Arabako Arte Ederren Museoak jauregiaren iragan esklabista gogoratzen duen eskultura jarri du

  • Iratia Antia artistak osatutako Arrastoa eskultura inauguratu dute astelehenean Gasteizen, Arabako Arte Ederren Museoko eraikina Julian Zuluetak XIX. mendean esklabotzarekin egindako diruz egin zela gogoratzeko. "Garrantzitsua da gure buruari galdetzea nondik datozkigun pribilegioak", azaldu du egileak. Contrapunto Decolonial kolektiboak Arabako Foru Aldundia kritikatu du, prozesua kudeatzeko moduagatik.

Ana del Val Arabako diputatua eta Irati Antia artista, eskulturaren aurkezpenean. Arabako Foru Aldundia

2026ko urriaren 7a - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Eskultura berezi batek egingo die ongi etorria, Gasteizen, Arabako Arte Ederren Museora doazen bisitariei hemendik aurrera: lorategian paratutako Arrastoa izeneko artelanak eraikin horren iragan ilun bat gogorarazten du, esklabotzarena. XIX. mendean Julián Zulueta esklabistak Kuban egindako diruaz eraiki zuten jauregia, bere alaba Elvira Zuluetak aginduta. Hain justu, azken horrek kale baten izena du oraindik, museotik ez oso urrun.

Irati Antia Zuaznabar artista gasteiztarrak egin du eskultura eta elkar lotuta dauden altzairuzko lau xaflak osatzen dute: batek Araba irudikatzen du; beste batek, Afrikako kostaldea; Kuba, hirugarren; eta laugarrenak, itsasoa. Erdian zulo bat ageri da, esklaboak gatibu edukitzeko eta zigortzeko zepoa da hutsune hori, baina Antiak astelehen honetan eskulturaren aurkezpenean azaldu duenez, "bestaldea ikusteko" eta "iraganari nola begiratzen diogun hausnartzeko" espazio bat ere bada.

Erdian zulo bat ageri da, esklaboak gatibu edukitzeko eta zigortzeko zepoa da hutsune hori, baina Antiak astelehen honetan eskulturaren aurkezpenean azaldu duenez, "bestaldea ikusteko" eta "iraganari nola begiratzen diogun hausnartzeko" espazio bat ere bada

Antiak ondo ezagutzen du Zuluetak Kuban utzitako aztarna, bere esklaboen ondorengoekin harremanetan izan baita han, eta Azukre Beltza izeneko erakusketa antolatu zuen 2023an horren harira, Gazte Sortzaileak bekari esker. Eneida Villegas da ondorengo haietako bat, esklaboen birbiloba, eta bere mezua ere ekarri nahi izan du: "Eskultura ez da artelan soil bat, memoria eta justizia ekintza bat ere bada", entzun da kubatarraren ahotsean.

Plaka eta informazioa webgunean

Arabako Batzar Nagusietan onartutako mozio baten ondorio da ekimena. Mozio horrek eskatzen zuen Augustin-Zulueta jauregian –hala izena du ofizialki Arte Ederretako Museoa dagoen eraikinak– plaka batek gogoratzea hura eraikitzeko kapitala esklabotzarekin pilatu zuela Zuluetak. Hain justu, eskulturak azalpen plaka bat dakar eta bertan jartzen du "Afrikako pertsonen salerosketaren bidez eta Kuban esklaboak ustiatzearen bidez" egin zuela dirua Zuluetak, eta "gizateriaren aurkako krimen horren biktimak oroitzeko" plaka dela.

Museoak bere webguneko atal batean –plakan dagoen QR baten bidez sartu daiteke– informazio gehiago jarri du Julián Zuluetaren biografia eta esklabotzarekin izan zuen harremana zein izan zen azaltzeko.

Eskulturak azalpen plaka bat dakar eta bertan jartzen du "Afrikako pertsonen salerosketaren bidez eta Kuban esklaboak ustiatzearen bidez" egin zuela dirua Zuluetak, eta "gizateriaren aurkako krimen horren biktimak oroitzeko" plaka dela.

Esaterako, Zuluetak Alava ingenioan 800 esklabo zituela ageri da, eta pertsona esklabizatuen trafikoa izan zela bere negozioaren zati handiena, bai afrikarrena, baita txinatarrena ere; 1857an bera zen Kubako esklabo jaberik handiena, 1.475 pertsona zituen esklabizatuta. Bere oinordekoek herentzian jasotako dirutzaren inguruko datuak ere eskaintzen ditu webguneak.

Aurkezpenean Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol diputatuak parte hartu du, eta prozesuan sorkuntzak izandako garrantzia azpimarratu nahi izan du: "Iratiren proposamenak urrats bat egiteko aukera eman digu", esan du.

Kolektibo dekolonialista haserre

Contrapunto Decolonial kolektiboa, bere aldetik, haserre agertu da gaia kudeatu den moduarekin. Plakan agertzen den testuari hainbat ekarpen egin zizkiola esan du, baina hortik aurrerako prozesutik "baztertua" izan dela salatu du. Hala, azaldu du eskulturaren enkarguaren berririk ez zuela izan eta webgunean agertzen den informazioa berarekin ez dela kontrastatu. Horregatik, asteleheneko ekitaldian Arabako Foru Aldundiari "planto" egitea erabaki dute.

Contrapunto Decolonial kolektiboa, bere aldetik, haserre agertu da gaia kudeatu den moduarekin. Plakan agertzen den testuari hainbat ekarpen egin zizkiola esan du, baina hortik aurrerako prozesutik "baztertua" izan dela salatu du

Pubiko egindako idatzi batean azaldu dutenez, aurkezpenean "figurante" soil papera eman zaie. Halaber, euren ustez ekitaldiak "barkamen eske eta aitortza historiko" bat izan beharko luke, inaugurazio bat izan beharrean.

Contrapuntok, besteak beste, ibilaldi gidatuak antolatu izan ditu Gasteizko iragan esklabista ikusarazteko. 


Oroimen historikoa kanalean gehiago
2026ko urriaren 21
Egia izor

2026ko urriaren 14
Patxi Martinez de Marigorta. Memoriaren bide bihurtsua
"Trantsizio garaiko barkamen-ituna izan zena, ahanztura-itun bihurtu da"

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.