2022an Espainiako Auzitegi Nazionalak zazpi urte eta erdiko eta lau urteko kartzela zigorrak ezarri zizkien Arantza Zuluetari eta Jon Enparantzari, hurrenez hurren, euskal presoen bitartekaritzan aritzeagatik abiatutako 13/13 auziari lotuta. Auzitegi Gorenak zigorrak berretsi ditu.
Espainiako Auzitegi Gorenak "talde terroristako kide" izatearen zigorra berretsi du 13/13 auzian auzipetuta jarraitzen zuten euskal presoen abokatuentzat. 2022an, Angela Murillo mahaiburu zuen Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak auzi horri lotutako zazpi lagunetatik lau zigortu zituen –Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo absolbitu egin zituen–; bada, hiru urte geroago, espainiar justiziak aurpegi bera erakutsi du.
Arantza Zuluetaren eta Jon Enparantzaren kontrako zazpi urte eta erdiko eta lau urteko zigorrak berretsi ditu Auzitegi Gorenak. Aldiz, Naia Zuriarrainen eta Iker Sarriegiren helegiteak zati batean onartu eta haien zigorrak arindu ditu, bi urtera eta urte eta erdira, ardura "txikiagoa" zutelako.
Hala, epaimahaiak ontzat eman du Fiskaltzaren akusazioa, eta abokatuak "talde terroristan integratuta" zeudela dio. Zuluetaren kasuan armak eta lehergailuak edukitzeagatik ere zigortu zuten, eta horri eutsi dio Gorenak. Gainera, ez du onartu zigorra arintzerik, nahiz eta horretarako zigor-kodeko artikulu bat baliatu zezakeen.
Epaiketan zehar Naia Zuriarrainek eta Saioa Agirrek salatu zuten atxilotu zituztenean torturatuak izan zirela. Baina hala ere Gorenak ez du onartu Zuriarrainen zigorra bertan behera uzteko eskaera. Bere esanetan, psikologoek auzipetuaren salaketa sinesgarria dela ziurtatu arren, ez daudelako tortura horiek frogatzeko "aztarna objektiboak".
2014an atxilotu eta espetxeratuak izan ostean, Zulueta eta Enparantza oso epe luzean eduki zituzten bakartuta –Zuluetaren kasuan hiru urtez–, beste presoekin harremanik izateko aukerarik gabe. Egun ez daude espetxean, eta 2022ko epaiari jarritako helegitearen inguruan Gorenak noiz erabakiko zain zeuden.