Anunziata Ikastetxea Pasaian. 1939-2026 agurra!


2026ko otsailaren 13an - 07:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ni Pasai Antxon jaio nintzen, baina gure etxean zegoen kalea bi zatitan banatuta zegoen. Gure etxea Donostiakoa zen, eta bidea pasatu eta aurrean zegoena, Pasaiakoa. Kale hura ni txikia nintzenean Iparragirre deitzen zen. Denbora gutxira Jabier Markina izena jarri zioten eta orain Eskalantegi izena dauka. Gure etxearen aurrez aurre Anunziata Ikastetxea zegoen. Orduan ez genion horrela deitzen, baizik eta “el colegio de las monjas” bezala zen ezaguna. 1939an jarri omen zuten martxan. Katalunian sortu omen zen, Vichen, moja dominikatarrak ziren. Etxe arrunt bat zen eta pisuz pisu banatuta zituzten haurrak, adinaren arabera. Mutilek ere bazuten gela bat eta azkeneko pisuan aritzen ziren ikasten, adin guztietakoak nahastuta. Mutikoekin aritzeko beti zegoen moja bakar bat, Hermana Asunción. Mutil gutxi joaten ziren eta neska asko, eta noski, beste moja guztiak neskekin aritzen ziren. Jolas garaian ere ondoan genuen Alamedara joaten ginen, baina ez genuen mutilekin batera jolas lekua konpartitzen. Neskak Kioskoren aurrean eta mutilak atzealdean.

Ni 1944. urtean hasi nintzen ikastetxe honetan, Hermana Mariarekin. Neska gazte-gaztea zen eta ni oso pozik egon nintzen berarekin. Egunen batean ez bazegoen, nik ihes egiten nuen, errepidea pasatu eta nire etxera joaten nintzen, korrika batean, inor konturatu ez zedin. Baina konturatzen zenean sekulako disgustoarekin geratzen zen Hermana Maria, baita nire ama ere, eta poliki-poliki erakutsi zidaten hori ezin nuela gehiago egin. Baina kosta egin zitzaidan hori onartzea. Nik Hermana Maria maite nuen eta ez nuen beste inor nahi! Zuzendu ninduten eta 6-7 urterekin gelaz aldatu eta Hermana Natividad izan nuen irakasle. Horrekin ere oso gustura egon nintzen eta asko ikasi nuen berarekin, matematikak batez ere. Hori da daukadan oroitzapena behintzat.

Lehen Jaunartzea egin behar genuenean gure taldekoek, gurasoek erabaki zuten nire lagun min Milagros eta biok beste egun batean egingo genuela. 

Pasaiak sekulako ongietorria egin zion euskarari. Mojen ikastetxeak eman zion lekua ez zen batere ohikoa, baina Pasai Antxon gertatu zen!

Bion gurasoak ados zeuden eta gu harrituta erabat. Eta onartu zuten eskaera. Zergatik ote zen guk aparte egite hori? Gero, askoz geroago, jakin genuen zergatik. Gure Jaunartzean bi abestik behintzat euskaraz izan behar zutelako. Eta hori orokorrean ez zen gertatzen. Milagrosek eta biok euskaraz egiten genuen eta hori merezi genuela pentsatu zuten gure familiakoek. Eta 1948ko Korpus egunean horrela izan zen. Euskaraz ikastetxean, zerbait entzuten zen lehen eguna izango zen beharbada. Eta moja guztiak oso pozik zeuden! Lehen Jaunartzea egin, gosaldu eta korrika prozesiora. Oso oroitzapen ederra geratu zitzaigun denoi.

8 eta 9 urte nituela Hermana Luzia izan zen nire irakaslea. Gero Moja Nagusia izendatu zuten, baina ni ordurako ez nengoen ikastetxe honetan.

Nire gurasoek batxilerra egin behar nuela pentsatu zuten eta nik ere hori ikasi nahi nuen, gero magisteritza ikasteko. Pasaian ezin zitekeen batxilerrik egin. Pena handiz, baina Donostiako ikastetxe batean egin zuten nire matrikula. Hara joan baino lehen Instituto Peñafloridan sarrera azterketa egin behar zen, “ingreso de bachiler” deitzen zitzaion garai hartan. Nirekin zebiltzanen artean beste bi edo hiruk berdin egin zuten, beraz, tranbian edo trena hartzeko ez nintzen behintzat bakarrik ibiliko. Aurkeztu nintzen 10 urte bete nituen egun berberean eta “Apta” jarri zidaten. Horrekin baneukan posibilitatea beste ikastetxe horretara joateko .Gu oso pozik ginen. Mojak, aldiz, beraien ikastetxean Batxilergoa ematea ezinbesteko ikusiz, 1951n bi ikaslerekin abiatu zuten. Hermana Imelda aukeratu zuten horretarako, eta berehala Hermana Maria Rafaela etorri zen Batxilergo lanean laguntzeko. Donostiako ikastetxera joan nintzenean, asko gogoratzen nituen Pasaiako eskoletan nituen irakasleak, jolas lagunak, egiten genituen irteerak: S. Markosera, eta “fuente del hojara” joaten ginenekoak. Nik uste dut urtero egiten genituela irteera pare bat. Holakorik ez genuen Donostiako ikastetxean. Horixe da behintzat hainbeste urte pasata nire buruan eta bihotzean geratu zaidana.

Udaretan piano eta mekanografiako klaseak ematen zituzten, eta ni beste batzuekin batera piano, mekanografía eta josten ikastera ordu pare batez joaten nintzen uztailan. Lotura beraiekiko ez zen inoiz eten.

Nire anaiak 4 urte bete zituenean ere Hermana Asunciónen gelan sartu zen 1951n, Batxilergoa jarri zutenean bakarrik neskak izango ziren bere ikasleak. Eta mutilak 9 urte arte egoten ziren, beraz, nire anaia 9 urterekin atera zen, Donostiako mutilen ikastetxe batera joateko. Oraindik urte asko falta ziren neska-mutilak elkarrekin ikasteko, baimena lortzeko… Denok dakigu nork agintzen zuen!

Kolegioa beste leku batean jarri zuten. Eraikuntza berri eta eder bat egin zuten. Ikasle ugari jasotzen zituzten, oso ongi zihoan, Eskalantegi kaletik goraxeago (Lorete bidea 2) dago kokatuta.

Magisteritza ikasten hasi nintzenean, arratsaldetan Anunziatara joaten nintzen, batez ere gramatika eta matematika indartzeko. Magisteritza bukatu eta oposizioak prestatzen hasi nintzen. Bide batez, Elvira Zipitria andereñoarekin hasi nintzen, bidean galdu nuen euskara berreskuratzeko. Ikasturte batean asko aurreratu nuen eta bigarren ikasturtean praktikak egiten hasi nintzen bere ikastolan, berak erabiltzen zuen pedagogia aurrerakoi eta eder hura ikasteko. Nire asmoa zen oposizioak bukatu, eszedentzia eskatu eta ikastola zabaltzea, Elvirarekin ikasi nuen guztia praktikan jartzeko.

1960an ikastola jarri nuen nire etxean. Lehen urte horretan bost haur aurkitu nituen, euskaldun petoak, eta gurasoak ilusioz beteta, ikastola bat izango zutelako beren herrian.

Berehala hasi ziren bost horien ingurukoak, anai-arrebak, osaba-izebak edo aiton-amonak, euskarazko klaseak eskatuz. Egun batean, non deitzen didan Hermana Imeldak, esanez ea kolegioan emango nituzkeen euskarazko klaseak. Bi talde osatuta zituztela zegoeneko. Bat 6etatik 7etara batxilerra egiten ari zirenen lehen kurtsoetakoekin eta beste bat azkenekoetako kurtsoak egiten ari zirenekin. Astean hiru egunetan joaten nintzen eta batzuetan mojaren bat ere joaten zen klaseak jasotzera, edo abesti bat erakutsi behar banien ba beraiek ere ikas zezaten. Oso ongi gogoratzen dut Hermana Asunción askotan etortzen zela eta beste batzuetan baita Hermana Imelda ere. Oso-oso gustura egin nuen lana nire txikitako ikastetxean! Eguberritan Jaiotza antolatzen bagenuen, gonbidapena egiten nien ikastolakoekin ateratzeko, eta hantxe agertzen ziren gurekin batera abesteko. Eskola Nazionaleko ikasle batzuk ere etortzen ziren eta denok elkarrekin talde eder bat antolatzen genuen. Nik ezin nuen sinistu. Baina hala izan zen: Pasaiak sekulako ongietorria egin zion euskarari. Mojen ikastetxeak eman zion lekua ez zen batere ohikoa, baina Pasai Antxon gertatu zen!

1965ean ni Donostiara etorri nintzen bizitzera eta bertan Pasaian egiten nuen lan berbera egiten hasi nintzen. Baina Anunziatako moja eta ikaskide izandako gehienekin beti mantendu izan dut harremana, egun berezietan batez ere, moja bat jubilatzen zenean edo kanpora joaten zenean, edo beste bati, moja egin zenetik zilarrezko ezkontza iristen zitzaionean egiten genuen ospakizunen bat.

Eta ni jubilatuta nengoenean, 2005 inguruko urtean izango zen, nik ezagutzen ez nuen Kolegioko moja batek deitu zidan bere euskara sustatzeko mintzapraktika egiteko denboratxo bat eskainiko ote niokeen esanez. Eta astean behin elkartzeko eguna jarri genuen, eta esan zidan nire txikitako lagun batekin etorriko zela ni bizi nintzen etxera. Txikitako lagun hura ere euskalduna zen. Eta oso ongi gogoratzen nintzen beraz. Hiru bat urte pasa genituen horrela. 

Argi dago ikastetxe honek euskara maite zuela eta ez zirela beste ikastetxe askotan urte horietan gertatu zen bezala euskararekiko gorrotoz bizi. Ez horixe!

Orain, etapa aberats eta emankor hura bukatzera doa! Urte onak eta ibilbide luzea izan du. Donostiako danborradan ateratzen direnean eta Anunziata Ikastetxea esaten dutenean zirrara bat sentitzen dut urtero. Eta hori ere bukatuko da. Ze pena izango dugun bertan ibili ginenok!

Agurra emateko ez genuke ekitaldi maitekor bat antolatu beharko kurtso bukaerarako? Ideia bat besterik ez da, baina badugu denbora zerbait egiteko!

Besarkada handi-handi bat bihotzetik!
 
Kontxita Beitia Oiarbide

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.