Amnesty Internationalek salatu du militarrek Ceutan migratzaileak torturatzen dituztela

  • Txosten batean berretsi du Ceutan dauden migratzaileek "torturak eta tratu txarrak" pairatzen dituztela, kasu gehienetan militarren eskutik, baina baita espainiar polizien eta Guardia Zibileko agenteen eskutik ere. Dokumentuaren arabera, marokoar emakumeek ere izaera sexualeko irainak eta umiliazioak jasaten dituzte, eta gaur arte 65 indarkeria matxista kasu salatu dituzte.


2026ko irailaren 30ean - 10:41
Azken eguneraketa: 12:39
Ibilgailu militar bat Ceutan. Samuel Vega / elDiario.es
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Militarrak Ceutara (Espainia) uztailaren 30ean eta 31n heldu ziren migratzaileak jipoitzen eta umiliatzen ari direla salatu zuen elDiario.es egunkari digitalak duela bi aste, hogei etorkinen testigantzak bilduta. Migratzaileen eta giza eskubideen aldeko elkarteek ere antzeko ehun eraso baino gehiago bildu dituzte. Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak, eraso horien bortizkeria maila areagotuta, berriki salatu du migratzaileek "torturak eta tratu txarrak" pairatu dituztela militarren –batez ere–, espainiar polizien eta Guardia Zibileko agenteen eskutik.

Hirian eginiko ikerketa landu batetik ateratako ondorioak asteartean argitaratu duten txostenean bildu ditu erakundeak, eta berretsi du etorkinek jasandako eraso bortitzak ez direla gertakari isolatuak, baizik eta "patroi bati" jarraitzen diotela, batez ere militarren eskutik. "Jipoiak, tratu umiliagarriak, jazarpena, diruaren eta telefono mugikorren lapurretak", erakundeak elkarrizketatu dituen 65 migratzaile baino gehiagoren artean, 22k salatu dituzte militarren eskutik pairatutako tratu horiek.

Marokoar migratzaile bat, militarrek Ceutan emandako jipoiaren ostean. elDiario.es

Kasu horietako batean, gainera, pertsona batek adierazi du eskuak bridekin lotu zizkiotela militarrek, ondoren borrekin eta ukabilkadekin jipoitzeko. Kolpeez gain, Amnesty Internationalek salatu du etorkinek bestelako "tratu umiliagarriak" ere pairatzen dituztela: esaterako, ilea motz-motz moztera behartzea, gauean lo egiten ez uztea eta oihal etxeetan dituzten elikagaiak lapurtzea. 

Txostenak marokoar emakumeen aurkako eraso matxistak ere bildu ditu. "Irain, umiliazio eta tratu matxistak" aipatu dituzte, eta jakinarazi dute uztailaren amaieratik 65 indarkeria matxista kasu –28 oraindik ikertzen ari dira– salatu dituztela, horietatik hamalau adin txikikoek jasandakoak. 

Legez kanpo itzuliak

Gatazkan murgilduta dauden herrialdeetatik alde egiten duten migratzaileek asiloa eskatu badezakete ere, ez da hori Ceutan dauden batzuen kasua. Izan ere, txostenaren arabera, hirian bi hilabete doazen arren, migratzaile askoren kasuan ez da abiatu asiloa eskatzeko prozesuko lehen urratsa ere: haiek elkarrizketatzea, zaurgarritasun egoera aztertzeko. Are gehiago, hiru yemendar legez kanpo eta indarrez itzuli zituzten Marokora.

"70 lagun inguru ilara batean jarri gintuzten, gehienak marokoarrak, eta nire besoa altxatu nuenean pasaportea erakusteko, militar batek borrarekin eraso egin zidan eta agiria lurrera bota", azaldu do yemendar horietako batek. Uztailaren 30ean eta 31n heldutakoen kontra soilik ez, denbora luzez Ceutan bizi diren pertsona arrazializatuen aurka ere zuzendu da indarkeria.

Zenbaitek salatu dute bizilagunek eta poliziek irain arrazistak egin dizkietela, eta ukatu egin zaiela zenbait dendatara eta supermerkatutara sartzeko aukera. Horrez gain, hirian egoera zaurgarrian jarraitzen duten milaka etorkinen egoera ere salatu du txostenak. Haren arabera, Gurutze Gorriak eta beste zenbait gobernuz kanpoko erakundek banatutako materiala eta elikagaiak ez dira nahikoa: "Askok gosea eta egarria edukitzen dute eta kalean baldintza penagarrietan egiten dute lo".

Jipoiak bideoetan

Duela bi aste migratzaileen testigantzetan zenbait jipoiren bideoak argitaratu ditu elDiario.es-ek: horietako batean, ikus daiteke bi militarrek, etorkin bat lurrera bota ostean, ostikoak ematen eta borrekin kolpatzen jarraitzen dutela. Bideo horien aurrean, Espainiako Gobernuak egunkariari adierazi dio "edozein motatako indarkeria" gaitzesten duela, eta ikerketa bat martxan jarriko duela gertakari horiek ikertzeko.


Arrazakeria kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.