Gaztetxearen desalojoaren harira, Eibarko Gaztetxeko kideek prentsaurrekoa egin zuten pasa den ostiral arratsaldean. Ertzaintzaren jarrera, Eibarko Udalaren konplizitatea eta Amenabar enpresaren espekulazio asmoak salatu zituzten.
Maiatzaren 21eko goizeko 11:00tan, Eibarko Epaitegiaren aginduz, Ertzaintzak Gaztetxearen desalojoari ekin zion. Gaztetxeak ez zuen aurretik jakinarazpenik jaso, eta hustuketaren berri izan bezain laster, asanbladako zenbait kide azalpen eske gerturartu ziren ertzainengana.
Gaztetxea hogei bat ertzainez inguratu zuten, eta gaztetxetik jakinarazi zutenez, bertatik pasa nahi zuen orori bidea moztu zioten, baita bizilagunei ere. Kideek operatiboaren arduradunarekin hitz egin ostean, hiru pertsonari gaztetxera sartzeko aukera eman zieten, materiala atera zezaten: “Bi neska eta mutil bat”, gaztelera hutsean. Goizalde osoan, halaber, bertaratutako lau lagun identifikatu zituen poliziak, eta bati isuna jarri zion.
Ertzaintza, udala eta Amenabar
Ekainak 5 ostiraleko prentsaurrekoan ertzaintza, udala eta Amenabar kritikatu zituzten asanbladako kideek. Udalari “sozialki eta politikoki konprometiturik dagoen espazioa” komeni ez zaiola adierazi zuten, eta salatu “herri eredu ustel honetan” ez dagoela autogestiorako tokirik.
Ertzaintzari, bestetik, bortizki aritzea, uneroko jazarpena eta “erdara hutsean” ibiltzea egotzi zioten, “Polizia indarrek duten jarrera ikusita, dagoeneko harritzen ez gaituen zerbait”.
Gaztetxeko kideek aspalditik ohartarazi dute desalojoaren atzean Amenabar eraikuntza enpresa dagoela, eta udala bere esanetara dagoela. Salatu dute Amenabar gaztetxe inguruko auzoaren %60-70aren jabe dela, eta udalak, enpresarekin harreman “estuan”, auzoaren “modernizazio” plan bat aurrera daramala. Espekulazio plana, gaztetxeko kideen arabera.
Prentsaurrekoan deitoratu dute Eibarren egiten diren “obra publiko eta pribatu gehienen exekutatzaileak berdinak” izatea. Gazteen esanetan, “berriro ere” agerian geratu da “nork duen boterea Eibarren, eta beste askok zeri dioten beldur”.