Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian EAJ eta EH Bilduren arteko alde murritzagoa, eta Nafarroan eskuinak ez luke gehiengoa eskuratuko

  • Datorren urteko udal eta foru hauteskundeei begira, maiatzeko inkestaren emaitzak plazaratu ditu EITB Focusek, 4.250 herritarren erantzunetan oinarrituta. Nafarroari begiratuta, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta ezker konfederala elkartuta, Nafarroako Gobernua berritzeko aukera lukete.

Laura Aznal eta Joseba Asiron elkar besarkatzen 2023ko hauteskunde gauean Iruñean. EH Bildu

2026ko maiatzaren 28an - 12:17
Azken eguneraketa: 17:52
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskal Autonomia Erkidegoko datorren urteko foru eta udal hauteskundeetan EAJk eta EH Bilduk emaitzak hobetuko lituzkete –ezkerreko abertzaleen koalizioak luke garapen handiena–, joera bipartidista are gehiago sendotuta: %35,9 EAJrentzako eta %32,7 EH Bildurentzako. Nafarroan, aldiz, UPN izanen litzateke garaile –%26,2–, eta bigarren indarra PSNren –%20,5– eta EH Bilduren –%19,9– artean jokatuko litzateke. Horra maiatzeko EITB Focus inkestaren emaitza nagusietarikoak.

EAJk, eta batez ere EH Bilduk, aitzinekoetan baino emaitza hobeak lortuko lituzkete –3,4 puntu gehiago ezkerreko abertzaleen koalizioak, eta jeltzaleek 0,8 puntuko emendioa–. Hori horrela, jeltzaleak lirateke garaile, baina 2023ko bozketetan baino alde murritzagoarekin.

PSE-EEk indarra galduko luke –2 puntu gutxiago–, eta berdin PPk ere –1,8 puntu gutxiago–. Voxi dagokionez, %2,6ko emaitza bideratzen dio inkestak eta Araban soilik gaindituko luke %3ko langa. Elkarrekin Podemos hautagaitzak 2023an baino emaitza anitzez apalagoak lortuko lituzke eta Sumarri %3 bideratzen dio EITB Focusek. Hori horrela zatituta aurkeztearena ez dirudi elektoralki biderik emankorrena.

Lurraldez lurralde begiratuta, ondokoak dira aurreikuspenak:

Bizkaiari dagokionez, EAJk berriz irabaziko lituzke foru hauteskundeak aitzineko hauteskundeetako emaitzak errepikatuta, baina EH Bilduk goranzko joera sendotuko luke –4,1 puntuko emendioa–. Gipuzkoan, aldiz, EH Bildu litzateke garaile –%39,7– eta bigarren EAJ –%33,7–. Araban tinko-tinko aurreikusten da bi alderdi horien artekoa, 0,7ko aldea bakarrik izanen litzatekeelako, EAJ lehen kokatuta.

Lurralde oro indarra galtzen dute PP, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos hautagaitzek, eta indartuz doa Vox –nabarmentzekoa Araban %4,6 lortuko lukeela–.

Lurraldekako grafikoak ikusgai dira orain.eus webgunean, baita hiri konkretu batzuei buruzko aurreikuspenak ere.

Nafarroan, eskuinak gehiengorik ez

Nafarroan, aldiz, UPN izanen litzateke garaile botoen %26,2 eskuratuta, eta bigarren indarra izateko lehia estua legoke PSN eta EH Bildu hautagaitzen artean. Hala ere, gobernatzeko zailtasunak lituzke UPNk, batuta ere eskuineko indarrak —UPN, PP eta Vox— gehiengo osotik urrun geratuko liratekeelako.

Geroa Bai hein berean mantenduko litzateke –0,5 puntu gutxiagorekin– eta PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta ezker konfederala batuta, gobernua berritzeko aukera lukete.

 


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.