
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ez naiz ohartu sartu naizenean. Atxega Jauregiko atarian jendea biltzen hasia da eta haizeak harrotzen dituen orrazkera batzuk kenduta, jendea kontent sumatzen da. Betikoa, mokadu txiki bat, lehen elkarrizketa eta agur batzuk, familiako argazkia eta euria hasi aurretik barrura.

Mahaian eseri, borobilean gaudenon aurkezpen laburrak egin, eta goxoki etorri zait burura: “Zein ederki nagoen, ze lasai”. Kanpoko erauntsitik salbu, giro barea dago jangelan, giro euskalduna, giro alaia. Argia Sariek egiten diote lekua elkarrizketari, eta nik bezala, uste dut beste gehienek ere, aprobetxatzen dugu aspaldi egon gabeekin hitz egiteko, gutxi egondakoekin gehixeago egoteko eta sekula egon gabeak ezagutzeko. Bertan izan da, urtero bezala, hedabideetako, euskalgintzako, kulturgintzako eta erakundeetako ordezkaritza zabala eta txalotu dute saritu bakoitza. Txalotu dugu Aroztegiko Elkartasun Komitea, ia ehun kulturgilek ondutako Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi Jakin-en zenbaki berezia, txikitik sortutako Enarak dokumentala, diskurtso arrazista, xenofobo eta islamofoboen aurrean Antxeta irratiak egiten duen ikerketa kazetaritza lana, euskarazko produkzio zientifikoaren Inguma datu-basea eta Bilboko basamortuan duela 30 urte sortutako Zenbat Gara elkartea. Eta txalotu ditugu, nola ez, Luis Mari Ralla Arruti, Beñat Ralla Yusta, Higinio Oiartzabal Idiakez, Begoña Lejarreta Unzueta, Koldo Txokarro Fernandez eta Camino Asiain Yarnoz, 50 urtez ARGIA babestu duten harpidedunak.

“Iraultza gehitxo esatea izango da, baina ARGIAn 2026an amets egiteko asmotan gabiltza”, esan du Olatz Korta ARGIAko kideak Usurbilgo diskurtsoan. Elurre Iriarte Aroztegiko Elkartasun Komiteko kideak “anbizioa” azpimarratu du.

Atera naizenean ohartu naiz. Burbuila batean egon naiz. Euskaraz, auzolanean, beste erritmo batzuetan, ekinez eta eginez baina patxada bat emanez, txikitik handira anbizioz bizi nahi duen herri bat irudikatzen duen burbuila batean. Lau ordu besterik ez dira izan, eta atera naizenean ohartu naiz, baina zoriontsu izan naiz burbuilan. Lanean jarraitzea tokatzen da, burbuila izan gabe, euskaraz, auzolanean, patxadaz, txikitik, ausart eta anbizioz biziko den herria amets.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.