Arabako Diputazioak Sarrea Euskal Udalekuen elkartea zigortu du, baina Bernedoko udalekuak egingo dira

  • Espediente administratibo bat ireki zion Arabako Diputazioak Euskal Udalekuen barneko Sarrea elkarteari, eta udalekua "diputazioari jakinarazi gabe" egiteagatik isun ekonomiko bat ezarriko diotela baieztatu dute asteazkenean. Dena den, Euskal Udalekuek ARGIAri berretsi diote Bernedoko udalekuak egingo direla, lege eskakizun guztiak bete baitituzte; ez ditu Sarrea elkarteak antolatuko.


2026ko ekainaren 3an - 11:10
Azken eguneraketa: 14:08
Bernedoko Euskal Udalekuen irudia. Euskal Udalekuak
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Uda honetan ere Bernedon (Araba) Euskal Udalekuak egingo direla ziurtatu dute antolatzaileek; 200 haur eta nerabe inguruk eman dute izena. Asteazken goizean, Radio Euskadiko Egun On Bizkaia programan Adrián López Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Emantzipazio zuzendariaren adierazpenen harira, eta El Correok argitaratu duenez, zabaldu da Bernedoko udalekuak egitea debekatu duela Arabako Diputazioak. Baina ARGIAri Euskal Udalekuen antolatzaileek baieztatu diotenez, Bernedoko udalekuek aurrera jarraituko dute; Sarrea elkarteak ez, baizik Euskal Udalekuek eurek antolatuta izango dira, eta lege eskakizun guztiak bete dituztela ziurtatu dute.

Espediente administratibo bat ireki zioten Euskal Udalekuen barneko Sarrea elkarteari, udalekuak antolatzen zituenari, eta zortzi hilabeteko prozesu administratiboaren ondoren ailegatu da emaitza: Sarreari zigor ekonomikoa ezarriko diote udalekuak "diputazioari jakinarazi gabe" egiteagatik, eta udalekuak antolatzea hiru urtez debekatu diote elkarte horri. Helegitea jarriko dutela aurreratu dute, zigorra "neurrigabea" delakoan. Erabakiaren xehetasunak ortziral honetan emanen ditu Ana del Val Arabako Kultura diputatuak Batzar Nagusietan.

Dutxa mistoak

Polemikak udazkenean egin zuen eztanda, guraso talde batek salaketa jarri ondoren. Begiraleei leporatu zieten dutxa mistoak ezarri eta adingabeak elkarrekin dutxatzera “behartu” zituztela; behar bezala ez zituztela zaindu; begiraleak ere dutxetan sartzen zirela; eta hamabortz egunez familietatik “inkomunikatuta” eduki zituztela.

Begiraleek, ordea, hori ukatu zuten, eta nabarmendu zuten udalekuei buruzko “gezurrak eta difamazioak etengabeak” izan zirela. Halaber, salatu zuten dutxa mistoen harira "gorroto mezuak" zabaldu zirela, eta bide publiko eta pribatuetatik "eraso transfoboak" jasan behar izan zituztela.

Salaketen berri izan ostean ireki zien Arabako Foru Aldundiak espediente administratiboa, ikerketa judizialarekin batera.

Gazteriaren legearen erreforma

Bernedoko auziaren harira, Eusko Jaurlaritza Gazteriaren legea erreformatzeko bidean da. Araudia aldatuta, erakundeek “babes eta kontrol handiagoa” eduki ahal izanen dute.

Legea onartzekotan, begiraleei egiaztagiri bat eskatuko zaie, sexu-delituengatik aurrekari penalik ez dutela egiaztatzeko. Gainera, hezitzaileek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, eta horrek gerta daitekeen edozein ez-betetzeren legezko erantzule bihurtuko ditu. Bertzalde, arau hauste "larriak" eta "arras larriak" zer diren berriz definitu dute, eta baita arau hauste horiei ezarriko zaizkien zigorrak gogortu ere, PPren zuzenketetako bat oinarri hartuta.

Arau hauste "arras larriengatik", gehienez, 45.000 euroko zigorrak ezartzen ziren orain arte, eta, aldaketa eginda, 600.000 eurorainokoak izan daitezke. Arau hauste "arras larriak" honela definitu dituzte: “Ekintza edo ez-egite bidez haurren, nerabeen eta gazteen eskubideak mugatzen dituzten jarrera eta jokabide diskriminatzaileak sustatzen dituztenak eta edozein indarkeria mota sustatzen dutenak”.

Arau hauste "larrien" barnean, berriz, honako hauek daude: erantzukizun zibileko asegururik ez egitea, sexu deliturik egin ez duten ziurtagiria ez edukitzea, eta beharrezkoak diren segurtasun neurririk ez hartzea, bertzeak bertze.

Udalekuen jarduna arautzen duen dekretua berritzekotan daude ere. Gazteriaren lege berria eta udalekuei buruzko dekretua uda hasi baino lehen onartu nahi dituzte.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.