93 urterekin hil da Antonio Tejero Guardia Zibileko teniente-koronela eta 1981eko otsailaren 23an Madrilgo Kongresuan estatu kolpea ematen saiatu zen taldeko buru ezaguna. Espainiako Gobernuak gertakari haietako dokumentuak desklasifikatu eta egun berean hil da Tejero. Aitzitik, lehendik ere Euskal Herrian bagenuen bere berri, Frankismoaren azken urteetan torturatzaileak babestu zituelako.
"Quieto todo el mundo. Se sienten, coño!", esaldi hori hamaika aldiz entzun dugu telebistan zein irratian, tiro zaparrada baten artean. Antonio Tejeroren ahotsa eta irudia horrela igaroko da askoren memoriara. Beste askok Euskal Herrian bere agindupean zeuden guardia zibilek egindakoagatik gogoratuko dute ordea.
93 urterekin hil da teniente-koronel kolpista, Madrilgo erresidentzia batean, hain justu Espainiako Gobernuak 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpearen sekretupeko dokumentuak desklasifikatu dituen egun berean. Kolpearen planifikazioak txantxa bat dirudien arren –bineta moduan antolatutako eta eskuz idatzitako zirriborro bat besterik ez da–, informazio guzti horretatik zer aletu daitekeen ikusteke dago oraindik.
Dokumentu horietan, besteak beste, Tejerok kongresu barrutik egindako eta jasotako telefono deien transkripzioak daude. Hor ere coño eta mecagüenla ugariren artean, bakarrik utzi dutela ikusten da, aberria salbatzeko Jainkoak jarri dion misioan. Heritozaren berri ematerakoan, eskerrak eman dizkio "por su vida entregada y generosa para con Dios, España y su familia".
Tejero eta Muñecas Euskal Herrian
Tejero hemeretzi urterekin sartu zen Guardia Zibilean eta Zaragozako akademia militarrean ibili zen. Galizia, Andaluzia, Kanariak eta Badajozetik igaro ondoren, 1974an teniente koronel izendatuta, Euskal Herrira aldatu zen, Donostiako eta Gasteizko komandantzia nagusietara, zehazki.
Tejero, Donostiako komandantzia nagusiaren buru gisa, Muñecasen gainetik zegoen. Eta Arangoaren kasuaren eskandalua lehertu zenean hura atxilotzea agindu ziotenean, ez zuen agindua bete
Hain justu, desklasifikaturiko dokumentuetako batek garai horri egiten dio erreferentzia. 1975an, Gasteizen zegoenean, gutuna idatzi zuen Tejerok, esanez "probintzia vascongadoetan giro oldarkorra" jasaten zutela eta Adolfo Suarezen gobernuak "terrorismoaren aurrean" epelkeriaz jokatzen zuela. Guardia Zibilaren 5. buruzagitzak "ohartarazpen" batekin itxi zuen kontu hori.
Guardia zibilen koarteletan tortura kasuak eguneroko ogia ziren urte horietan. 1976an ORTko militante Anparo Arangoa leitzarra atxilotu eta Tolosako komandantzian torturatu zuten. Baina, gehienetan ez bezala, oraingoan Zeruko Argia-k argitaraturiko argazkiei esker kasu hori mundu osora zabaldu zen.
Tolosan agintzen Jesús Muñecas kapitaina zegoen, oso ezaguna Euskal Herrian zeukan torturatzaile historial luzeagatik –1968an Zarauzko kuartelean Andoni Arrizabalaga Itziarren semea txiki-txiki eginda utzi zuen, esaterako, eta gaur egun oraindik kasu gehiago ari gara ezagutzen–. Tejero, Donostiako komandantzia nagusiaren buru gisa, Muñecasen gainetik zegoen. Eta Arangoaren kasuaren eskandalua lehertu zenean hura atxilotzea agindu ziotenean, ez zuen agindua bete. Biak ala biak oso lagunak ziren. Biak aberri salbatzaileak.
Eta Madrilen
Bata zein bestea lekuz aldatu zituzten. Eta handik bost urtera Madrilen egin zuten berriz ere topo, Kongresuan. Tejerok se sienten, coño esan zuen, Muñecasek La autoridad competente, militar, por supuesto. Espainiako historia ilunera pasako diren esaldiak, biak ere.
Gerra kontseiluan epaituak, apenas egin zuten denbora labur bat kartzela militarretan ostatu hartuta. Gero, bata hondartzan, bestea hipika lehieketetan. Tejero hil dago, Muñecas bizirik.