Gaur, ostirala, banatuko dira euskarazko kazetaritza eta komunikazioaren sariak, 37. edizioa izango da. Euskal hedabideetako eta kulturako ehundik gora lagun bilduko dira bazkari baten bueltan, eta 16:00etan egingo da sari banaketa. Lehen aldiz Alaia Gaztelumendik egindako garaikurrak jasoko dituzte saridunek.
37. edizioa izango da urtarrilaren 30ekoa. Gonbidatuak 13:00ean gerturatuko dira Usurbilen dagoen Atxega Jauregira eta zizka-mizken inguruan berriketarako tartea egongo da. Ohiturari jarraituz, hedabideetako, kulturako eta erakundeetako ordezkariek argazkia aterako dute. Bazkariaren ondoren, Jon Torner eta Aimar Uribesalgo 'Kevin' Beranduegi podcasteko kideek aurkeztutako ekitaldian sariak banatuko dira.
Sei sari banatuko dira aurten: entzunezkoa, ikus-entzunezkoa, prentsa, Internet, komunikazio kanpaina eta merezimenduzkoa. Bazkalondoren, 17:00etan sariak jakinarazi bezain pronto, ARGIAren webgunean egongo da informazio guztia. 20:00etan saio osoa ikusi ahal izango da argia.eus-en.
Urte osoan zehar, ARGIAn lanketa egin ondoren, udazkenean herritarrei galdetu zitzaien proposatzeko Argia Sariak nork merezi dituen, eta urtero bezala, ARGIAko lantaldeak erabaki du euskarazko komunikazioan nor nabarmendu den 2025an. Ez dute dirusaririk saridunek, baina ARGIAren aitortzarekin batera, Alaia Gaztelumendi eskultoreak egindako garaikurra emango zaie. Anton Mendizabalen lekukoa hartu du aurten Gaztelumendik, eta oroigarriak egiteko prozesu luze baten ondoren, prest daude zeramikazko piezak.
Aurreko edizioei eta sarituei buruzko informazio guztia Argia Sariak kanalean kontsultatu daiteke.