argia.eus
INPRIMATU
Arbonako eskolara bideratu lurren kutsadura aztertzeko eskatu du Paueko Administrazio Auzitegiak
  • 40 urtez zabortegi gisa erabilitako eremu batean ari dira eskola publikoa eraikitzen. Kutsadura arriskuak kontuan harturik, leku aldaketaren alde dabil borrokan Hats Berri Bat Arbonari deitu oposizioko taldea. 2024ko irailean abiatuko den ikasturterako bukatu nahi ditu obrak herriko etxeak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko otsailaren 01a

Egoeraren larritasuna ikusirik, Paueko Administrazio Auzitegira jo zuen iazko otsailean Hats Berri Bat Arbonari oposizioko taldeak, eta epaia jakin berri dute: justizia aditu batek ikertuko du lur horien kutsadura heina.

Berean segitzen du Mari-José Mialocq auzapezak, erranez "ez dagoela inolako arazorik" eta segurtasun neurri guztiak bideraturik dituztela. Hauteskunde kanpainan hitz emandako egitasmoa zuen eskola publikoarena. Berria-n irakurri daitezke bere adierazpenak: "Egin behar zena baino gehiago egin dugu, derrigorrezkoak ez ziren ikerketak ere egin ditugu, eta lasaitu gaituzte. Sinesgaitza iruditzen zaigu jadanik eginak izan diren azterketak berriz egin behar izatea. Zer denbora galtzea, zer diru galtzea, baina nork ordainduko du?".

Berez, oposizioko taldea ez da eskola eraikitzearen aurka: "Gu ez gara eskola berria eraikitzearen kontra, baina gure ustez beste leku batean eraiki behar zen. (…) Jadanik milioi bat euroko gastua egina izan da. Kutsadura kentzeko neurriak hartu behar badira, dena berriz hasi beharko da. Herritarren dirua xahutzen ari dira".

Iazko otsailean, herriko etxeak ikerketa bat agindu zion APAVE ikerketa bulegoari, eta hark hainbat produkturen presentzia detektatu bazuen ere, eskola eraikitzeko proiektuarekin bateragarria zela ondorioztatu zuen. Egoeraren larritasuna kontuan ez hartzea leporatu zion ikerketa bulegoari Hats Berri Bat Arbonari taldeak. ARS eskualdeko osasun agentziak ere deitoratu egin zuen "azaleko azterketa" burutu izana. Hori horrela, Administrazio Auzitegira jotzeko erabakia hartu zuten.

2024ko irailerako ikasturte berrirako bukatzekoak dituzte obrak.