2003ko martxotik 2004ko urtarrilera bitartean, maitale izan ziren Annie Ernaux eta Marc Marie. Aldi horretan, bularreko minbiziaren tratamenduan egon zen Ernaux. Erabaki zuten maitasun istorioa erretratatzea, eta argazki horien inguruan idatzi eta testuak trukatzea; hamalau irudi, oroitzapen eta pasarte gehiago biltzen ditu Katakraken itzulpen lan berriak.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Hamalau argazki, hamalau oroitzapen fotografiatu biltzen ditu Argazkiaren erabilera (Katakrak, 2026) liburuak. Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) eta Marc Marie (Boulogne-Billancourt, 1962) maitale izan ziren hamar hilabetez, 2003tik 2004ra. Ernauxi bularreko minbizia atzemana zioten, eta maitasun istorioaren bitarte horretan, barruraino murgilduta zegoen tratamenduan. Erabaki zuten harremanaren paisaiak fotografiatzea, zapaldu zituzten etxe, hoteletako logela eta tabernak erretratatzea, eta horiek gero testuz hornitzea. Bakoitzak beretik, oroitzapenak hitzetara ekarri zituzten. Liburuan, kapituluz kapitulu, argazkiaren ostean, lehen oroitzapen-testua Ernauxek sinatzen du, eta bigarrena Mariek.
Leire Lakasta Mugeta (Iruñea, 2002) itzultzaileak euskaratu du argitalpena, Katakrak argitaletxearen enkarguz. Argazkiek duten esanahi handiaz mintzatu da Lakasta prentsaren aurrean: “Kuriosoa da nola, argazki batetik abiatuta, bi maitaleren gogoetak eta pentsamenduak ikusten ditugun; batzuetan nola bide diferenteak hartzen dituzten, eta bestetan gertuagoko ikuspegi batetik bizi dituzten”. Kasurako, eta ezbairik gabe, bularreko minbiziak presentzia handia du maitasun istorioan; Lakastak ere hala esan du, Ernauxek dioela minbizia bera intruso izan zitzaiela momentu batzuetan: “Hirukote bat osatzen zutela dio une batean Ernauxek”. Intimitate ariketa bat da, finean, sexuaz eta maitasunaz mintzo direlako bi protagonistak, baina baduelako aldagai garrantzitsua, minbiziarena, hori ere gai tabua gizartean. “Ernauxek biak lotzen ditu; eta asaldura bikoitz bat da azkenerako”, adierazi du Lakastak.
Hedoi Etxarte editorearen esanetan, surrealistek nola, Ernauxek ere idazterakoan barreiatu zuen intimitatearen lurraldean. Ildo horretan ikusten du bikote harreman efimero horrek helduleku bat izan nahia, kasu honetan argazkia eta argazkiaren erabilera: “Gertatu den hori, nola kontatzen dio norberak bere buruari? Bien arteko talkak egon daitezke, material partekatuak, diferentziak... Horretan datza liburua; liburu hau irakur daiteke literatura irakurtzen den bezala, eta aldi berean erakusten digu, literaturak erakusten digun moduan, harremanak nola sor eta gara daitezkeen eraikitako moldeetan”.
Annie Ernaux, bederatzi aldiz euskaraz
Euskaraz argitaratzen den Ernauxen bederatzigarren lana da Argazkiaren erabilera. Katakrak argitaletxeak euskaratzen duen bigarrena. Aurrekoa ere, Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024), Lakastak itzuli zuen. Liburu hura, prentsaurreko honetan bezalaxe ARGIAri eskainitako elkarrizketan ere aitortu zuenez, edukiz “oso politikoa” zen. Solasaldi bat zegoen hor, email trukaketa bat, Ernauxen poetikaren inguruan gogoetatzen zuena: zertaz idazten zuen, nola egiten zuen...
Argazkiaren erabilera, berriz, beharbada ezaugarri ukigarriagoak dituen bilduma berezia da. “Tonua harrapatzea” izan da Lakastaren erronka: “Nola egin liburua atsegin, nola lurreratu euskal irakurleari, nola ekarri hizkuntza hori euskarara... Nolabaiteko leialtasuna baino, gehiago eduki izan dut buruan istorioaren tonua”.