Ara!Gorputz: "Ezin ditugu bestelako ekonomiak martxan jarri, ez baditugu gorputzen prozesuak lantzen"

  • Hilekoaren erregistroa eginez hasi ziren, eta taldean kudeatutako ginekologia bizipen horietatik abiatuta sortu zuten 2018an Ara!Gorputz elkartea. Emakumeek* beren ziklo hormonalak behatuz jakintza kolektiboa lantzea eta zabaltzea dute helburu, gorputzen burujabetza aldarrikatuz. Eguneroko beharrei erantzutea da proiektu honen indarguneetako bat, eta "epe luzerako proiektu bat dela jakitea eta bidean ez erretzea" gauza ederra dela diote bertako bi kideek.

Artikulu hau CC lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko martxoaren 17an - 07:02
Argazkia: Irantzu Pastor.

"Proposatzen dugun prozesua da norberak bere zikloaren fase ezberdinak aztertzea. Izan ere, fase bakoitzean munduan egoteko modu bat daukagu" ondorioztatu dute Ara!Gorputzeko kideek beren behaketetatik. Horregatik, ziklikotasunarekin topo egitea bizitzan "mugarri" dela azaldu dute: "Ziklikotasunaz jabetzeak dakar norbere gorputzarekin konektatzea, eta zure beharrak zein diren ezagutzea, kapitalismoak beharrak ere bahituta baitizkigu. Hilekoaren kultura gure egunerokotasunean txertatu dugu,  eta horrek gakoak ematen dizkigu auto-zaintza kolektiboa beste modu batera egiteko". Faseak kontuan hartzen ez dituen mundua "bortitza" izan daitekeela diote: "Gizarteak modu batean egotera eramaten gaitu, badirudi egoteko modu bakarra dela balio duena eta ez da horrela".

Zientzia gizonentzat egina dagoela oroitarazi dute, "eta gure proposamena da hori guztia berreraikitzea, emakumetik emakumera, gure ziklo hormonalak aztertuz. Adibidez, ez da gauza bera ziklikoa ez den pertsona linealari aspirina bat ematea edo ziklikoak garenoi ematea. Ez da berdin, eta ikerketa guztiak gorputz normatiboaren bueltan egindakoak dira".

Eguneroko beharretatik sortutako urratsak

"Eman ditugun urrats guztiak abiatu dira gure eguneroko beharretatik. Guretzat garrantzitsua da gertuko lagunei bidelaguntza egitea, ginekologia prozesuetan. Askotan prozesu gogorrak bizi ditugu, ezkutuan, lotsaz eramanda, oso informazio gutxirekin... adibidez, konturatu gara amak dauden tailerretan erditzeaz hitz egiteko behar handia dutela eta ez daudela horretarako espazioak. Gure ametsa, Euskal Herri mailan gai hauetaz hitz egiten duen sare bat osatzea da. Gorputzak ahanzten baititugu beti eta lepotik gora bizi baikara".

Gorputzen burujabetza

"Gorputzak dira guztia sostengatzen dutenak", nabarmendu dute. "Ezin ditugu bestelako ekonomiak martxan jarri, ez baditugu gorputzen prozesuak lantzen. Ikuspegi horrek beste garrantzia bat ematen die emozionaltasunari, gaixotasun-osasun prozesuei, bizitzako zaintza momentu ezberdinei... burujabetza erreproduktiboa ere biltzen du gai honek. Gorputza da gure medioa, eta gure goxatzeko eremua".

Badakite auto-behaketa kolektiboan oinarritutako ezagutza zabaltzea ez dela proposamen erosoena gizarte honetan, eta horregatik kontziente dira bidea mantso egin beharko dutela. "Proiektu honi ez diogu nahi beste denbora eskaintzen", aitortu dute, baina epe luzerako proiektu bat izatea gauza ederra da, eta bidean ez erretzea da beraien apustua. Eta pixkanaka pixkanaka, bidea egiten ari dira:

Talde feministetan eta ikastetxeetan tailerrak

Irungo Lakaxita gaztetxean egin zuten lehen lan-saioa, Bulbahizpak taldean: "Taldean kudeatutako ginekologiaren bueltako praktikak eta ideiak partekatu genituen bertan eta ikusi genuen bazegoela gai hau gizarteratzeko premia, eta elkarte bilakatu ginen".

Geroztik, auto-kudeatutako ginekologia tailerrak eskaintzen dituzte: "Ikusten dugu elkarte feministetan zer behar dauden eta zer eskatzen diguten, eta horiei erantzuten saiatzen gara".

Duela pare bat urte ekonomia feminista lantzen hasi ziren, ekonomiak guztia zeharkatzen duela ikusita. Egun, Mundubat fundazioak Euskal Herri osoan abiatu dituen ekonomia feministako eskoletako bat dinamizatzen ari dira Oiartzunen: ikasturte osoan zehar hamabost egunero lau orduko saioak egiten dituzte, egunerokotasuneko ekonomiako hainbat gai kuestionatuz, adibidez, ura.

Aurreko ikasturtean "hilerokoa eskoletan" programa egin zuten: "Pentsatzen dugu gaztetxotan jakintza hori lantzea gakoa izan daitekeela beste era batera bizitzeko".

FITXA

Ara!Gorputz elkartea

Zer egiten du: Gorputzak erdigunean jartzeko formakuntzak eskaintzen ditu, hilekoaren kultura eta autokudeatutako ginekologiaren bideak erabiliz. Ekonomia Feminista prozesua eta Drag King tailerra.

Langile edo bazkideak: 2.

Noiz sortua: 2018an.

Egoitza: Irunen.

Harremanetarako: aragorputz@riseup.net

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Esperientzien kutxa
Parean: Lana, zaintza eta militantzia uztartzeko irtenbidea lana berrasmatzea denean

Erabat militantzian bizi ziren garai batean; lan ordaindua eta militantzia denborak bereizi zituzten ondoren beren egunerokoan; eta ama egin zirenean... beren lanbidea sortzeari ekin zioten, ordura arte militantziaz landu izan zuten feminismoa lan ordutan egin ahal izateko. Zer... [+]


Alda: Kolektiboan irtenbidea emanaz jendarte herrikoiak bakarka dituen eguneroko arazoei

Manu Robles-Arangiz Fundazioak sustatu duen Alda proiektuak egoitza ireki berri du Baionan, maiatzaren 30ean. Usaiazko eragile sozialak eta elkarteak ez direla klase herrikoiarengana iristen ikusita, AEBetako Community organizing antolaketa metodoa ezartzea du asmo, jendarte... [+]


Talleres Mitxelena: Hausnarketa egiteko makinak gelditzen dituztenak

Azken lau urte hauetan kooperatibagintzari buruzko hausnarketak landu dituzte Mitxelena tailerreko langileek. Kooperatiba sortu zutenei eta haien etxekoei eskertza egin zieten eta haiengandik “egina jaso” duten lan eredu hau baloratzeko eta kontzientzia hartzeko hiru... [+]


Ondalan: Bazkideak etxeko, sukalderaino

Burlatan duten sukaldean hamabi jaki prestatzen dituzte astero eta bost jasotze puntutan uzten dute. Ondalaneko bazkideek leku horietako giltza badute eta nahi dutenean pasatu daitezke janari ontzien bila. Etxekoak dira bazkideak: ez da kuotarik ez permanentziarik ordaindu... [+]


Elikagunea: Egunerokoa bertakoa jatea denean

Irudikatzen al dugu herri bat, saskia hartuta erosketetara ateratzean, eskutan hartutako guztia bertakoa bagenu, etiketari begiratu beharrik izan gabe, edo saltzaileari galdezka ibili gabe? Herri osoa ez, baina plaza bada horrelakoa Azpeitian. Baserritarren azoka erdian... [+]


Eguneraketa berriak daude