Arartekoak Patxi Ezkiagaren sexu abusuen biktimen erreparazio aitortzaren beharra azaldu du

  • EAEko Arartekoak salatu du, Patxi Ezkiaga irakasleak egindako sexu abusuen biktimek eskatu duten “erreparazio kolektiboa, morala eta soziala” ukatu diela La Salle ikastetxeak. “Erreparazio osoa” eta biktimen aitortzaren beharra azpimarratu ditu.

La Sallek Patxi Ezkiagak egindako sexu abusuei "neurri indibidualen" bitartez erantzungo diela adierazi du. Wikipedia Commons

2026ko martxoaren 11n - 12:36
Azken eguneraketa: 2026-04-09 13:30
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

2024eko maiatzean argitaratu zen Loiolako (Gipuzkoa) La Salle ikastetxeko irakasle eta zenbait urtez zuzendari izandako Patxi Ezkiagak egindako sexu abusuaren lehen aitortza. Geroztik, 26 testigantza jaso dira, 8 eta 17 urte arteko edadea zutenean Ezkiagak egindako abusuen berri emateko. Biktimek Arartekoarengana jo zuten sexu-erasoen aitortza publikoa eta erakundeen babesa lortzeko helburuarekin. “Erreparazio kolektiboa, morala eta soziala” ardatz harturik, biktimen eta ikastetxearen arteko bitartekaritzaz arduratu da Arartekoa. Hasiera batean, La Salleren erantzunarekin baikor azaldu arren, ikastetxeak biktimekin negoziatzeari, hitz egiteari, elkarlanean aritzeari eta erantzukizuna hartzeari uko egin diela salatu du asteartean Arartekoak.

Arartekoak abusuen larritasuna eta “memoriarako eta berriro ez errepikatzeko” beharra azpimarratu ditu. Aitortza eta erantzukizun instituzional eta kolektiboa eskatu ditu. “Erreparazioak osoa” izan behar duela eskatu du, “terapeutikoa, soziala, morala eta kolektiboa”, eta ezin dela konpentsazio indibidualetan eta keinu sinbolikoetan gelditu. Bere historia eta jokabidea kritikoki azter ditzan eskatu dio ikastetxeari. 

Negoziatzeko prest zeuden ondorengo bost eskakizunak egin zizkioten biktimek ikastetxeari: Ezkiagaren sexu abusuak salatzeko ohar publiko bat argitaratzea eta kongregazioaren webgunean eskegitzea; eskolan ekitaldi publiko eta sinboliko bat antolatzea, kalteak onartu eta barkamena eskatzeko; kongregazioak egindako barne ikerketa eskuratzea; hala nahi zuten biktimek eskolaren eta kongregazioaren arteko topaketak egiteko aukera egotea; eta biktimek izandako tratamenduak finantzatzea.

Biktimek adierazi dute kongregazioak erreparazio neurriak ukatzea "beste kolpe mingarri bat" dela eta atsekabetuta, haserre, minduta eta triste azaldu dira erantzunarekin. Azpimarratu dute jasotako erantzunak ez duela arduradunik izan, ez duelako kongregazioaren logotiporik, sinadurarik eta izen-abizenik erakusten. 

La Salle ikastetxeak PRIVA planarekin jarraituko du

PRIVA plana, jasandako abusuen eraginez auzitara jo ezin denean edo abusatzailea hilda dagoenean aktibatzen den plana da. Espainiako Eliza katolikoak sortu zuen sexu abusuen biktimek kalte ordainak jaso ditzaten. Kongregazioak plan horri jarraituko diola adierazi du eta biktimen eskaera baztertuko duela, orain ez dutelako haien neurriak betetzeko aukerarik ikusten “oso zailak” baitira. Ez dute negoziatzeko edo erdibideko aukerarik ikusten.

Abusuen testigantzak jaso ziren

2024ko maiatzaren 30ean argitaratu zen Marisol Zamorak egindako lehen testigantza eta ondoren, orotara, 26 jaso dira. Erasoak 1989tik aurrera egin zituzten, ikastetxea mistoa izatera igaro zenean. Biktimek abusuak maiz ematen zirela azaldu dute. Bere gainean eserarazi eta bular zein genitalak ukitzen zizkiela. Udako kanpamenduetan ere Ezkiaga urtero arratsaldez haur batekin “bizpahiru orduz desagertzen” zela jakitera ematen zuten. Irungo ikastetxeko kide zen Sebastián Grandmontagneren abusuak ere salatu zituzten biktima batzuek eta erakundeari egoeraren berri eman arren, ez zutela erantzunik jaso salatu.

 


Sexu Erasoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.