Medikuak aparteko orduak ez egiten hasiko dira Hego Euskal Herriko hainbat ospitaletan

  • Medikuek salatu dute arratsaldez aparteko orduak egitea “salbuespena izatetik egituraren barne egotera” pasa dela. Zumarragako, Donostiako eta Txagorritxuko ospitaleetako medikuak apirilaren 27tik aurrera aparteko orduak ez egitera deitu dituzte. Maiatzean Bizkaikoak eta Nafarroakoak gehituko zaizkie. Era berean, hilero egiten ari diren astebeteko greba-astea egingo dute apirilaren 27tik 30era.

Medikuek Araban astebeteko greba egin ondorengo manifestazioa. Arabako medikuen elkargo ofiziala.

2026ko apirilaren 20an - 11:45
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak eta SMN Nafarroako Sindikatu Medikoak egin dute deialdia, otsailetik ekainera hilero astebeteko grebak egitera deitu duten elkarte berek. Elkarte egitura Espainiako Estatu mailakoa da eta MUD Médicos Unidos por sus derechos (medikuak batuta haien eskubideen alde) izena hartzen du Espainiako Estatuan. Espainiako Osasun Ministerioak bultzatutako estatutu markoaren aurka, medikuek euren berezitasunak eta erantzukizunak aitortuko dituen estatutu propioa izatea nahi dute. Autonomia erkidegoei, berriz, haiei dagozkien hobekuntzak egitea eskatzen diete.

Hileroko grebak diren moduan, arratsaldetan borondatezko orduak ez egitea “presio neurri” gisa hartu dute medikuek. Sendagileek, borondatez, goizeko ohiko lanaldiaren ondoren, hainbat orduz lan egiten dute, itxaron zerrendak murrizteko eta kontsultetako gainzamak arintzeko. EFE berri agentziari MUDeko bozeramaileak adierazi dionez, aparteko orduak “salbuespenezkoak” ziren eta “egiturazkoak” bilakatu dira. Egoera “kronifikatu” egin dela dio, eta “jasangaitza” dela. Ez daude prest esfortzua egiteko: “Ezin dugu jarraitu halako ahalegina egiten, zaintzen ez gaituen sistema batentzat”. Bozeramaileak azaldu duenez, EAEn ezohiko egoera horrek, hainbat zerbitzutan, mediku guztiei eragiten die, eta besteetan gehienei. Aparteko orduak ez egiteak larritasunik gabeko pazienteen kirurgiei eta bestelako arreta zerbitzuei eragingo die.

Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du “alternatibak” bilatu beharko dituztela ondorioak arintzeko. Hileroko greben ondorioez datu bat eman du: greba hasi aurretik kirurgien itxaron zerrenda 54 egunekoa zen eta gaur egun 74koa. “Legeak baimentzen dituen eremu guztiak” erabiliko dituztela adierazi du Martínez sailburuak, osasun arreta bermatzeko.

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioa osasun langile guztientzat negoziatzen ari den estatutu markoaren aurka egitea, eta medikuentzako erregulazio espezifikoa eskatzea da protestaren helburua. Izan ere, medikuek uste dute estatutu propio bat merezi dutela, euren lanaren berezitasunak eta erantzukizunak aitortuko dituena. Grebaren eta aparteko orduak ez egitearen alde dauden medikuek diote, Osasun Ministerioak eskuduntza nagusiak baditu ere, autonomiek haienak dituztela eta hainbat alorretan pausoak eman ditzaketela. Esate baterako, 24 orduko guardiak ordu gutxiagokoak izatea lor dezaketela. LAB sindikatuak ez ditu babestu astebeteko grebak. Sektoreko langileen “nekea eta haserrea ulertzen” baditu ere, uste du, alde batetik, greba deialdiek ez dituztela osasun sektoreko “langile guztien beharrizanak” defendatzen; eta bestetik, euskal erakundeetan borrokatu eta lortzearen alde agertu da. LABen ustez, eskariak Euskal Herriko erakundeetan egin behar dira, hemen badagoelako horretarako eskumena.

Apirilaren 27tik aurrera

Apirilaren 27an, astelehenez, Zumarragako eta Donostiako ospitaleak eta Arabako Txagorritxuko medikuak hasiko dira aparteko orduak ez egiten. Maiatzean Bizkaiko Gurutzeta, Basurtu, San Eloy eta Urdulizkoa gehituko zaizkie. Nafarroakoak ere maiatzerako daude deituta. Apirileko astebeteko greba 27tik 30era egingo dute. Maiatzekoa 18tik 22ra dago deituta, eta ekainekoa 15etik 19ra.


Langileen eskubideak kanalean gehiago
2025eko azaroaren 26
Musu-truk

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.