140 lagun kaleratu ditu Iruñeko Udaltzaingoak astelehen goizaldean, kalean euria eta sei gradu zirela. Udalak esan du etxegabetuei lagundu eta aldi baterako alternatiba eskaini diela, baina hainbat elkartek zalantzan jarri dute bertsio hori, eta egoeraren larritasuna salatu dute. Hainbat etxegabetuk beraien burua zauritu dute protesta modura, eta udaltzaingoak atxiloketak egin ditu. Hainbat kolektibok kontzentrazioa deitu dute asteartean 19:00tan, Nafarroako Gobernu parean.
Negu Gorriak taldeak salatu du Iruñeko 50 bat udaltzainek dozenaka lagun desalojatu dituztela Iruñeko Aranzadi agustindarren komentutik, astelehen goizaldean. 75 izan dira kaleratuak, bertan egunero gaua pasatzen zutenak, baina denera, 140 lagun inguruk erabiltzen zuten espazioa egunerokoan gauzak gordetzeko, beste leku batzuetan lo egiten zuten bitartean, Katakraken edo Matalazen, esaterako. Elkarri Laguntza taldeak salatu du: “Egoera ezin zaurgarriagoan dira pertsona horiek, oinarrizkoena ere ez dute, errolda eta paperak lortzeko prozesuetan murgilduta daude gehienak. Eta udalak kale gorrian utzi ditu aurretik abisurik eman gabe eta alternatibarik eskaini gabe”. Astelehen goizean Iruñean euria ari zuen, eta tenperatura 6 gradukoa zen.
Goizaldeko 06:30ak aldera hasi da Iruñeko Udaltzaingoa eraikina husten. Orduan Udalak hartu duen jarrerarekiko bertsio ezberdinak zabaldu dira. Udalaren arabera, udaltzainek etxegabetuak beren gauzak jasotzen lagundu eta Karmengo kaleko On Egin izeneko udal jantokira lagundu dituzte. Gaineratu du, bertan gosaria eta hamaiketakoa eskaini eta hainbat motatako bizitegi alternatibak eskaini dizkietela, beren egoerari aldi baterako irtenbidea emateko.
Bertsio hori, baina, zalantzan jarri du lehen momentutik Negu Gorriak taldeak. Euren arabera, “mahai gainean jarri den gauza bakarra Iruñetik ateratzeko autobus-txartela izan da, Iruñetik alde egin dezaten". Desalojoan, gainera, udaltzainek “ez diete utzi komentura sartzen gauzak hartu ahal izateko”, tartean, euren egoera administratiboa legeztatu ahal izateko beharrezko dokumentuak. Halaber, udalak aipatu dituen alternatibetara sarbidea izateko, “pasaporteak konfiskatzea jarri diete baldintza modura” gizarte-zerbitzuetatik. Horrez gain, plataformak salatu du etxegabeetako batzuek beren burua zauritu dutela protesta gisara, eta horietako batzuk atxilotu egin dituela udaltzaingoak.
Joxe Abaurre etxebizitza zinegotziak (EH Bildu) azaldu duenez, 2011. urteaz geroztik abandonatua zegoen eraikina, erabilerarik gabe, eta kalteak agerikoak ziren: "Ez ditu betetzen gutxieneko higiene eta segurtasun baldintzak". Hori horrela, tokia zaharberritzea "ezinbestekoa" dela iritzi dio, bi istripu larri gertatu baitira bertan, eta teknikariek esana baitzieten eraikina berehala berritu ezean eraitsi egin beharko zutela. Orain, Iruñeko udalak Agustindarren komentuan zentro soziosanitario bat eraikitzeko asmoa du. Aburrearen hitzetan, adinekoentzako egoitza bat, tutoretzapeko apartamentuak, eta errehabilitaziorako klinika bat eraikiko dituzte bertan.
Hala ere, Negu Gorriak plataformak salatu du etxegabetzearen erabakia ez dela "kointzidentzia" izan; eraikina migratzaileek “autogestionatitako espazio bihurtu aurretik” hustu nahi izan baitu udalak. Izan ere, apirilaren 18rako auzolan handi bat baitzegoen deituta Aranzadin bertan, hamaika kolektibo sozialen babesarekin, espazioa egokitzeko, atontzeko eta garbitzeko. Halaber, plataformak salatu du etxegabetzea beste hirietan errepikatzen den “logikaren parte” dela; hots, “administrazioak eskubideen subjektu politiko gisa aitortu nahi ez dituen pertsonak bazterretara kanporatzeko egiturazko logikaren parte”.
Egoera salatzeko kontzentrazioa deitu dute hainbat plataforma eta elkartek, asteartean 19:00tan Nafarroako Gobernu parean, Karlos III etorbidean.