‘Aramburu Auzia’ Parisen: 27 eta 20 urteko kartzela zigorrak galdetu ditu fiskalak hilketaz akusaturiko bi pertsonentzat

  • Irailaren 7an abiatu ostean, ostiral honetan bukatuko da Federico Aramburu Miarritzeko errugbilari zenaren hilketari buruzko epaiketa. GUD Groupe Union Défense [Batasuna Defentsa Taldea] talde neofiaxistan elkar ezaguturikoak dira hiru epaituak: Romain Bouvier, Loik Le Priol eta Lyson Rochemir. Arambururen hilketan premeditazioa eta erailtzeko nahia izan zirela ondorioztatu du Philippe Courroye fiskalak.


2026ko irailaren 24an - 11:12
Azken eguneraketa: 12:25
Federico Aramburu zenaren senideak Pariseko auzitegian. AFP
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Asteazkenean honetan jakin da Philippe Courroye fiskalaren zigor-eskaera: Loik Le Priol akusatu nagusiaren kontra 27 urteko kartzela zigorra, hilketa leporatuta; Romain Bouvier-ren kontra, berriz, 20 urtekoa Aramburu erailtzen saiatzeagatik, eta Lyson Rochemir konplizearen kontra hiru urtekoa, bi akusatu nagusiei ihesean laguntzeagatik eta krimen baten frogak gorde eta eraldatzeagatik. Horrez gain, Le Priol eta Bouvier arta jasotzera behartzez gain, bi horientzako armak erabiltzeko debekua ere galdetu du fiskalak.

Courroyek argi hitz egin du: “Elementu guziak norabide bererantz doaz:Arambururen eta Shaun Hegarty haren lagunaren gibeletik joan ziren Romain Bouvier eta Loik Le Priol, lehena hiltzeko asmoz, eta hori aldez aurretik pentsatzeko aukera izan zuten”. 2022ko martxoan hil zuten tiroz Federico Aramburu, Parisko erdigunean, Welcome hotelaren aitzinean, aitzin borroka bat izan ondoren.

Bi osagai nabarmendu ditu fiskalak ondorio horretara heltzeko. Batetik, “momentuan bertan izan zuten jarrera”, hau da, lekukotasun andanak bat egin du errateko bi akusatuak “furia” handian izateaz gain, “bi errugbilariak xede oldarkorrarekin aurkitzeko” asmotan zirela. Bestetik, akusatuen artean helburua “adostuta” zutela: “Ados ematea besterik ez da. Ados eman ahal izan dute Mabilloneko borrokaren bukaeran. Ez dut baieztatuko hala egin zutenik, baina baieztatzen dut ados jarri ahal izan zirela”.

Eskuin muturrari lotuta

GUD Groupe Union Défense [Batasuna Defentsa Taldea] ikasle talde neofaxistaren baitan ezagutu ziren Le Priol, Bouvier eta Rochemir. Fiskalak ere egin du lotura epaituen eta elkarren artean partekatzen duten elementu politiko horren artean: “GUDen bidez ezagutu dute elkar Le Priolek, Bouvierrek eta Sorrentinok. Gertakarien zergatiak ez du ezer politikorik edo xenofoborik, baina GUDen barnean duten laguntasunak badu zerikusia, horretan datza hiru gizon hauen oinarrizko izaera: maskulinitate toxikoa, indarrarekiko lilura eta armekiko lilura”. 

Street Press hedabide independenteko erredaktoreburu Mathieu Molard elkarrizketatu du Berria-ko Oihana Teyseyre kazetariak eta honek ere lotura zuzena egin du eskuin muturreko ideologiarekin. Bakoitzaren iragana xeheki azaltzeaz gain, geroari begira jartzen du begirada, batez ere Frantziako Estatuan dagoen RN alderdiaren gorakadan: “Horregatik uste dut militante horien ibilbide politikoa ezin dela auzitik bereizi. Haien eskuin muturreko militantzia da drama honetara eraman duen faktoreetako bat. Horrek erakusten du eskuin muturreko talde horien benetako aurpegia. Eta kontuan hartzekoa da ez direla alde batean RN Rassemblement National eta beste alde batean eskuin muturreko talde erradikalak. Eskuin mutur bat eta bakarra da, hainbat adar eta estrategia dituena. Batzuek bide parlamentarioa aukeratu dute boterea lortzeko; beste batzuek, berriz, ekintza bortitzak”.

“Gorrotoak hil du Federico, eta, agian, krimen hau eragotz zitekeen”, adierazi zuen irailaren 14an Cecilia Aramburu Federicoren amak. Dozenaka lagun bertaraturik ziren auzitegira, tartean Euskal Herritik zein Argentinatik –bertan handitu zen Federico– joandakoak, senideen sostenguz. Ondokoa adierazi zuen orduan: “Guk badakigu zer den eskuin muturra, baina ez genuen GUD ezagutzen. Jakin genuenean bi pertsona horiek ez zutela elkarrekin egoteko eskubiderik, armatuak izateko eskubiderik, eta indarkeriagatik hainbat aldiz kondenatuak izan zirela, gure pena bikoiztu zen: seme baten heriotzaren min erranezinari beste min bat gehitu zitzaion. Agian, krimen hau eragotz zitekeen”.

 


Faxismoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.