Antonio Basagoiti: "PPkoa naiz eta EAJk gauza onak egin dituela onartzen dut"

  • Antonio Basagoiti PPren lehendakaritzarako hautagaiak eman zion asteazkenean amaiera Deustuko Unibertsitateak antolatutako Giza Zientziak.Gipuzkoa XXI foroaren lehenengo atalari. Bere politika-pop delakoarekin bat datozen ideia liberalez beteriko hitzaldia eman zuen Donostiako campusean. Hark esandakoekin ados egon ala ez, unibertsitatean bildu ginen ikasle askoren iritziz, aurreko astean mintzatu zen Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiari partida irabazi zion Basagoitik.


2008ko azaroaren 07an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02

 

Foroaren baitan egindako aurreko hiru hitzaldietan baino askoz jende gehiago bildu zen Basagoitiren agerraldia ikusteko. Forman ez zuen ezer berririk aurkeztu. Ohikoa denez, kanpaina egiteko aprobetxatu zuen. Horrelako foroei izen orokorregia (kasu honetan Ekintza politikoa eta herritarrak) jartzearen ondorioa izan liteke. Hala esan zuen Patxi Lopezek pasa den astean, horrelako aukeraren aurrean politikariek nahi dutena esateko aprobetxatzen dutela gaineratuz.

 

Hala ere, Patxi Lopezen mitina ez bezala, prentsaurrekoaren antza hartu zuen Basagoitiren hitzaldiak. Gehienbat, bere kanpainaren helburuak eta egitasmoak aurkeztu zituen, aukerarik onena bera zergatik den argitzeko. PPk normalean erakusten ez duen jarrera irekia erakutsi zuen Basagoitik, eta ez bakarrik edukian (emakumearen egoera, gazteak, enplegua eta abar), baizik eta entzuleekiko izan zuen jarreragatik ere, entzuleekin hitz egiteko, autokritika egiteko eta bere etsaien bertuteak onartzeko borondatea erakutsi baitzuen: “EAJk gauza batzuk oso ondo egin ditu eta hori onartzen dut, baina ideiarik gabe gelditu dira eta orain autodeterminazioan pentsatzen dute bakarrik”. Bere ustez, “Estatu Batuetan egin duten antzera, Euskadik ere aldaketa behar du”.

 

Zentzu horretan, edonorekin hitz egiteko prest aurkeztu zuen bere burua, iraganean ikuspuntu ezberdina zuten pertsonekin hitz egin zuela gogoraraziz. Basagoitik harritu egin ninduen. Onerako, gainera. Politikari ona dela erakutsi zuen; bere ideiekin ados egon ala ez, ideia horiek berak argi dituela onartu beharra dago. Aurreko astean, Patxi Lopezek, sinestea kostatzen zen mozorroa zeraman. Gazteokin konektatu nahi izan zuen, komentario ironiko eta barregarrien bidez, baina artifizialegi geratu zitzaion.

 

Honetatik ondorio bat atera daiteke. Politikariei foroetan hitza ematen bazaie, kanpaina egiteko baliatuko dute. Euren helburuak lortzeko eraginkorra dela ikusita (Lopezen kasua salbu), ulergarria da horrela izatea. Baina eragin kaltegarria du, foroen izateko arrazoia usteltzen duelako. Konponbidea izenburu zehatzagoak jartzea izan liteke? Batek daki!


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude