Euskal Herriko mugimendu antimilitaristak eta Eskubide Sozialen Kartak deituta, Jokin Aperribay Realeko taldeko presidenteak SAPArekin [Sociedad Anónima Placencia de la Armas] duen lotura salatu dute igandean Donostiako Reale Arena futbol zelaiaren aurrean.
1985az geroztik SAPA [Sociedad Anónima Placencia de la Armas] enpresako jabe da Jokin Aperribay Realeko presidentea. Hain zuzen ere, Aperribayk armagintza enpresarekin duen lotura salatu dute igandean, Reale Arena parean egin duten elkarretaratzean; Euskal Herriko mugimendu antimilitaristak eta Eskubide Sozialen Kartak deitu dute protesta. Ekintzaren bitartez, SAPAren “jarduera nagusia” ibilgailu militarretan oinarritzen dela salatu dute. Gainera, enpresak nazioarteko talde handiekin eta NATOrekin duen lankidetza azpimarratu dute, estatuek NATOra bideratutako gastu militarra igo den momentuan, hain zuzen –BPGaren %5era igo da, NATOk bultzatuta–. Horretaz gain ondorengo gertaerak eta elkarren artean duten lotura salatu dituzte: “AEBk Venezuelari egindako eraso inperialista, Kubaren blokeo osoa, Israel Palestinan egiten ari den genozidioa edo Irani egindako eraso inperialista eta Ekialde Hurbileko gerra”.
Gizonezkoen ligan etxean jokatu duten azken partidaren aurretik, 17:30an, egin dute elkarretaratzea Gerrari Ez! Bizitza duina denontzat! lelopean, Irutxuloko Hitza-k jaso duenez. Ondoren, gerra antzeztu dute, misilen eta hildakoen bitartez. Su Txikien Itsasoa dinamikaren bueltan.