Arabako dantza taldeen argazkia: konpromisoa, kezkak eta erronkak

  • Arabako dantza taldeen diagnosia aurkeztu dute Amagoia Egiluzek eta Jon Fernandezek Dantzan Topaketetan. Araban euskal dantzaren egoera nolakoa den erreparatu nahian hasi ziren, eta hortik abiatuta dantza taldeen inguruko azterketa egin dute 

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2026ko apirilaren 20an - 07:03
Azken eguneraketa: 10:31
Jon Fernandez eta Amagoia Egiluz, Dantzan Topaketak, 2025-11-22. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

 

Dantzan Topaketak

Hogeita bi dantza talderen errealitatea jaso dute taldez talde egindako inkesta bidezko elkarrizketen bidez. Eta bilketa horretatik jasotako hainbat datu erakutsi dizkigute. Datu asko nahiko kezkagarriak iruditu zaizkie hizlariei: neska-mutil kopuruaren desoreka, begiraleen formazio gabezia, koreografiak egiteko obsesioa, diru-laguntza gutxi, taldeen arteko kohesio falta...

 

Dantzan Topaketak
Jon Fernandez eta Amagoia Egiluz, Dantzan Topaketak, 2025-11-22. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

 

Jardun bizian genero-desoreka

Diagnosiak genero-desoreka nabarmena erakusten du: dantzarien %80 baino gehiago neskak dira, eta mutilen presentzia txikia da. Hala ere, parte-hartzearen ikuspegitik, jarduna bizirik dago. Taldeen tamainan alde handiak daude; 20 lagunekoak edo 200ekoak, baina kasu askotan komunitatearen inplikazio handia antzematen da. Gainera, lurraldearen egiturak baldintzatzen du egoera: Arabako biztanleriaren %75 Gasteizen bizi da, eta horrek eragin zuzena du herrietako taldeetan. Hala ere, populazio txikia izan arren, hainbat herritan dantza taldeek jardunari eusten diote, eta horrek erakusten du sareak bizirik jarraitzen duela.

Dantzan Topaketak

Egiturazko gabeziak, baina bada konpromisoa

Azterketak agerian utzi ditu formazio eta baliabide faltak. Begiraleen kasuan, gehienek ez dute prestakuntza espezializaturik, eta gehiengoak ez du ordainsaririk jasotzen. Hala ere, datu horrek beste irakurketa bat ere badu: dantzarekiko konpromiso handia dago, eta jarduna borondatez sostengatzen duten pertsona ugari daude.

 

Dantzan Topaketak
Jon Fernandez eta Amagoia Egiluz, Dantzan Topaketak, 2025-11-22. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

 

Ekonomikoki ere zailtasunak ageri dira, baina taldeek jarduna aurrera ateratzen jarraitzen dute. Musikari faltak ere kezka sortzen badu ere, talde askok euskal musika tresnak erabiltzen dituzte oraindik, eta errepertorioari dagokionez, askok Euskal Herri osoko dantzak lantzen dituzte.

Sorkuntza, tradizioa eta kohesio falta

Azkenik, diagnostikoak joera kultural eta antolaketari lotutako hainbat elementu azaleratzen ditu. Talde gehienek koreografia berriak sortzen dituzte, eta joera hori indartsua da gaur egun. Hala ere, hizlariek ohartarazten dute horrek arriskua izan dezakeela, tradiziozko dantzak bigarren planoan geratzeko.

Dantzan Topaketak

Bestalde, taldeen arteko kohesio falta ere nabarmena da. Askotan ez dute elkarren berri, eta elkarlan egiturarik ez dago. Horrek zaildu egiten du ikuspegi bateratua eraikitzea eta sektorearen indarra sendotzea.

 

Dantzan Topaketak
Dantzan Topaketak, 2025-11-22. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

 

Ondorioz, Egiluzek eta Fernandezek egoera kezkagarria dela ikusten dute hainbat daturi erreparatuta, baina aldi berean azpimarratzen dute oinarriak badaudela: parte-hartzea eta konpromisoa. Beraz, egindako lana abiapuntu gisa aurkeztu dute: datuak mahai gainean jarrita, Arabako euskal dantzaren etorkizuna berriz pentsatzeko aukera zabaldu nahi dute.

Dantzan Topaketak 2025


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.