Andres Arizkorretari Gipuzkoako Urrezko Domina kentzeko eskatu dute Palestinaren aldeko hainbat ekintzailek

  • Andres Arizkorreta buru duen CAF enpresa gipuzkoarrak Israelekin "konplizitatea" duela salatu du BDZk, txu-txu trenean egindako ekintza baten bidez. Urrezko Domina kentzeko sinadura bilketa abiatu dute, baita otsailaren 7rako manifestaziora deitu ere.


2026ko urtarrilaren 19an - 07:37
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere Urrezko Domina eman zion CAF enpresa gipuzkoarreko presidente Andres Arizkorretari 2024ko urtarrilean, duela bi urte, Israelgo Estatua egunero ehunka palestinar hiltzen ari zenean. CAFek negozio handiak ditu Israelen, eta, genozidioarekin “konplizitate” hori salatzeko elkarretaratze jendetsua egin zuten egun hartan Palestinaren aldeko ekintzaileek, baita Ertzaintza beraien aurka oldartu ere. Urteotan, CAFen eta Israelen arteko negozioak salatzen jarraitu dute Palestinaren aldeko hainbat eragilek, eta hori bera egin dute larunbat eguerdian hainbat ekintzailek, BDZ plataformak deituta, Donostiako Askatasunaren hiribidean, txu-txu trenaren ibilbidean ekintza bat eginez.

Hain zuzen ere, txu-txu trena Askatasunaren hiribidearen eta Hondarribia kalearen arteko izkinara heltzean, ekintzaileek gelditu egin dute eta Arizkorretaz mozorrotutako gizon bat jaitsi da tren turistiko horretatik, Israeleko bandera batekin, CAFen zorro batekin eta dominarekin. Performance laburra izan da, zeinetan ekintzaile batek domina kendu dion balizko Arizkorretari.

Jarraian, errepidea mozten ari ziren ekintzaileek Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko eta Arizkorretari domina kendu diezaiotela eskatzeko irakurketa egin dute. Minutu gutxi batzuez, protestarengatik, zirkulazioa moztuta egon da. “Apartheidaren trenetik” jaisteko eskatu izan diete Palestinaren aldeko eragileek askotan CAFi eta erakunde publikoei, eta, gaurkoan, txu-txu trenetik jaitsi dute balizko Arizkorreta.

bdz1

Andres Arizkorreta CAFeko presidentearen imitatzaileari kendu dizkioten objektuak.Beñat Parra

Sinadura bilketa eta manifestazioa

Ekintzaileek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote “Andres Arizkorretari emandako Gipuzkoako domina berrikusi eta kentzeko”, eta sinadura bilketa abiatu dute horretarako, BDZren webgunean. “Milaka pertsona —tartean, milaka haur— erailak diren bitartean, ezin da krimen horien testuinguruan jarduten duen enpresa baten burua saritu. Apartheidaren eta kolonialismoaren gainean eraikitako negozioek ez dute ohorerik merezi”, gaineratu dute. 

Ildo beretik, gogorarazi dute “dominak balio demokratikoak, justizia eta herrien eskubideen defentsa” ordezkatu behar dituela. Aintzatespen hori mantentzeak, ordea, “gizarteak defendatzen dituen konpromiso etiko eta humanitarioen aurkako enpresa praktikak legitimatzeko mezua” bidaltzen duela deritzote. Horrela, “ez gure izenean. Ez ohorerik Palestinako genozidioaren konplizeentzat”, salatu dute.

Era berean, Israelen aurkako boikota, desinbertsioak eta zigorrak aldarrikatzen dituen BDZ plataformak manifestaziora deitu du otsailaren 7rako Donostian (12:00etan, Gipuzkoa plazatik), aldundiari eskatzeko Arizkorretari domina kentzeko. Hori dela eta, mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak gaurkoan.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Israeli boikota kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.