Arana auzia: urtebeteko inpunitatea


2026ko apirilaren 29an - 15:18
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Urtebete pasatu berri da Errekaldeko Etxarri Gaztetxearen desalojoan Ertzaintzak Iker Aranari foam bala batekin tiro egin, eta zaurien ondorioz Aranak barrabil bat galdu zuenetik. Gau hartan, auzoko gaztetxea husten ari zirela eta, Iker beste ehunka auzokide bezala hurbildu zen gaztetxera elkartasuna adieraztera. Gaztetxearen aurrean, egoera lasai zegoela, Ertzaintzak tiro bat jo zuen; Iker metro batzuk hurbildu zen, besoak goian zituela, tiro egin izana leporatzeko. Une hartan, ertzain batek zuzen-zuzenean apuntatu eta tiro egin zion barrabiletara.

Hala ikusten da auzokide batek etxeko leihotik jaso zuen bideoan. Grabazio hargatik ez balitz, honezkero kasu hau epaitegietako zakarrontziren batean legoke ziur asko, beste hamaika aldiz gertatu den bezala. Segurtasun Sailak hilabete hauetan ez du inolako frogarik eskaini gertatutakoa argitzeko, eta aztertu dituen 35 gorputz kamerek ez omen dute informaziorik ematen. Aldiz, hain da argia auzokidearen bideoa, oraingoan ezin izan baitute ezkutatu tiro nork egin zuen.

Tiro egiteagatik ikerketapean dagoen ertzainarekin zer gertatuko den ikusteke badago ere, ez dugu uste erantzule bakarra bera denik. Batetik, itxura guztien arabera tiro egiteko aginduak egon zirelako eta polizia buruek egoeraren berri zutelako. Bestetik, Segurtasun Sailak gertutik ezagutzen zuelako polizia operatiboa eta bere oniritzia zeukalako, biharamunean Bingen Zupiriak egin zituen adierazpenetan ikusi zenez.

Badirudi Segurtasun Sailak erabakia hartu duela bere agintea zalantzan jartzen duen protesta ekimen oro kriminalizatzeko eta deuseztatzeko

Hasiera-hasieratik, polizia operazioaren helburua argia zen: Errekaldera elkartasuna adieraztera hurbildu zen jendea bortizki erreprimitzea. Gogora dezagun Arana ez zela izan gau hartan zauritu zuten bakarra. Dozenaka zauritu izan ziren, eta beste hiru ertzain daude ikerketapean, atxilo zeuden bitartean bi gazte jipoitzeagatik. Haietako batek berriki salatu du poliziak furgonetaren barruan jo zuela iseka artean, esku-burdinak jarrita zituela, erabat babesgabe.

Hori da, ordea, poliziaren egiteko nagusia: ordena kapitalista eta klase jabedunen interesak babestea, horiek auzitan jartzen dituenak kolpatuta. Zentzu horretan jarduten du Ertzaintzak ere, euskal enpresarien eta agintarien zerbitzura. Egiturazko funtzio horri gaur egun Europa osoan hedatzen ari den bilakaera autoritarioa gehitu behar diogu gainera, estatuaren errepresio aparatuak gogortzea eragiten ari dena.

Gurean, Aranarenaz gain, Ertzaintzaren beste hainbat bortizkeria kasu izan dira azken hilabeteetan. Gogoan ditugu Xuhar Pazosen eta Amaya Zabarteren kasuak; edota Palestinaren aldeko ekimenen, deialdi antifaxisten, grebalarien eta abarren aurkako erasoak. Merezi du aztertzea zeri erantzuten dion poliziaren bortizkeriaren gorakada honek.

Batetik, badirudi Segurtasun Sailak erabakia hartu duela bere agintea zalantzan jartzen duen protesta ekimen oro kriminalizatzeko eta deuseztatzeko. Bestetik, eta aurrekoari lotuta, nabarmena da Ertzaintzaren barruan eskuin-muturreko sektoreen gorakada bat dagoela, polizia gogorrenaren aldeko lobby bezala diharduena. Ez da kasualitatea martxoko hauteskunde sindikalak Euspelek irabazi izana. Ultraeskuineko sasi-sindikatu hori Ertzaintzaren Berrozi taldetik sortu zuten, eta polizia are gehiago armatu behar dela aldarrikatuz gehiengo zabala lortu du, bereziki, borra kolpeka aritzen den brigada mugikorrean. Eusko Jaurlaritza jakitun da sektore horren presioaz, baina ez du haren kontrako neurririk hartu nahi, azken batean, lan zikina egiteko haren beharra duelako. 

Justizia Aranarentzat plataformatik lanean jarraituko dugu Ikerren kasuan inpunitatea ez nagusitzeko. Aski ondo dakigu epaitegiak ez direla justiziaren berme izaten horrelako kasuetan. Poliziaren inpunitatearen aurka borrokan jarraitzea da poliziaren bortizkeriari galga jartzeko aukera bakarra; langileon eskubide politikoen defentsa indartzea da Ikerrentzat justizia egin eta etorkizunean inork antzeko erasorik ez pairatzeko bermea.

Josu Lagos, Justizia Aranarentzat plataformako kidea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.