argia.eus
INPRIMATU
Argentinako Emakumeen eta Disidentzien Bilkura Plurinazionalak milaka pertsona bildu ditu
  • Bilkuraren XXXIV. edizioa ospatu dute La Platan. Milioi erdi pertsonatik gertu bildu dira borroka feministarako estrategia eta kontsentsuei bide emateko.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 15a
(Argazkia: @MalvinaGareca)

Laura Salomé Canterosek Hordagon adierazi duenez, 350.000 eta 500.000 mila pertsona artean bildu dira asteburuan Argentinako La Plata hiriburuan burutu den Emakumeen eta Disidentzien Bilkura Plurinazionalean. Emakume, lesbiana, trabesti, trans eta norbanako ez binarioen topaleku izan ohi den bilkura 1.986an egin zen lehen aldiz, eta 34. edizioa zuen aurtengoa. Aurrenekoz, izaera “plurinazionala” aitortu diote, emakume indigenen eskariz eta herri maputxeak bere lurren subiranotasunagatik burutzen duen borrokari errespetua agertuz.

Autogestioa oinarri hartuta antolatzen da bilkura, eta mugarik gabeko feminismoaren eraikuntza du helburu. Borroka feminista gauzatzen jarraitzeko estrategia eta kontsentsuak bilatzen dituzte bertan. Eztabaida, hausnarketa eta ekintza anitzek bete dute egitaraua.

Salomék egindako bilkuraren kronikaren arabera, ekintza esanguratsuenetarikoa Abya Yalako ekintzaile feminista eta giza eskubideen defendatzaileen hitzartzea izan zen. Esanguraz beteriko hitzak helarazi zizkieten entzuleei: “Gure porposamena da genealogia askotarikoak eta borroken irakaspen errebeldeak elkarri lotzea indarkerien kontra borroka egingo duten feminismoak eraikitzeko; klase feminismoak, antiarrazistak, antipatriarkalak eta herritarrak (…) Gure feminsimoek kontserbadurismoak gainditzeko erronka dute aurrean, beharrezko iraultzak geure identitate eta kolore guztiekin idatzi eta marraztu ahal izateko”.