PISA azterketak utzitako emaitza txarren harira, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi du ongi aztertu behar dela ikasketan hizkuntza izaten ari den eragina. Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak erantzun dio PISAren inguruko irakurketa ez dela euskarara mugatu behar.
Duela bi aste kaleratu baziren ere, PISA nazioarteko proba ezagunak Hego Euskal Herrian zein beste hainbat lurraldetan utzitako emaitza txarrek hautsak harrotzen jarraitzen dute. Horren inguruan mintzatu da Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia Euskadiko Gazteria Sozialistak –PSE-EEren gazte antolakundea– igandean eginiko hamabigarren kongresuaren ekitaldian.
Beste hainbat gairen artean, Anduezak PISAren emaitzen inguruan hitz egin du ekitaldi horretan, eta euskarazko murgiltze eredua jarri du fokuan. Nabarmendu du Euskal Herria "komunitate elebiduna" dela, eta ongi aztertu behar dela hizkuntzak duen eragina ikasketan: "Ikastetxeak ezin dira bihurtu soilik euskara irakasteko lekuak". Izan ere, PSE-EEko idazkari nagusiak dio Jaurlaritzaren ikerketek frogatu dutela ikasleek haien ama hizkuntzan ikasteak –euskaraz zein gaztelaniaz– emaitzak hobetzen dituela.
El Correo egunkariari eginiko elkarrizketan gauza bera esan du Anduezak: "Ezin dugu hezkuntza sistema duela hamabost edo hogei urte genuenaren baldintza berdinetan mantendu. Azken urteetako aldaketa soziologikoetara moldatu behar da". Gainera, EAJri eta EH Bilduri leporatu die "auzi identitarioa" lehenestea sozialaren gainetik: "Administrazio publiko eraginkor bat eraiki ordez, biek euskara eskakizunak areagotzea erabaki dute".
Pedrosaren erantzuna
Euskadi Irratiaren Faktoria saioan elkarrizketa egin diote astelehen honetan Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari. "Ez dakit zer esan nahi duen [Anduezak] horrekin", adierazi du PSE-EEko idazkariak PISAren inguruan eginiko adierazpenekin. Pedrosak azpimarratu du nazioarteko azterketaren inguruko irakurketak ezin direla euskarara mugatu: "Azken 40 urteetan ikastetxeak hezkuntza euskalduntzeko bitartekoak izan dira, baina baita beste gauza askotarako ere".
Ikasleek haien ama hizkuntzan ikasteko auziaren inguruan galdetuta, Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ez du murgiltze ereduaren defentsa zuzenik egin. Adierazi du murgiltze ereduaren inguruko hausnarketa bat egiten ari direla aspalditik: "Datuetan zein frogetan oinarritutako proposamen bat kaleratuko dugu horren inguruan". Pedrosak nabarmendu du aurrez aurre begiratu behar zaiela PISAren Hego Euskal Herriko emaitzei, ika-mikak baztertuta: "Ikastetxe guztiei heldu zaie mezu hori".