Ortuzar, EAJ: “Emaitza pixka bat hobeak espero genituen”

  • EAJko lehendakari Ortuzarrek abstentzioari eta boto baliagarriari egotzi dizkie emaitzak. Gehitu du Europa eta Euskadiren interesak bigarren mailan gelditu direla Espainiako bi alderdi nagusien jokoagatik.


2024ko ekainaren 10ean - 00:41
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Ortuzarrek azaldu du EAJk bete duela bere helburua eta Europako Parlamentuan Oihane Agirregoitia izango dela Euskadiren ahotsa.

Pena adierazi du parte-hartzea txikia izan delako. Esan du ez direla hauteskunde errazak izan Ceus koalizioarentzat, ezta EAJrentzat ere. Espainiako alderdi nagusiek hauteskunde orokorretako bigarren itzulia balitz moduan jokatu dutela azaldu du Ortuzarrek, Sánchez-Feijoo erreferenduma zirudiela, eta bigarren tokian gelditu direla Europa, Euskadiren interesak eta komunitate historikoak, zeinetan indarrik handiena duen Ceus koalizioak. Hala ere, hamabost eguneko kanpainan mezua zabaltzen tematiak izan direla adierazi du, eta hainbeste zarataren artean oihartzuna edukitzea lortu dutela.

Aitortu du emaitza “pixka bat hobeak” espero zituela alderdiak. Bere ustez, hautesle klasikoen zati bat ez da botoa ematera joan eta boto baliagarriaren ondorioz botoak biltzeko gaitasuna murriztu die. Kanpaina oso konplikatua izan dela gehitu du.

Oihane Agirregoitia: “Europan erdigunea babestuko dugu”

Oihane Agirregoitiak ETBk egin dion elkarrizketan adierazi du estatu mailako alderdien polarizazioak eragin diela eta Europaz nahi baino gutxiago hitz egiteko aukera izan dutela Espainiar Estatuak hartu duen protagonismoaren ondorioz. Aipatu du, baita ere, oraingoan Europara “zuzenean joatea” erabaki dutela, “Madrildik eta Kataluniatik pasa gabe”. Esan du “pozik” daudela ordezkaritza lortu dutelako, baina azterketa egingo dutela izandako emaitzez. Kazetariak Europan aurkituko duenaz galdetu dionean erantzun du Europan giro konplikatua dagoela, muturreko eskumak gora egin duela. Europan erdigunea babestuko dutela azpimarratu du, muturretatik aldenduta.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.