argia.eus
INPRIMATU
Argantzon ur hornidurarik gabe utz dezakete AHTren eraikuntza lanek
  • Argantzongo Udalak ohartarazi du arriskua dagoela AHTren obrek Argantzon eta Billa Okako ur horniduran eragiteko. Hori jaso du argitaratu berri den Burgos-Gasteiz AHT linearen "Ingurumeneko Inpaktuaren Adierazpena" txostenak.

Leire Artola Arin 2021eko urriaren 07a
AHTren ibilbide ia osoak zeharkatuko du ur hornidurarako akuiferoa.

Abiadura Handiko Trenaren obrek eragina izan dezakete Lapuebla eta Billa Okako ur horniduran, Burgos-Gasteiz AHT linearen "Ingurumeneko Inpaktuaren Adierazpena" txostenaren arabera. Dokumentuaren arabera, AHTaren ibilbide ia osoak igarotzen du etorkizuneko hornikuntzetarako eremu babestua. Udalak azaldu duenez, txostenak “onartu” egiten du akuifero hori Argantzon hornitzeko ustiatzen dela. Salatu dute arazo horren aurrean ez dutela irtenbiderik aurkezten, baizik eta soilik “jarraipen hidrologikoa” egitea proposatu dutela, Lapuebla eta Billa Okako hornidurei “kalterik ez egiteko”. Gainera, testuak dio zenbait ur-puntu identifikatu beharko direla, trazadura gertu dagoenean suntsitzeko.

Jarraipena "ez da nahikoa"

Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo alkateak azaldu du “erabat onartezinak” direla txostenak biltzen dituen ondorioak, eta ez dela nahikoa jarraipena egitea: “Ez dugu ulertzen nola onartzen diren afekzio larri horiek, eta nola ez den neurririk hartzen horiek arintzeko”.

Alkateak gogorarazi du 2018an Argantzonek aurkeztutako alegazioan eskatu zutela obrek izan zezaketen “inpaktu konponezinari” aterabidea emateko, baina kritikatu du “entzungor” egin diela Trantsizio Ekologikoko Ministerioak, argi berdea eman baitio AHTren proiektu zati horri. Ortiz de Latierrok gehitu du obrak uretan izan dezakeen eragina mendigune osora zabaltzen dela, eta, halaber, bost erreka zeharkatzen dituela. “Gure udalerriari ondorio larriak ekarriko dizkio proiektu guztiz jasanezin honek”, salatu du.