Animalienganako tratu txarrak adingabeen artean sustatzeko lege-proposamena


2026ko maiatzaren 3an - 10:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

NBEko Haurren Eskubideen Batzordeak bigarren aldiz eskatu dio Espainiari adingabeak animalienganako edozein indarkeri edo sufrimendu mota erakusten duten ikuskizunetatik babestea; bai parte-hartzaile gisa, baita ikusle gisa ere.

Denok dakigu Espainian Vox eta PPk tauromakiarekiko daukaten zaletasuna. Ikuskizun krudel hauek galdu ez daitezen, eskola taurinoak mantentzearen aldekoak dira, haur eta gazteei zezen bat hil arte nola torturatu irakastearen aldekoak.

Euskal Herrian ere, gai honen inguruan bada eztabaida. Gure politikariak Espainiako eskuinaren ildo beretik doaz. EAJ eta PSE-EEren ustetan, herrietako jaietan animalien jazarpenean eta umiliazioan oinarritzen den ohitura gure artean iraunarazi behar den “ondare kultural immateriala” da. Ikuskizun bihozgabe hauek gure haur eta gazteen artean errotzeko, presako prozedura baten bidez, “Euskadiko sustapen-izaerako tradiziozko zezen-ikuskizunak arautzeko lege-proposamena” aurkeztu dute.

Iaz ere, prozedura bera erabili zuten adingabeak ehizan aritzeko lege-proposamenarekin. Adituei jaramonik egin gabe eta haurtzaroaren babesari garrantzirik eman gabe, gure txikiak eskopeta artean arriskuan utzi eta ehiza sektorearen interesen alde egin zuten.

Animaliekiko indarkeria euskarri duen kultura bat transmititzen jarraitzea ez da, inola ere, gizarte hobe bat eraikitzeko bide aproposena

Oraingoan, gure haur eta animaliak babesteko hutsune legal baten erregulazio beharra erabili dute politikariek aitzakia bezala. Baina ez dago hutsune legalik: gaur egungo araudiaren arabera, adin txikiko haur eta animaliek horrelako ikuskizunetan parte hartzea debekatuta dago. Berriz ere, adituek zezen-ikuskizun hauekiko desadostasun osoa adierazi dute, irizpide zein ebidentzia tekniko eta zientifikoetan oinarritutako argudio sendoak mahai gainean jarrita. Eusko Legebiltzarreko agerraldietan parte hartu duten albaitari, ikertzaile, hezitzaile, psikologo, mediku, biologo eta kriminologoen ekarpenek argi utzi dute: aurrera eraman nahi duten lege-proposamen honek ez ditu, inondik inora, haurrak eta animaliak babesten.

Jolas gisa aurkezten diren ekitaldi hauetan animalien ongizatea bermatzea guztiz ezinezkoa da. Indarkeria ez da hil edo zauritzea bakarrik, eta ikuskizun hauetan ematen dena tratu txarra da. Animaliek sufritu egiten dute; fisikoki eta psikologikoki. Beren taldetik banatuta, beraientzat ulertezina den jendez beteriko ingurune zaratatsu batean noraezean aurkitzen dira; larrituta, izututa, urduri... Oihu eta zalaparta artean ikaratuta, non gorde eta ihesbiderik ez duen esparru itxi batean iskin egin nahian dabiltzan animalia hauek. Kontuan izan ekitaldi hauen “xarma” zein den: adarka egiten saiatzen badira, bere burua defendatzeko premia bizia sentitzen dutelako da. Beraientzat ez da jolasa.

Aisialdi gisa antolatzen dituzten ikuskizun hauetan parte-hartzaileek animalien sufrimenduaren aurrean itsu jokatzen dute, haien estutasuna hoztasunez bizita. Are gehiago, dibertigarria iruditzen zaie. Mehatxatuta sentitzen den animalia bati jarraitzea, hura inguratzea, jazartzea, gogaitzea, gutxiestea, zirikatzea, amorraraztea, izorratzea…ez da inola ere, naturarekiko edo besteekiko errespetua, sentsibilitatea eta zaintza sustatzeko baliabide egokiena.

Badakigu gazteen garapenerako lehen urteak zein garrantzitsuak diren. Gure gizarteko esparru desberdinetan indarkeria arazo larria daukagu, eta bullying zein jazarpen kasuak goraka doaz. Animaliekiko indarkeria euskarri duen kultura bat transmititzen jarraitzea ez da, inola ere, gizarte hobe bat eraikitzeko bide aproposena. Haurrek besteekiko errespetuan eta enpatian oinarritutako hezkuntza bat jasotzeko eskubidea dute, eta eskubide hori bermatzea gure betebeharra da.

Antolatzaileek garbi utzi dute zaila dela ikuskizun hauetako parte-hartzaileen segurtasun osoa bermatzea. Proposamen honen eragileek ere, agerian utzi dute ekitaldi hauen helburua bideragarritasun ekonomikoa dela; adierazpen kultural bat baino gehiago, diru-iturri nagusia direla aitortuz.

Hori guztia ikusita, lege honek aurrera jarraitzen badu, politikariek argi utzi dute bost axola zaizkiela animalien, haurren eta nerabeen babesean adituak diren profesionalek emandako azalpen, argudio, datu, irizpide eta ebidentzia teknikoak zein zientifikoak. Garbi dago proposamen honen aurka herritarrengandik jasotako 40.000 sinadurak ere berdin zaizkiela. Nahiago dute animalien sufrimendua ardatz duen sektore ekonomiko baten interesen alde egin; beste behin ere, gure gaztetxoen kontura.

Yolanda Jimenez Sudupe

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.