“Mariturriko lau blokeetan antolatuta gaude eta presioa egingo dugu, beraiek egiten duten bezala”

  • Gasteizko Mariturri auzoko lau bloketan bizi diren auzokideek eta hiriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak agerraldia egin zuten iragan astean. La Caixaren Obra Sozialak eraiki eta “alokairu eskuragarrian” jarri zituen 96 etxebizitzak Fairley putre funtsarenak dira gaur, eta salatu zuten jabe berriak maizterrak kanporatu eta etxebizitzak garestiago alokatu edo saldu nahi dituela. Presioak, abusuzko klausulak edo iruzurrak salatu dituzte, eta mobilizazioak iragarri. Cristina Marlievich eta Claudia Cardona Patiño bizilagunekin mintzatu gara.

Cristina Marlievich bizi diren etxebizitza blokeak seinalatzen, eta Claudia Cardona. ARGIA CC BY SA

2026ko urriaren 25 - 20:09
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Marlievich 2021etik bizi da Mariturriko blokeetan, hiru seme-alabekin batera. Cardona 2015ean heldu zen bertara eta bi seme-alabekin bizi da, “eraikina estreinatu zutenetakoa naiz ia-ia”. 2013an inauguratu zituen La Caixa banketxeko Obra Sozialak lau blokeak, eta zozketa bidez esleitu ziren etxebizitzak “alokairu eskuragarrian”. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, La Caixak blokeak altxatu zituen 2008ko “krisia baliatuta” higiezinak eta lurzoruak merke erosteko politikaren barruan. Baina 2025ean eta, kontrara, “desinbertsio estrategia” orokorraren barnean, blokeak saldu zizkion Farley ITG SL putre funtsari. Bizilagun batzuen alokairu kontratuak udan amaitu dira, eta 2026 amaieran, 2027 hasieran, 2028an, 2029an... iraungiko dira. Farleyk ez du kontratuak berritzeko asmorik, eta maizterrak kanporatzeko presioa egiten ari da.

La Caixaren abusuak

Baina abusuak ez dira Fairleyrekin hasi, Marlievichek eta Cardonak azpimarratu dutenez. Jabea La Caixa eta kudeatzailea Fincas Uriarte ziren garaian hainbat “bidegaberia” inposatu zizkietela salatu dute, normalean jabearenak diren hainbat gastu eta ardura maizterren eskuetan utzita. Adibide batzuk eman ditu Cardonak: “OHZ ondasun higiezinen gaineko zerga guk ordaindu behar dugu, baita eraikinaren inspekzioak, komunitate kuota, galdararen aseguru bat, urteko 160 eurokoa, edo etxearena ere”.

“OHZ ondasun higiezinen gaineko zerga guk ordaindu behar dugu, baita eraikinaren inspekzioak, komunitate kuota, galdararen aseguru bat edo etxearena ere”

Etxearen asegurua halabeharrez La Caixan bertan egin behar zutela ere adierazi zietela ziurtatu dute. “Ez zizuten pistola buruan jartzen, baina zauden egoera, parean jartzen dizutena onartzen duzu”, dio Marlievichek aipatu baldintzez. “Abusuzko” neurri horiek eta beste batzuk –esaterako, alokairuak justifikaziorik gabe igotzea edo ez-ordaintze aseguru bat ordainaraztea–auzitegietan salatu dituzte bizilagunek. “Sindikatuarekin helegiteak aurkezten ikusi dugu”, dio Marlievichek.

Erosteko prezioak eta promesa faltsuak

2024an, bat-batean, alokairuaren ordainketa ez zien pasa La Caixak. “Gure artean hasi ginen, ‘zuri pasatu dizute? Niri ere ez?’, deitu eta esan ziguten lasai egoteko, eta etxebizitzak erostea eskaini nahi zigutela”. Cardonak dio 302.000 euroko prezioa eman ziotela lehenbizi, sei hilabeterea, 207.000koa, eta ondoren 170.000. Marlievichentzako azken eskaintza 160.000koa izan zen. Biak azaldu dute ezinezkoa dutela hori ordaintzea: “Zein banketxek emango digu kreditua gure adinarekin eta gure soldatekin? Batek ere ez”.

Cardonak dio 2015ean Mariturrin alokairuan bizitzen hastean, La Caixak ziurtatu diola etorkizunean etxebizitza erosteko aukera izan zezakeela, eta hori egitekotan, aurretik alokairuan ordaindutako dirua kontutan hartuko zela. Erostea proposatu zidatenean, galdetu nien, ‘eta urte hauetan guztietan ordaindutako dirutza?’; “Ez da kontutan hartzen’, erantzun zidaten”.

Urriaren 19an haien egoera salatzeko eta mobilizazioak iragartzeko agerraldia egin zuten bizilagunek eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Gedar

Fairley putre funtsa

2025ean La Caixak Fairley putre funtsari saldu zizkion lau blokeak osorik. Funtsak jarraian jakinarazi zien ez zituela “alokairu eskuragarriak” berrituko. Bizilagunek eta sindikatuak egindako agerraldian salatu zutenez, enpresaren asmoa da etxebizitzak saldu edo logelaka alokatzea, etekin handiago ateratzeko.

Marlievichek eta Cardonak Fairleyren presioak salatu dituzte. Posta bidezkoa, telefonoz, etxera bertaratuta... Esaterako, Marlievichek dio presio egin ziotela eros dezan, baina preziorik zehaztu gabe. “Ezetza eman nion. Denbora batera gizon bat agertu zen etxean aurreabisurik gabe, esanez une horretan erabaki behar nuela erosi edo ez. Esan nion ez nuela horrelako erabakirik hartuko, eta ezjakin deitu zidan”.

“Batzuk dirua onartu eta alde egin dute, 6.000 euro, 7.000... alde egin, eta gero ez diete dirua eman!”

Enpresaren beste estrategia bat maizterrei alde egitearen truke dirua eskaintzea da. Abuztuan Cardonari 10.000 euro eskaini zizkioten, “hilabete pare batean alde eginez gero”. Ezetz esan zien, “hori gaurko asea eta biharko gosea da”. 645 euro ordaintzen ditu alokairuagatik Cardonaren familiak, “1.200 euro ordaintzera pasa beharko nuke etxe berri batean? Eta hori, aurkitzekotan”. Are gehiago, iruzurra salatu dute bi emakumeek: “Batzuk dirua onartu eta alde egin dute, 6.000 euro, 7.000... alde egin, eta gero ez diete dirua eman!”.

Bitartean, etxeetan eta espazio komunetan ez du hobekuntzarik edo konponketarik egiten enpresak, eta gero eta arazo gehiago daudela salatu dute bi maizterrek. “Deitzen duzu telefono batera konponketaren bat egin behar dela eskatzeko, eta deitzeko beste norabaitera, hara deitu eta beste batera, edo telefonoa hartu ez... nahita egiten dute”.

“Gizarte osoaren laguntza behar dugu, baina amaiera arte borrokatuko dugu”

“Amaiera arte borrokatuko gara”

2023an hasi ziren antolatzen Mariturriko bizilagunak, etxebizitza sindikatuarekin batera, eta ordutik hainbat gauza egin dituzte. 2024an mobilizazioak egin zituzten edo 2025ean “abusuzko klausulak” epaitegietan salatu eta ordaindutako dirua bueltatzea eskatu zuten. Orain, amaitzear edo amaituta dauden alokairuen luzapena lortzeko izapideak egin dituzte, 2026ko martxoko Espainiako 8/2026 Dekretuan oinarrituta edo Gasteizek eremu tentsionatu izendapena duela baliatuta. Larunbatean asanblada irekia egin zuten auzoan, eta azaroaren 6an mobilizatzera deitu dute.

“Antolatuta gaude, gure artean eta sindikatuarekin, presioa egingo dugu, beraiek egiten duten bezala”, dio Marlievichek, “Iruzur egin digute, gaizki tratatu gaituzte”, diote, haserre. “Gizarte osoaren laguntza behar dugu, baina amaiera arte borrokatuko dugu”, ziurtatu du Cardonak.


Etxegabetzeak kanalean gehiago
2026ko urriaren 28
Ekarpena

2026ko urriaren 12
BARRA WARROAK
Arratoiak eta gezurrak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.