Asexualitateari buruzko hitzaldi bat emanen du Silviak, Iruñeko E28J plataformako militanteak eta asex aktibistak, Iruñeko Kondestablearen jauregian, ekainaren 19an, 18:30ean.
“Asexualitatea da sexualitatearen edo erakarpen sexualaren ikusmolde soziala haustea. Hau da, izan daiteke inoiz ez sentitzea erakarpen sexuala edo gizarteak ohikotzat jotzen duena baino erakarpen gutxiago sentitzea”. Horiek dira Silviaren hitzak. Ostiral honetan, 18:30ean, asexualitatearen inguruko hitzaldi bat emanen du Iruñeko Kondestablearen jauregian. Denentzako espazio bat izatea nahi du.
Nabarmendu du “oso ezezaguna” izateaz aparte, asex identitateak ez duela ikusgarritasunik. Hori izan da hitzaldia antolatzeko arrazoietako bat: “Jende askok uste du ez dela existitzen”. Sentitzen du ere, kuir komunitatearen barruan, ertzetan geratzen den identitate bat dela: “Testu bat edo zerbait egiten dugun bakoitzean atzetik ibiltzen naiz, azpimarratzen ‘A’ hizkia. Proposatu nuenean hitzaldiarena ongi ikusi zuten, baina kide batek esan zidan ea okurritzen zitzaidan nork hitz egin zezakeen. Nire burua aurkeztu nuenean esan zidan ea prest nengoen arriskatzeko. Zergatik ez?”. Horregatik, uste du garrantzitsua dela gaiaz hitz egitea.
Indarkerian ere jarriko du arreta hitzaldian. Salatu du emakume transek eta bisexualek eta pertsona asexualek indarkeria sexual gehien pairatzen duten pertsonak direla. Pertsona asexualen kasuan, harreman sexualak mantentzeko “presio handia” dagoela dio “mundu guztiak” harreman sexualak mantentzen dituen ideia dagoelako: “Bortxaketa zuzengarria dagoenez, sinestera iritsi zaitezke ez zarela asex, eta behin eta berriz saiatu ikusteko ea azkenean gustuko duzun”. Bortxaketa zuzengarria da pertsona bat bere orientazioagatik edo genero identitateagatik bortxatzea, aldatzeko asmoz. Presio sexuala batez ere bikotean sentitzen dela azpimarratu du: “Orokorrean aintzat ematen da harreman sexualak izan behar dituzula. Bikoteen kasuan, sozialki ulertzen da norbait maite baduzu harreman sexualak izan nahiko dituzula pertsona horrekin”.
Beste indarkeria mota bat da identitatea ukatzea eta patologizatzea. 2013tik, asexualitatea ez da DSM eskuliburuan (Buru nahasmenduen diagnosi eta estatistika eskuliburuan) agertzen. Alabaina, mugimendu eroak salatzen du, beste izenen bidez patologizatzen dutela; kasu honetan, mugako nortasunaren nahasmenduarekin. “Hasieran jendeak uste du ziurrenik ez zarela asexuala izango, eta traumen, esperientzia txarren edota min hartu izanaren ondorio izanen dela. Beste batzuek uste dute hormona edo gorputz nahasmendu bat dela edota sufrimendu psikologikoa. Badira psikologo txar batzuk trauma bilatzen dutenak. Horrek guztiak patologizatzen du”, salatu du Silviak.
Erakarpenak arakatzeko leku
Konplexua den arren, desira eta erakarpena bereizi ditu: “Erakarpena izango litzateke beste pertsona edo ekintza batekiko gogoa edo nahia. Desira aldiz, norberarekiko da. Adibidez, desira izan dezakezu, eta masturbatu eta horretan geratu. Desirak ez du zertan beste pertsona batean proiektatuta egon behar”.
Hitzaldia harremanak sortzeko moduak eta erakarpen motak arakatzeko eta zalantzan jartzeko aukera izatea nahi du: “Arau sozialak esaten du sexu harremanak gustatu behar zaizkizula, baina ez dugu ikusten arau soziala gezurra dela”. Harremanak sortzeko moduen inguruko zenbait gogoeta egin nahi ditu, gero horiek guztiak zalantzan jartzeko: “Pertsona bat gustuko badut, ematen du nire bikotekidea izan behar dela, harreman sexualak mantendu nahiko ditudala pertsona horrekin, besarkatzeko gogoa izanen dudala eta dena kontatu beharko diodala. Dena elkartzea eta bikotekidea lehenestea arau sozialaren parte da baita ere. Hori guztia joanen gara aztertzen”. Uste du lagungarria izan daitekeela, pertsona alosexualek –asexualaren kontrakoa– aztertzeko zer-nolako erakarpenak sentitzen dituzten.