argia.eus
INPRIMATU
Antartida arriskuan jar dezake bere aberastasunak
2004ko otsailaren 21

Jon Torner jontorner@argia.eus Itsaso, ibai, mendi, baso, oihan zein basamortuen etsai handiena gizakia da. Haren presentziak kalte izugarriak eragiten ditu ingurugiroan eta babes neurri zehatzak hartzen ez direnean (sarri, baita hartzen direnean ere) naturak sufritzen dituen erasoak lazgarriak izan ohi dira. Orotariko interesek bultzatuta, etengabe jipoitzen dugu ingurunea. Interes ekonomikoek berebiziko garrantzia dute honetan guztian. Batez ere multinazionalen interesek, euren hatzaparrak toki askotara iristen baitira. Baita Antartidara ere. Ingurugiroak jasaten duen edozein aldaketarekiko sentikorrena den planetako lurraldea konpainia askoren (batez ere enpresa farmazeutikoen) helburu bilakatu da, haren lurrek dituzten materialek aplikazio ugari izan ditzaketelako. Horregatik, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) kontinente izoztuaren esplotazio komertziala erregulatzeko neurriak hartu nahi ditu. Antartida ez da inorena Antartida biologikoki oso aberatsa da eta hainbat erabilera duen material genetiko ugari aurki daiteke bertan. Jakiak izozturik mantentzeko nahiz kirurgiara eta kosmetikara bideraturiko produktu berriak asmatzeko aukera eskaintzen dute mikroorganismo horiek. Beraz, ez da harritzekoa multinazionalek begiak harantz ere zuzendu izana. Antartidak gero eta konpainia eta zientzialari gehiago erakartzen dituela oharturik, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) lurralde hura babesteko araudi berezia sortzea proposatu du. Araudi hori beharrezko bihurtzen duten faktoreen artean Antartidaren egoera administratiboa da garrantzitsuenetarikoa. 1961az geroztik 45 herrialdek kudeatzen dute Antartida, baina inork ez du haren jabetza. Antartida ez da inorena. Horrek kezkatzen ditu gehien gai hau ikertu duten NBEko Unibertsitateko Ikasketa Aurreratuen Institutuko (UNU/IAS) zientzialariak. Uste baino aberatsagoa da UNU/IAS-eko Sam Johnston eta Dagmar Lohah zientzialari australiarrek gai honi buruzko txostena aurkeztu berri dute Malaysiako Kuala Lumpur hirian, Dibertsitate Biologikoari buruzko NBEren Zazpigarren Konferentzian. Diotenez, "Antartida ez da itsaso zabala bezalakoa. Ez da lurralde internazionala, baina jurisdikzio nazional bati ere ez dagokio. Bertan diharduten gobernuek material genetikoa balioztatu eta haren ustiaketaren balioa kalkulatuko duen protokoloa garatu beharko lukete". Bestalde, txostenak jasotzen duenez, "FDAren (merkatu farmazeutikoa arautzen duen agentzia estatubatuarraren) zigilua duten minbiziaren aurkako sendagaien %62 produktu naturaletatik dator". Ikerketa genetikoen emaitza diren kosmetikoen merkatua 100.000 dolarretara heltzen dela kontuan izanik, ez da harritzekoa sektore pribatuak bioprospekzioan gero eta interes handiagoa izatea. Interes honen erakusgarri dira Antartidako lurrak esploratu eta ustiatzera bideraturik dauden patente gero eta ugariagoak. AEBetan esaterako 150 baino gehiago aurkeztu dira eta Europako Batasunean 60 inguru. Gutako askorentzat basamortu zuri bat besterik ez den kontinenteak aberastasun franko eskaintzen duela konturatzen gara horrela. Bertako alga berdeak, legamia beltza eta abarrek erabilpen ugari izan omen ditzakete. Besteak beste, minbiziaren kontrako produktuak, tumoreen neurriak txikitu ditzaketenak, jakiak izozturik mantentzea posible egingo dutenak, antibiotikoak eta kosmetikoak garatu ahal izango dira Antartidan eskuraturiko produktu naturaletatik abiatuz. Muturreko baldintzak jasan ditzaketen materialak Antartidak dituen altxorretako batzuk muturreko baldintzak (beroa, hotza, argirik eta konposizio kimikorik eza...) jasateko gai diren organismoak dira. Organismo hauek izozte muga baino beheragoko tenperaturei aurre egin diezaiekete, baita 100 gradu zentigraduri ere. Kosmetika, medikuntza eta elikadura-industriaren esparruetan erabilpen ugari izan ditzakete eta jada hainbat konpainia hasi dira organismo horiek ustiatzen. Kontinente izoztuan aurkitu den beste mikroorganismo bat glikoproteina da, izoztea galarazten duen organismoa, alegia. 70eko hamarkadan aurkitu zuten Illinois-eko Unibertsitateko ikerlariek Antartidako arrain batzuetan. Glikoproteinari esker jakiak izozturik mantendu ahal izango lirateke eta kirurgian eta piszikulturan ere aplikazio ugari izan ditzake. Antartidak eskaintzen dituen altxor txiki hauek multinazional ugari erakarri dituzte, eta NBEak material genetikoen jabegoari, patente-jaulkipenari edo ingurugiroaren babesari buruzko nazioarteko legeak urratu ez daitezen hainbat neurri hartzea proposatu du. Planetaren beroketaz gain Antartidak etsai gehiago izan ez ditzan beharrezkoa da neurriok hartzea. Hartuko diren ordea beste kontu bat da. Helbide interesgarriak: COMNAP. Mundu osoko herrialdeek Antartidan garaturiko ekimenei buruzko gunea. Scientific Committee on Antarctic Research. Nazioarteko Zientzia Kontseiluaren (ICSU) baitan dagoen batzordea. Besteak beste, Antartidaren hainbat datu biltzen du. Antarctic and Southern Ocean Coalition. 40 herrialdetako 240 Gobernuz Kanpoko Erakunde biltzen dituen erakundearen web gunea. Antarctican.com. Antartidari buruzko informazioa. Hainbat herrialdek Antartidan garaturiko proiektuei buruzko guneak: Australia Britainia Handia Argentina Belgika Kanada Txile Frantzia Alemania Italia Amerikako Estatu Batuak Japonia Txina Zelanda Berria Errusia Norvegia Uruguay Hego Afrika